Teknologia albisteak
1

Pasaiako sarraskia 20 urte geroago

Erabiltzailearen aurpegia
Pako Aristi - Uztarria
2004-03-18 : 09:03

Datorren astelehenean, martxoaren 22an, 20 urte beteko dira Pasaiako sarraskia gertatu zenetik. Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistako lau kide hil zituen; bi iruñear eta beste bi azpeitiar. Pako Aristi idazleak gertaerak gogoratu ditu Uztarria Azpeitiko herri-aldizkarian eta kontakizuna hona ekartzea pentsatu dugu, duen interesagatik. Hona hemen kontakizuna oso-osorik: "113 zuloko oroimena: hogei urte ahanzturaren aurka borrokan".

Pasaiako sarraskia: hogei urte ahanzturaren aurka borrokan

Pasaiako sarraskia: hogei urte ahanzturaren aurka borrokan

Pako Aristi

Atzera begira jar gaitezen. 1984ko urtea ageri zaigu data seinalatu baten modura. Duela hogei urte Azpeitiaren historian izan den gertaerarik ikaragarrienetako bat ezagutu genuen, bertako bi seme balaz josita herrira ekarri zituztenean. Hogei urte asko dira, ordea, hura bizi izan genuenoi gutxi iruditu arren. Gaur egun azpeitiarren erdiak, gazte jendeak alegia, beharbada ez du jakingo Pasaian gertatua; entzungo zuen zerbait, edo ikusiko zuen Pasaiako sarraskiaren ez dakit zenbagarren urtemuga dela-eta antolaturiko kontzerturen bat, baina gertaeraren zehaztasunak faltako zaizkio. Izan ere, zaharragoak garenok hitz egiten al dugu gazteekin?

Komunikazioaren aroan gauzak kontatzeko joera gero eta urriagoa dela iruditzen zait. Horretara gatoz ondorengo orriotan. Gertaera izugarri baten berri ematera. Hilketa anker bat kontatzera. De-mokraziaren aroan, gauaren ilunean, inpunitate osoarekin dozenaka poliziek lau euskaldun armarik gabeak nola fusilatu zituzten agertzen duen kronika krudela kontatzera. Krudela izanagatik ere, ezinbestez jakin beharrekoa dena gure herriaren historia ondo ezagutu dezagun.

OTSAILAK 23

Gehienetan istorio baten hasiera ez da aurkitzen gertatu zen une hartan, lehenago baizik. Gertaerak aurrez emandako beste pauso batzuen ondorio izaten dira maiz, eta lotura horiek ulertzeak gertaeraren funtsa ulertzea errazten du.

1984ko otsailaren 23a hauteskunde garaia zen Euskal Herrian. EAJ zegoen hemen agintean, Carlos Garaikoetxea lehendakari zelarik. Madrilen Felipe Gonzalezen PSOEk agintzen zuen. GAL, polizia eta mertzenarioek osatutako taldea, estatu terrorismoa egiten zuena, epaiketa batzuetan frogatu denez PSOEren baitan eta haren babesarekin sortutakoa, hasia zen Iparraldean euskal militanteak bahitzen, torturatzen eta erailtzen.

ETA militarrak politikorik hiltzen ez zuen garaian, Komando Autonomoek Enrique Casas PSOEko senadorea eta alderdiko Antolakuntza idazkaria hil zuten Donostiako bere etxean. Autonomoen iritziz, Casas zen GAL taldearen sortzaile edo ideia eman zuenetako bat; Casas eta Txiki Benegas ziren errepresioaren areagotzearen giltzarri, eta Madrilen ez zen erabakirik hartzen haien oniritzirik gabe. Ekintza horrekin mezu bat bidali nahi izan zioten Felipe Gonzalezi eta PSOEri.

Casasen heriotzak, ordea, autonomoen aurkako jarrera —lehen baino are gehiago— zabaldu zuen gizartean. Herri Batasunak ere kondenatu egin zuen ekintza, kontraesan gogor bat erakutsiz: euskal militanteak hiltzen zituen GAL taldearen sortzaileetako baten alde agertzea. Greba orokorrera deitu zuen Herri Batasunak beste alderdi guztiekin batera, eta garbi geratu zen ETAk ez zuela begi onez ikusten bere jerarkiaren mende ez zegoen borroka armaturik.

