Teknologia albisteak
1

Lan egiteko eta ikasteko denbora murriztu dute EAEko biztanleek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Eustat
2004-02-25 : 18:02

Eustatek 2003an egindako inkesta baten arabera, Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleriak zenbait jarduerari eskaintzen dien eguneroko denboraren banaketak ez du aldaketa nabarmenik izan 1998tik. Idatzizko eta ikus-entzunezko komunikabideei egunero eskainitako denborari dagokionez, azken bost urteotan, bataz beste 15 minutu laburtu da.

Labur-labur:

  • 16 urte eta gehiagoko biztanleriak 11 ordu eta 50 minutuko batez besteko gizarte-denbora erabiltzen du behar fisiologikoetarako eta norbera zaintzeko, 1998an baino 16 minutu gehiago.
  • Egunero, lanean eta prestakuntzan 3 ordu eta 23 minutu ematen du.
  • Etxeko lanetan 2 ordu eta 23 minutu ematen du.
  • Gizarte-bizitzari 58 minutu eskaintzen dizkio (1998an baino pixka bat gutxiago).
  • Aisialdiari 3 ordu eta 56 minutu eskaintzen dio.
  • Joan-etorriei ordu 1 eta 8 minutu eskaintzen dio.
  • Etxeko lagunez arduratzeari 21 minutu eskaintzen dio.

Etxetik kanpoko otorduak

1998an baino 8 minutu gehiago eskaintzen zaizkie etxetik kanpoko otorduei eta %36 hazi da otordu horiek egiten dituen biztanleria.

Etxetik kanpoko otorduei eta mokaduei eskainitako denborak eragin du, batez ere, behar fisiologikoei eta norbera zaintzeari eskainitako denbora gehitzea. Partaide bakoitzak, batez beste, 1998 baino 8 minutu gehiago erabiltzen du, ordu 1 eta 13 minutu alegia.

Lotan ematen den denbora 8 ordu eta 45 minutukoa da eta ez da aldatu aurreko aldiaren aldean.

Lan esparrua

  • Biztanleria landuna: Azken bosturtekoan, astelehenetik ostegunera, 14 minutu urritu da biztanleria landunak egunero lan ordainduan ematen duen denbora.
  • Biztanleria ikaslea: Laburtu egin da ikasleek ikasten ematen duten denbora ere; 1998an baino 26 minutu gutxiago astelehenetik ostegunera eta 43 minutu gutxiago ostiraletan.

Iaz, astelehenetik ostegunera, emakumezkoek gizonezkoek baino ordubete eta 9 minutu gutxiago eman zuten batez beste lan ordainduan. Egun horietan, gizonezkoen eguneroko lan-aldia 7 ordu eta 4 minutukoa izan zen batez beste. Ostiraletan, gizonezkoek gainerako lanegunetan baino 4 minutu gutxiago eman zuten lanean eta emakumezkoek 25 minutu gutxiago.

Etxeko lanak

Hamasei urte eta gehiagoko bost biztanleko batek baino zertxobait gehiagok -%21,4k- dio ez diola denborarik eskaintzen etxeko lanei; gainerakoek, berriz, 3 ordu eta 2 minutu ematen dituzte egunero jarduera horietan.

Emakumezkoek 3 ordu eta 31 minutu ematen dituzte etxeko lanetan, gizonezkoek baino 2 ordu eta 21 minutu gehiago. Egunei dagokienean, banaketa apur bat aldatu da asteko egunaren arabera: astelehenetik ostegunera apenas aldatu da (2 minutu gehiago), ostiralean 18 minutu gutxiago ematen dira eta larunbat eta igandetan 18-20 minutu gutxiago.

Ordenagailuak eta Internet

  • Aisialdi pasiboa: Biztanleriaren %91,5ek denbora du aisialdi pasiborako (prentsa, telebista, ikuskizunak, jokuak, e.a.) baina ehuneko hori 2,6 ehuneko-puntu jaitsi da 1998tik. Biztanleriaren guztizkoak 2 ordu eta 39 minutu eskaintzen dizkio aisialdi-mota horri eta 15 minutu murriztu da azken bost urteetan.
  • Aisialdi aktiboa: kirola egiteari, paseatzeari edo txangoak egiteari, Interneten ibiltzeari, eta abarri eskainitako batez besteko gizarte-denbora 1998an baino 5 minutu handiagoa da.

