Teknologia albisteak

Elurrak ez du dena zuritzen: Linterna Gorria

Erabiltzailearen aurpegia
Linterna Gorria - bihotz bakartien kluba
2004-03-17 : 14:03

Duela 19 urte, 1985ean, Bilboko Arte Ederretako Museoaren aurrean, Gabriel Arestiren omenez, Gorbeiatik ekarritako haritza eta azalean poema zuen harria jarri zituzten. Baina kendu egin dituzte. Elurra urtu da eta zuritu ezinak agerian utzi ditu. Linterna Gorriak inoiz baino gehiago argitu gura du, berba-hiltzaileen sasoia amaitzeko ordua da.

Hirugarren ale honetan bi elkarrizketa batu ditugu: Julen Gabiriak eta Unai Elorriagak batak besteari egin dizkio galderak koherentziaz, olgetez, elipsiaz, Historia eta istorioez…
Jon Benito eta Xabier Gantzarain Harkaitz Canoren etxera joan ziren eta Pakistaneko tea hartzen zuten artean sorkuntzaz eta sortzaileaz, arteaz, New York eta Parisez…
Guztiak ere gazteak dira, baina badute esatekorik.

Julen Gabiriak gaur bertan ( martxoak 17) aurkeztu duen Han goitik itsasoa ikusten da eleberriaren pasarte bat utzi digu. Juan Luis Zabalak ezkertiar eta progre izateari utzi eta tele-zaborra aldarrikatu du. Maite Toledok Euskal Herria badenik ez dakien Agirretarrenean egondakoak dakartza gogora. Xabier Mendigurenek Trip bat egitea proposatzen digu, hori bai, autobusez, ez azidoz. Hemendik aurrera kontuan hartu beharrekoak Peru Magdalena eta Nerea Elorriaga Txamaneko kideen esanak.

Poematsu jatorku Linterna Gorria. Leire Bilbao, Anjel Erro, Maite Toledo, Rikardo Idiakez, Bostongo estazioko poemak, Peru eta Nerea, Edu Zelaietak aurki kaleratuko duen liburuan argitaratuko dituen batzuk eta Jose Luis Otamendiren ineditoak.

Laborategian Bilbo eta Aresti nahastu ditu Patxi Gaztelumendik eta emaitza noiz lortuko zain geratuko gara. Horrekin batera, Julen Gabiriak eta Unai Elorriagak ipuina osatu dute. Osatu diogu hiztegi bat hartu, edozein orrialdetan zabaldu, hatzamarrez berba bat itzartu eta kantuan jarrarazi dutelako.

Hitzei begietara begiratzea besterik ez dago zintzoak diren jakiteko.

Erantzun

Sartu