Teknologia albisteak
1

Fauna oso bat, diseinu departamenduan

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-03-02 : 09:03

Esteponan ginela, Elio Leturia diseinatzaile perutarrak hitz egin zigun nolako jendez beteta dauden diseinu departamenduak. Kontua da diseinatzaileen artean ezezik, fauna hori nahiko unibertsala dela bestelako departamenduetan ere.

Elio Leturia Perun sortu zen, eta han hazi, baina gaur egun AEBetan egiten du lan, Detroit Free Press egunkari handian. Joan den ostiralean Esteponan izan zen, Goi Bileran, eta hitzaldi interesgarria egin zuen.

Esan zigun nola bere egunkarian diseinatu behar izaten duten “batzordean”, eta horrek nola behartzen dituen konpromisoetara iristera, batzorde horietan izaten baitira argazkilaria, diseinatzailea, editorea eta erredaktorea. Halaber, hitz egin zigun nolako arazoak aurkitu zituen Perutik heldu berritan, bere herrialdeko enpresa kultura eta AEBetan aurkitu zuena oso bestelakoak baitira.

Diseinatzaileak, fauna bitxia

Baina bere hitzaldiaren zatirik handiena eskaini zion azaltzeari nolako fauna aurkitu duen diseinatzaileen artean. Hauxe:

  1. Diboa. Edo dibo konplexua duena. Talentu handikoa, bakarrik egiten du lan. Ideiaren bat ematen badiozu, entzun bai, baina justu kontrakoa egingo du, zuk jaso ez dezazun lan horren osperik. Enpresak onartzen du, ona delako. Hala ere, behar du gauza guztien erdigunean egon, baina bakarrik egiten du lan, taldean txertatu barik.
  2. Alferra. Zain egoten da, dena prest eman diezaioten lanean hasteko. Emaizkiozu barruko orrialdeak (diseinu gutxien behar dutenak AEBetan), edo maketa aurrez erabakita dituztenak.
  3. Lausengaria. Koipe emailea, nagusiaren kutuna, sekula ez baitio ezetzik esango. Pasiboa eta konformista. Baina, kontuz: ez jakinarazi zure asmoen berri, jukutria galanta egin ahal dizu eta.
  4. Kexatia. Hori ez da urruti iritsiko AEBetan, baina bai Perun, adibidez, non kexatzea kirol nazionala omen den. Estatu Batuetan, aldiz, nahiz eta jendea diskonforme egon, ez du adieraziko lanean.
  5. Oldarkorra. Nahi du bere asmoek aurrera egin dezaten, kosta ahala kosta. Hori lortzeko, burruka egingo du mundu guztiarekin. Tentsioa sortzen du, nahiz eta lanean ona izan.
  6. Zerrotea. Gai da edozer egiteko, aurrera egitearren. Ez du eragozpenik izango zure oinazpiko belarra mozteko, amildegian eror zaitezen.
  7. Politikaria. Hauxe maite dute gehien korporazioek AEBetan. Badaki hitz egiten, ez du sistema zalantzan jarriko, eta kudeatzaile izan nahi du. Nahiz eta ez sinestu harengan, lagundu egingo dio bere nagusiari. Horietako batek esan omen zion: lanean sartzen naizenean, mozorroa jazten dut, eta irudi bat saldu. Eutsi zure ondoan, inoiz ez dakizu-eta iritsiko ote den zure nagusia izatera (barreak).
  8. Idealista. Sormen handia du, baina ez daki nola azaldu bere ideiak. Joan den hamarraldian, egunkari askok horrelako anitz hartu zituzten erti eskoletan, irudia eta irakurleak berreskuratze aldera, baina ez dute joko handirik eman. Ez dakite erredakzioa enpresa ere badela, dirua ere irabazi behar duena. Ideia onak izaten dituzte, beraz, profitatu haietaz. Hauek sufritzen dute gehien erredakzioetan.

Elio Leturia

Limako Unibertsitatean ikasi zuen kazetaritza. Ondoren master bat egin zuen Ikus-kazetaritzan, Illinoisko Unibertsiatean, AEBetan.

Diseinu zuzendaria izan zen El Comercio egunkarian, Perun. Hamar urtez, gainera, diseinu grafikoa irakatsi zuen Limako Unibertsitatean.

AEBetara joan zen Chicago Tribune egunkariak kontratatuta, zuzentzeko Exito izeneko aldizkariaren diseinua, aldizkari bat gaztelaniaz ateratzen zena.

Gaur egun Detroit Free Press egunkarian egiten du lan, eta hor arduratzen da sail berezien diseinuaz. Hemen ikus ditzakezue Elio Leturiak azken aldi honetan egin dituen zenbait lan.

Erantzunak

Goio Telletxea
2004-03-02 : 15:49

Jesus!!
Ados egon arren deskribapen horietako zenbaitekin, egongo da batenbat ezaugarri nagusi gisa batipat adjetibo txarrik ez duena ezta? Eneee!...badirudi piztiz josita dagoela diseinatzaileon mundua...je, je...

Diboa.
Alferra.
Lausengaria.
Kexatia.
Oldarkorra.
Zerrotea.
Politikaria.
Idealista.

Erantzun

Sartu