Madrileko gobernuak Euskal Herrian zeukan piramidearen gailurra jo zuten autonomoek; euren ekintzarik sonatuena, indartsuena izan zen, hildako pertsonaren maila politikoa kontuan hartuta. Baina ekintza hura izan zen autonomoen indarrak ahulduko zituena, haien bakardadea gero eta garbiago erakutsiko zuena, ezker abertzaleak babesik gabe utzi zituelako. Eta bestalde, Madrileko gobernuak ekintza hura garbitu nahi zuen lehenbailehen, bere indarra erakusteko. Hurrengo asteetan poliziaren eginbeharreko lanen zerrendan lehen tokia hartu zuen Casasen hiltzaileak aurkitzea.

MARTXOAK 18

Rosa Jimeno oriotarra da. Egun horretan Donostian zen. Autoa aparkatzen ari zela bi gizonezko hurbildu zitzaizkion, normal jantzita, baina poliziak ziren, eta Polizia Nazionalaren Amarako egoitzara eraman zuten. Atetik sartu eta aurreneko gauza hormaren kontra bota zuten. Hortik aurrera torturak etengabeak, amaigabeak eta basatiak izan ziren: bainera egin zioten, poltsa jarri, elektrodoak, zartakoak telefono listinarekin... jipoitu egiten zuten, gero arnasa bueltatzeko denbora eman eta berriro egurra ematen zioten. Hauts zuri batzuk eman zizkioten urarekin nahastuta, drogak edo. Lau egun pasatu zituen han Rosak, ez zekiela gaua ala eguna zen; halakoxea zen mina, hiltzea ere nahiago zuela.

Gero tortura psikologikoa etorri zen. Iloba txikia ikastolan hasi berria zuen; esaten zioten egunen batean posible zela autoren batek iloba azpian harrapatzea. Okerrena hau zen: inork ez zekiela Rosa poliziaren esku zegoenik. Norbait atxilotzen dutenean esan egiten dute, eta kanpoan jendea mugitzen hasten da, abokatuak, senideak, lagunak, eta kanpoko presio horrek zertxobait behintzat arindu dezake barrukoaren samina. Baina Rosa bahitu egin zuten, berarekin nahi zutena egin eta berarengandik nahi zutena lortzeko.

Hasteko, pistola kopetan jarri eta etxera deitarazi zioten, aitzakiaren bat asmatuz egun batzuetan Donostian geratu behar zuela esateko. Hurrena lanera deitu zuen, Orioko Udaletxera, haiek ere lasaitzeko. Rosa fisikoki eta psikikoki puskatuta zegoen, eta berriro pistola begien aurrean jarri zioten: orain Iparraldera deitu behar zuen, komandokideekin hitzordua jartzeko. Rosak ahal zuen neurrian aguantatu zuen, baina bazekien basapiztia haiek gai zirela tiroa eman eta bazter batean botata uzteko. Gainera, uste edo itxaropen batek gidatuta egin zuen hitzordua: bere lagunak bizirik atxilotuko zituzten itxaropena zeukan. Iparraldera deitu zuen, alde batean telefonoa, bestean pistola. Egoera trankil zegoela eta lasai etortzeko esan zien lagunei. Rosari eragin zioten mina, eta gertaeren ondoren bizitza guztirako barruan geratu zaion samina ezingo ditugu inoiz imajinatu ere egin.

MARTXOAK 22

Iluntzeko hamarretarako egin zuen Rosak hitzordua komandoko lagunekin, Pasaiako badian dagoen leku batean. Aurreko orduetan sekulako polizia pila sumatu zuen komisarian, armak hartzen, txalekoak janzten, joan-etorrian. Rosaren kezka bakarra zen lagunei gertatuko zitzaiena, ea zer egin behar zieten galdezka ibili zen poliziei, bizirik uzteko eskatuz. Poliziek erantzun zioten atxilotu baino ez zituztela egingo, lasai egoteko.

