Teknologia albisteak
3

Madrilgo atentatuak ederki astindu zuen Internet

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-03-12 : 19:03

Lehen albisteak irratian entzun eta gero, jende askok ordenagailuetara jo zuen atzo, gehienak beren lantokietan, Internet bidez jasotzeko atentatuaren berri. Euskarazko hedabideetan nola gaztelaniazkoetan ere, trafikoa izugarri areagotu zen sarean.

Trafikorik handiena atzo goizean gertatu zen, eta horrek eragozpenak eragin zituen hedabide gehienetan, batik bat audientzia handikoetan. Hauetako batzuek banda zabalero handiagoa eman behar izan zioten webguneari, eta gehienek, arindu behar izan zuten agerkariaren azala, webgunea bizkortze aldera.

Euskarazko hedabide digitalak

Euskarazko hedabide digitalen artean atzokoa mugarri bat izan zen, nahiz eta ez zen iritsi Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko mailara, ez Sustaturen kasuan, behintzat.

  • Berria egunkariak arazo dezente izan zituen atzo goiz partean, arratsaldeko 15:00ak arte. Horrela jakinarazi digu Idurre Eskisabelek. Bisita kopuru handiak eraginda, datu baseak arazoak izan zituen denak kudeatzeko. Zerbitzaria ere ezinean ibili zen. Atzo sei aldiz bisita gehiago izan genituen, jeneralean baino. Egunean batez beste 6.500 bisita izaten baditugu, atzo, 38.600 izan genituen. Gaur, berriz, arratsaldeko 16:30ean 19.383 genituen, piska bat beherago, esan du Idurrek. Ingelesezko edizioak ere gora egin zuen nabarmen: ohiko 300 bisitak atzo 1.536 bihurtu ziren. Jendea etorri zen Madrilgo atentatuak erakarrita, baina gero albisterik bisitatuenak beste batzuk izan ziren, Carod Rovira eta Otegiren arteko bat, eta euskal politikari lotutako beste batzuk, gaineratu du Idurrek. Lau lagun ari dira Berria egunkariaren edizio digitala kudeatzen, bi kazetari eta beste bi teknikari. Pozik zeuden, hainbat jendek zoriondu dituelako, albisteari egin dioten jarraipenagatik.
  • Sareko Argiak kultura lantzen du batez ere, eta kanpaina honetan baita hauteskundeak ere, baina beraiek ere igarri zuten beste batzuetan baino trafiko trinkoagoa, beren argitalpen digitalean: Guk egunero izaten dugu 2.000 bat sarrera, batez beste. Eta egunean 10.000 orri inguru zerbitzatzen ditugu. Atzo, ordea, 3.000 bisita izan genituen, eta 20.000 orri zerbitzatu, esan du Eli Pombo, Sareko Argiaren arduradunak. Bera eta bere hiru lankideak gustura zeuden, Sareko Argiak izan duen ohiartzunarekin.
  • Sustatuk ere berehala antzeman zion trafiko ugari zebilela, lehen ordutik hasita, ordurako jakina baitzen atentatuaren berri. Eta horrek oztopoak eragin zituen nabigazioan. Hori konpontzeko, CodeSyntaxeko lagunek cache memorian jarri zuten azaleko informazio guztia, eta nabigazioa nabarmen arindu zen, nahiz eta, hori dela eta, egiten ziren aldaketak hainbat minutu behar izan, azalean agertzeko. Hilabete honetan astegunetako batez bestekoa izan bada 24.783 hit (hit bat da zerbitzariak jasotzen duen eskari bakoitza: orrialde bat, irudi bat, estilo orri bat, etab.), atzo izan genituen 63.464 hit, esan digu Josu Azpillagak. Hala ere, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten egunean baino bi aldiz gutxiago.

Gaztelaniazkoetan ere, berdin

Baina atentatua Madrilen gertatu zen, eta jende askok hango hedabide digitaletara jo zuen argibide bila. Interneteko Behatoki Espainiarrak adierazi duenez, atzo goizean kontsulta kopuruak sarean zortzi halakotu ziren. Espanix-ko kudeatzaileak, berriz, adierazi du trafikoa apur bat hazi zela, %3 edo %4, baina nola bisitarik gehienak bildu ziren hedabide gutxi batzuetan, arazoak sortu ziren.

  • El País egunkariak ireki egin zituen eduki guztiak sarean, eta horrela segitzen du gaur ere. Horrezaz gain, txikitu egin du azala erdira, berau arintzearren. Orain azalean agertzen dira bakarrik atentatuaren gaineko berriak. Egunkariak berak jakinarazi duenez, atzo egun osoan ia 20 milioi orrialde zerbitzatu zituen.
  • El Mundo egunkariaren edizio digitalak ere arindu eta laburtu behar izan zuen azala. Horrezaz gain, bost halakotu behar izan zuten banda zabaleroa, eskariari erantzun ahal izateko. Egunkariak berak emandako informazioak dio atzo goizean trafikoa hazi zela bere webgunean %300, eta egunean zehar milioi bat irakurle izan zituela, egun normal batean baino lau aldiz gehiago.
  • SER Irratiak ere, marka guztiak hautsi zituen. El Paísek jakinarazi duenez, atzo goizeko 09:00ak inguruan, 23.811 lagunek entzun zuten irrati hori Interneten bidez. Guztira 750.000 aldiz ireki zen playerra, irratia sarean entzuteko ireki beharreko programa. Jeneralean, ordea, gailurra izaten da kirol emanaldietan, non, asko jota, 100.000 bat aldiz irekitzen baita playerra.

Informazio gehiago nahi duenak atzoko egunak zer eragin izan zuen Interneteko hedabideetan, honako lotura hauetan egin lezake klik: El Paísen, El Mundon eta La Vanguardian.

Erantzunak

Joxe Aranzabal
2004-03-12 : 20:28

Bilatzaileak ere etengabe aritu dira lanean, Madrilgo atentatua dela eta. Horixe dio Google Dirson albistariak.


Idatziz gero “atentado madrid 11 marzo 2004” Googlen, jasoko ditugu 7.000 emaitza baino gehiago. Gauza bera eginez gero Yahoo! bilatzailean, 12.000 erantzun agertuko zaizkigu. Bada zerbait.


Amaia
2004-03-13 : 08:57

Bi egunean zehar El País egunkariak ireki egin zituen bere agerkari digitalaren edukiak, asetzeko jendearen informazio eskaria Madrilgo atentatuaren gainean. Gaur, berriz, lehengora itzuli da. Beraz, azala baino haratago ikusi nahi duenak, ordaindu egin beharko du.


Luistxo
2004-03-13 : 09:42

Bai, ElPais.es itxita, baina PRISA talde psoezalearen informaziorako, une honetan Cadena SER irratia izan daiteke gida hobea. Testu informazioa ere badute Cadenaser.com gunean, eta El Pais baino ausartago ere esango nuke (Jose Blanco, Zapatitos baino ausartago agertu den bezala edo).


Erantzun

Sartu