Teknologia albisteak
1

Joseba Iriondo, Esteponara

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-03-05 : 10:03

Datorren apirilean mintegi bat egingo da Esteponan, Gerra Berriemaileen gainean, eta hizlarien artean hantxe izango da Joseba Iriondo kazetari euskalduna ere.

Datorren apirilaren 29an eta 30ean mintegi bat egingo da Esteponan, Malagan, Gerra Berriemaileen gainean. Guztira 11 berriemailek emango dute beren lekukotasunaren berri, tartean Joseba Iriondo kazetari azpeitiarrak.

Joseba Iriondok 34 urte dauzka, kazetaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, baina dagoeneko eskarmentu handia du kazetari moduan. Hiru urtez ETBko berriemailea izan zen Madrilen. Eta 1999a ezkero berak aurkezten ditu, Maribel Aizarnarekin batera, eguerdiko albistegiak, ETB1ean. Hauteskunde kanpaina honetan, gainera, bera ari da alderdi politikoetako ordezkariak elkarrizketatzen euskarazko katean.

Gerra berriemaile

Gerra berriemaile moduan, Joseba izan da 2001eko irailaren 11 aitzakiatzat hartuta egin diren bi gerretan: Afganistanen eta Iraken.

  • Afganistanen bizi izan zituen talibanen azken egunak eta amerikarrek bultzatutako gobernu berriaren lehen uneak. Handik irudi bat ekarri zuen buruan irarrita: hango lagunen bizimodu latza, miseria gorria, Devorame digitalen adierazi zuen bezala.
  • Iraken, berriz, gerra hasi aurretik eta hasi eta gero izan zen. Azken astea kenduta, gainontzeko berrogeita hamar egunak Cedar izeneko hotel batean egin zituen, brigadistekin. Hala ere, hango esperientziak liburu batean isuri zituenean, honi Palestina Hotela deitu zion, hura baitzen bilgune nagusia kazetarientzat. Han bizi izan zuen unerik mikatzenetariko bat, alegia, José Couso kameralari espainiarra hoteletik atera zutenekoa, larri zaurituta.

Josebak berak adierazi duen legez, asko ikasi du esperientzia hauetatik: urrezko arau bat dago: lekura irtsi eta entzuten dituzun albiste gehienak gezurra baino ez direla. Hortik aurrera, saiatzen zara erdibideko irakurketak egiten, alde batek eta besteak diotenaren erdian kokatzen zure kontakizunak.

Mintegia Gerra Berriemaileen gainean

Joseba Iriondorekin batera, beste berriemaile hauek izango dira Esteponan:

  • Javier Bouluz
  • Mercedes Gallego (Vocento)
  • Mónica García Prieto (El Mundo)
  • Guillermo Gómez Hill (Panama)
  • Pedro Lázaro (Canal Sur)
  • Ramón Lobo (El País)
  • Fernando Mugika (El Mundo)
  • Bru Rovira (La Vanguardia)
  • Gervasio Sánchez (El Heraldo de Aragón)
  • Fran Sevilla (RNE)

Erantzunak

Bittor
2004-03-05 : 14:18

Joseba estimatzen dugunok pozik gaude. Euskal Herriaren aurkako gerra mediatiko-judizialaren berri emateko ere aprobetxa lezake agian.

Egunkaria Aurrera !

Erantzun

Sartu