Dena batu zen gau hartan komandoaren aurka. Osagai guztiak kalterako zituzten, eurak asko jakin gabe: Madrileko gobernuan zegoen alderdia mendeku gosez zegoen; poliziak libre zeukan nahi zuena egitea, jakinik egiten zutena eginda ere ez zela ikerketarik egongo, ez epaiketarik, ez zutela espetxean amaituko, aldiz, dominak jasoko zituztela; komandokoen konfiantzako kontaktua ere poliziaren esku zegoen; eta azkenik, komando autonomoek ez zeukaten apoio sozial handirik eta ez alderdi indartsurik atzean, adibidez greba orokorra antolatu eta gizartean istilu larriak eragin zitzakeenik. Egoera hartan, autonomoaren bizia merke zegoen, ia doan, esaterako.

Lapurdiko porturen batetik atera eta iluntzeko hamarretan iritsi zen zodiaca esandako lekura. Bost gizon zetozen bertan: Rafael Delas Txapas ezizenekoa, Jose María Izura Pelu, Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Joseba Merino. Txapas eta Pelu Iruñekoak ziren, Kurro eta Pelitxo azpeitiarrak, eta Joseba Merino donostiarra. Poltsa batean armak zekartzaten, baina bat ere ez soinean.

Lekua itsasertzeko zulo bat da, haitz labainkorrak dauzkana, malkartsua. Poliziek goitik behera ikusten zituzten autonomoak, eta hauek ez zuten defenditzeko aukerarik izan. Ongietorria bikain prestatua zeukaten: inguru guztian poliziak non-nahi, fokoak prest, urpekariak ere bai, eta esandako tokian Rosa Jimeno zeukaten, soka batekin hanketatik lotuta.

Iritsi zirenean Rosak linterna bat piztu zuen hiru aldiz, hori baitzen seinalea. Hori egin ez balu bertan tirokatuko zuten neska. Iritsi ziren. Lehenengo Pelitxo azpeitiarra jaitsi zen, Kurro atzetik, eta Merino hurrena. Honek txakur bat zeraman lantxan, eta hura hartzera makurtu zenean hasi zen guztia. *“Alto policia”* entzun zuten. Tiro bakar bat ondoren, eta berehala sekulako tiro zaparrada. Fokoak piztu zituzten. Ordurako Rosari tira egin zioten sokatik eta polizia batek zaintzen zuen. Rosak aitortu du iritsiera une hartan saiatu zela lagunei abisatzen, baina ezin izan zuela, poliziaz inguraturik egon baitzen uneoro.

Lehen tiroketa horretan Pelitxo eta Pelu hil ziren. Bizirik atera zituzten Txapas, Kurro eta Merino. Eskuak buru atzean ipiniarazita, identifikatu egin zituzten. Merinori egozten zioten Casasen aurkako atentatuan parte hartu izana, eta hura bazterrera eraman zuten. Orduan hiru polizia aurreratu ziren Txapas eta Kurrorengana, bi metrailetekin eta bat eskopetarekin. “Orain hil egingo zaituztegu” oihukatu eta metro bat baino gutxiagoko distantziatik tiro egin zieten eta bertan hil. Lau hildakoen gorpuetan 113 bala zulo aurkitu zituen forentseak. Autonomoek ez zuten tiro bakar bat bota. Berriki polizia batek deklaratu du gau hartan ehun polizia baino gehiago zegoela Pasaiako badia zaintzen komandoaren zain.

Ez zitzaien ezertxo ere kostatuko denak bizirik atxilotzea, tiro bakar bat bota gabe gainera. Une hartan, hara hurbildu zen pasaitar batek ikusi zuen agente bat poliziaburu batengana hurbiltzen, esanez: “Nagusi, agindutako lana bete dugu!”. Agindutako lan hori zein zen asmatzea ez da zaila: denak garbitu, bat izan ezik. Bat hori bizirik behar zuten prentsaren aurrean Casasen hiltzaile bezala agertuz operazioaren arrakasta demostratzeko, eta bestalde, Merino izanik klandestinitatera pasatu zen azken kidea, informazioa atera nahi ziotelako autonomoek Hegoaldean zeukaten azpiegitura legalari buruz. Rosak hurrengo egunean ere ez zekien lagunak hilak zirenik. Haietaz galdetu eta erantzun zioten: “Hortxe daude, alboko ziegan, gero ikusiko dituzu”. Handik egun batzuetara, epailearen aurrean deklaratzen ari zela, jakin zuen lagunak hilak zirela.

