Sustatu logoa Teknologia albisteak

Astelehenetik aurrera Goitb zuntz bidez

Goienak oso iritzi ona azaldu du akordio horren inguruan. Izan ere, aspalditik erakutsi zuen Euskaltelen eskaintzarekin bat egiteko interesa. Goienako zuzendari nagusi Inazio Arregik zera adierazi du: "Oso aurrerapauso garrantzitsua da guretako; izan ere, zuntz optikoa geroago eta etxe gehiagora iristen da, eta GOITBrendako ezinbestekoa zen eskaintza horren barruan egotea".

Euskalteleko Mikel Astorkiza arduradunak, bestalde, honakoa esan digu: "Uhin bidez GOITB jasotzeko arazoak zituzten lekuetarako konponbidea izango da. Era berean, zuntz bidezko telebista seinalea orain arte jasotzen zena baino kalitate hobekoa izango da".

Orain arte, Euskaltelek normaltasunez eskaini du zuntz bidezko zerbitzua —telefonoa, Internet eta telebista barne—, baina kontratatu duten etxeek GOITB ikusteko aukera galtzen zuten. Izan ere, GOITB uhinez ere hedatzen da —telebista kate generalistak bezala—, eta, kablea kontratatzen zuten etxeek, uhin bidez inongo telebista seinale jasotzeko aukera galtzen zuten. Hitzarmena sinatu eta azken lanak egin ondoren, ordea, arazo hori konponduta geldituko da.

Oinarrizko eskaintzan

Euskaltelek ibarreko herri handienetan —Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan— eginda dauka zuntz optiko instalazioa, eta gero eta etxe gehiagotan kontratatu dute zerbitzu hori. Urte bukaerarako, zuntz optikoa Gipuzkoako 158.000 etxetan egotea nahi du Euskaltelek; horietariko asko, Debagoienean. Hortik aurrera, Euskaltelen eskaintza hori ibar osoan —Antzuolan, Elgetan, Aramaion eta Leintz Gatzagan— ere hedatzea faltako litzateke, Debagoien osoan GOITB zuntz bidez ikusi ahal izateko.

GOITBren seinalea Euskaltel Leihoa izeneko zerbitzuan egongo da. Egin beharreko instalazio teknikoak doan dira; gero, hileko kuota jakin bat kobratzen diete erabiltzaileei. Zerbitzu horrek telefonoa, Internet eta telebista hartzen ditu, baina, era berean, telebista kate kopuru bat hartzea doan da. Goitb oinarrizko zerbitzuan doa

Euskararekin konpromisoa

Aste honetako hitzarmenarekin, horrenbestez, elkarrizketa eta irtenbide bilaketa asko ekarri dituen ibilbide bat bukatuko da, eta Goienak eta Euskaltelek euren elkarlanean urrats gehiago emateko prest egongo dira. Hain zuzen ere, Goiena 2002ko uztailean hasi zen zuntz optikoak zekartzan aukera berriak aztertzen, eta bere seinalea hor sartzea lortzeko ahaleginetan hasi zen.

Euskaltelek, bestalde, betidanik azaldu zuen konpromisoa euskarazko komunikabideak sustatze aldera, eta, hortaz, GOITB bere eskaintzaren barne sartzea denbora kontua zen. Lorpen hau behin eta berriro atzeratu dutenak arazo teknikoak izan dira, batik bat. Izan ere, Arrasaten du bere egoitza GOITBk, eta seinalea handik hartu eta Euskaltelen nodo edo gunera kable bidez eramateko arazo urbanistiko batzuk zeuden.

Zuntz optikoa

Zuntz optikoa da Informazio Gizarteak eskura ipintzen dituen zerbitzu eta komunikabide asko garatzeko eta jasotzeko modu bat. Euskaltelek honakoa dio: "Zuntz optikoa beste teknologia batzuen gainetik dago, ikus-entzunezkoak, telefonia eta Interneterako sarbidea bitarteko bakar batean eskaintzen dituelako". Horrela, bada, bezeroak zerbitzu horiek guztiak enpresa edo hornitzaile bakar batekin kontrata ditzake.

Euskaltelen iritziz, zuntz optikoak abantaila handiak dakartza telebista seinalea garraiatzeari dagokionez; izan ere, "interferentzia elektrikoek ez diote eragiten", eta seinalea "segurtasun handiz" doa hornitzailetik bezeroaren etxeraino. Astelehenetik aurrera, GOITB ere baldintza horietan jasoko dute Debagoieneko Euskalteleko bezero guztiek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu