Teknologia albisteak

Igartza sariketa, idazle gazteentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Elkar-CAF-Beasaingo Udala - Elkar
2004-03-22 : 09:03

Idazle gazteentzako VII. Igartza literatur bekaren deialdia egin da. Orain arte Gabiria, X. Etxeberria, Osoro, Morillo eta Elorriaga bezalako idazleak sustatzen eta plazaratzen lagundu dituen sariketa honek gure letrak aberastuko dituzten egile berriak deskubritzen eta promozionatzen segitu nahi du. Hona hemen aurtengo deialdiaren oinarriak eta sariketaren historia laburra.

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, VII. Igartza Literatura-Sorkuntzako Beka sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera.

Oinarriak:

1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, bakarka bi liburu baino gehiago argitaratuak ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2004-07-01ekoa) da.

3. Partehartzaile bakoitzak, lau aldakitan eta bere benetako izena agerian jarri gabe, ondorengo agiriak aurkeztu behar ditu bere proiektuarekin batera:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Gutunazal itxia, kanpoko aldean idazlanaren izenburua izango duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa (izanez gero), telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

4. Proiektuak, 2004ko uztailaren 1era arte bidal litezke helbide honetara:

VII. Igartza Literatura-sorkuntzako Beka
Euskara Zerbitzua
Udaletxea
Loinazko San Martin plaza
20.200 BEASAIN (Gipuzkoa)

5. Julen Gabiriak, Jasone Osorok eta Xabier Mendiguren Elizegik osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2004ko irailaren 10a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Bekako diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Beasaingo Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 75 bat orrialde gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Dirulaguntza jasotako idazlanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei?zazpi hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, Beasaingo Udalak erabakiko du.

OHARRA.- Edozein argibidetarako helbideak eta datuak: Beasaingo Udaleko Euskara Zerbitzua.- Loinazko San Martin plaza.- 20200 BEASAIN (Gipuzkoa). Telefonoa: 943 02 80 63. Faxa: 943 02 80 67.- Posta elektronikoa: euskera@beasain.net

Igartza Sariaren Historia

Igartza Saria, idazle berrientzako literatur sorkuntzako beka bezala, 1998 urtean sortu zen, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolaturik. Idazle gazteen lanari laguntzea da bekaren helburua eta, horrenbestez, deialdira aurkeztutako proiektuen artean bat aukeratu izan da urtero irabazletzat: idazle horrek, sariak berekin dakarren dirua jasotzeaz gain, urtebeteko epea du bere asmoa borobiltzeko, eta argitaletxearen bermea lan hori behar bezala plazaratzeko.

Zazpigarren urtea bete du dagoeneko Igartza Sari honek, eta esan liteke, bere historia laburrean, leku bat bereganatu duela dagoeneko euskal literaturaren barruan, bai irabazle gertatu diren idazleak egiten ari diren bideagatik, bai irakurleek obra sarituei erakutsi dieten estimazioagatik ere. Izan ere, edizio ugari izan dute orain arteko obra irabazle guztiek.

Lehenengo deialdian Julen Gabiria galdakaotarrak irabazi zuen saria eta, horri esker, Connemara gure bihotzetan nobela idatzi zuen, 2000ko urte hasieran kaleratu zena.

Bigarren deialdian, jasotako proiektuen kalitate handia zela-eta, sari normalaz gainera akzesit bat ematea erabaki zuen epaimahaiak. Hala, Xabier Etxeberria zarauztarrak -saritu nagusiak- Egun denak ez dira berdin eleberria idatzi ahal izan zuen, eta Jasone Osoro elgoibartarrak, berriz, Korapiloak izeneko ipuin eta poema bilduma. 2001eko martxoan argitaratu ziren biak.

Hirugarren aldian Fernando Morillo azpeitiarrak eskuratu zuen beka hau, eta haren laguntzaz idatzi zuen Ortzadarra sutan deritzan nobela, 2002ko udaberrian plazaratu zena.

Laugarren deialdian berrikuntza bat egin zen, sariketaren ibilbidea eta emaitzak kontuan hartuta bikoiztu egin baitzen dirulaguntzaren zenbatekoa, milioi erditik milioi bat pezetara; 6000 euro, zehatzago esanda. Laugarren urtean Unai Elorriaga algortarrari eman zitzaion saria (artean Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi gabe zegoela), eta aurtengo martxoan kaleratu du horren emaitza: Van't Hoffen ilea.

Bosgarrenean gauza bitxi bat gertatu zen. Oinarrietan bi muga ezartzen dira: 35 urte baino gutxiago izatea, eta bi liburu baino gehiago ez argitaraturik. Horren barruan posible da aurretik irabazitako batek errepikatzea, eta hain zuzen 2002ko irailean Julen Gabiriaren proiektuak eskuratu zuen saria, eta oraintxe kaleratu berri da Han goitik itsasoa ikusten da izeneko nobela.

Seigarren aldian Asel Luzarraga bermeotarrak irabazi du; hark idatzitako nobela datorren urteko udaberrian argitaratuko da, eta aurrekoen arrakasta bera opa diogu.

Zazpigarren deialdia, oraintxe bertan egiten dena.

Erantzun

Sartu