MARTXOAK 23

Irratiak laster hasi ziren gaueko albistegietan Pasaiako sarraskiaren berri ematen. Irratian entzun zuen Kurroren amak albistea; han entzun zuen bere semearen izena hildakoen zerrendan. Sinetsi nahi ez eta ohera joan zen, eta goizean goiz jaiki, ea albistegiek zoritxarra konfirmatzen zuten ala ez. Bihozkadarik txarrena baieztatu zioten.

Gertaerak oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian. Bertsio ofizialak zioen *“Alto policia!”* esan zutela eta autonomoak tiroka hasi zirela. Beraz, Julen Elgorriaga gobernadore zibilak esan zuen bezala, enfrentamendua “saihestu ezinekoa” izan zen. Baina leku askotatik entzunarazi ziren bertsio ofiziala zalantzan jartzen zuten iritziak. Madrileko egunkari batzuek garai hartan ez zuten gaur egun Euskal Herriko gauza guztiei buruz duten kontrako jarrera itxia, eta El País-ek, adibidez, aipatu zuen Pasaian fusilatu egin zituztela komandokideak, atxilotu ordez. Carlos Garaikoetxea lehendakariak adierazi zuen nahita hil zituztelako zantzuak zeudela, eta ikerketa zabaltzeko agindu zion Barne sailburuari; martxan jarri zen ikerketa eta emaitzarik inoiz jakin ez duguna. Euskadiko Ezkerreko buruzagi Juan Mari Bandresek azalpenak eskatu zizkion Barne ministroa zen Barrionuevori. Hego Euskal Herriko gotzainek idazki bat plazaratu zuten bertsio ofiziala zalantzan jarriz. Bat-batean, hil ondoren, autonomoak ez zeuden hain bakarrik. Baina salaketak isiltzen joan ziren eta ahaztuta geratu ziren bihotz onez edo hipokresiaz betetako kaxoietan.

Joseba Merino eta Rosa Jimeno espetxeratuak izan ziren. Rosak lau urte eta erdi egin zituen barruan, eta Merinok hamazazpi urte eta erdi. Bi pertsona horien inguruan zabaldu izan dira esamesak eta akusazioak, eurak poliziarekin bat eginda ote zeuden adieraziz. Bi pertsona horiek asko sufritu dute, baina bazuten lasaitasun izpi bat barruan: zuzen jokatu zuten, inor saldu gabe, ezin izan zuten ezer egin lagunen bizia salbatzeko. Espetxean eman duten denborarekin ikusi da ez zirela poliziaren satorrak, baina batez ere hasiera-hasieratik haiengan sinestu zuen jendearen laguntzagatik atera dira aurrera euren kalbario latzean. Merinok esana da: “Hein handi batean, neuri egin zidan minik handiena bizirik ateratzeak, Poliziak bere alde erabili ninduelako”.

----

Erantzunak

Bordaberria
2004-03-21 : 18:54

Gaba horretan CCAA 4kideak erail zituztenean, bukatutzat eman zen elkarte horren aktibitatea eta ideologia.



Batzuk tiroz hil zituzten eta beste batzuk hitzez, orduko ezker abertzale "gogorra"k aurrera jo zuen bere zentralismo demokratikoarekin eta egi mesianikoekin.



Dena den autolakuntza, herri ekimena, militantismoa... euskaldunen senan (batzuetan bai behintzat) jarraitu zuen eta jarraituko du, eta emaitza onak emanez, Zumalaberen EGUNKARIA bezala.



Laster ekintza armatuak bukatzen direnerako, ideologia eta filosofiaren eremuan, gogoratu beharko ditugu Autonomoen asmoak.



Gehiago jakiteko, irakur "Autonomoekin solasean" Txalaparta editorialakoa.

Erantzun

Sartu