Biztanleriak batez beste 7 minutu eskaintzen dizkie ordenagailuari eta Interneti. Gizonezkoek parte hartze handiagoa dute jarduera horietan emakumezkoek baino.

Lagunak bisitatu eta poteatu

Lagunak bisitatzen edo poteatzen denbora ematen duen biztanleria %28 murriztu da eta jarduera horietan 2 ordu eta 5 minutu ematen dira. 16 urte eta gehiagoko biztanleriaren erdia baino zertxobait gehiagok (%52,7k) ordu 1 eta 50 minutu eskaintzen dizkie egunero gizarte-bizitzarekin erlazionatutako jarduerei: lagunak bisitatzeari, solas egiteari, alderdi politiko edo elkarteetan parte hartzeari eta praktika erlijiosoei, besteak beste.

Biztanleriaren %18,2k dio lagunak bisitatzeari edo etxean hartzeari, poteatzera irteteari edo erromeri edo dantzaldietara joateari denbora eskaintzen diola eta zifra hori nahiko txikiagoa da 1998ko inkestan lortutako %25,6a baino. Talde horrek egunean jarduera horietan ematen duen denbora 2 ordu eta 5 minutukoa da, duela bost urte baino 4 minutu luzeagoa.

Solasean (batez ere, telefonoz) aritzen direnen denbora egunean 14 minutu luzatu da eta ordubete eta 15 minutu hartzen ditu. Larunbat eta igandetan, batez besteko hori ordubete eta 32 minutura eta ordubete eta 27 minutura luzatzen da, hurrenez hurren.

Informazio gehiago Eustat-en webgunean eskuratu daiteke.

Erantzunak

Sustatu
2004-02-25 : 18:52

Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleen artean, bizkaitarrak dira lo gutxien egiten dutenak eta telefonoz eta solasean gehien aritzen direnak; arabarrak, lanean denbora gehien egiten dutenak eta gutxien ikasten dutenak; eta gipuzkoarrak, kirol gehien egiten dutenak eta hedabideei eta gizarte-bizitzari arreta gehien jartzen dietenak.


  • Lo egin: Bizkaitarrak dira lo gutxien egiten dutenak eta telefonoz eta solasean gehien aritzen direnak. Bizkaitarrek 8 ordu eta 37 minutu egiten dituzte lo, gipuzkoarrek baino 19 minutu gutxiago eta arabarrek baino 15 gutxiago.

  • Lana egin:Arabarrak, lanean denbora gehien egiten dutenak eta gutxien ikasten dutenak. Arabarren artean, landunek batez beste egunean 7 ordu eta 14 minutu ematen dituzten lanean, gipuzkoarrek baino 8 minutu eta bizkaitarrek baino 14 minutu gehiago.

  • Kirola egin: Gipuzkoarrak, kirol gehien egiten dutenak eta hedabideei eta gizarte-bizitzari arreta gehien jartzen dietenak. Gipuzkoarrek ordu 1 eta 31 minutu ematen dituzte kirola egiten, arabarrek baino 14 minutu gehiago eta bizkaitarrek baino 10 gehiago.

  • Ikasi: kasle arabarrek (araututako ikasketak egiten dituztenak) egunean 18 minutu gutxiago ematen dituzten ikasten eta eskoletara joaten gipuzkoarrek eta bizkaitarren baino, horiek egunean batez beste 4 ordu eta 55 minutu ematen baitituzte jarduera horietan.

  • Gizarte-bizitza: Gipuzkoako lurralde historikoko egoiliarren %17,5ek lagunak bisitatu edo etxean hartu, poteatu edo antzeko jarduerak egiten dituzte gizarte-bizitza deritzonaren barruan eta 2 ordu eta 16 minutu eskaintzen dizkiete, arabarrek baino 18 minutu gehiago eta bizkaitarrek baino 16 gehiago.

  • Telefonoz hitz egin: Bizkaitarrak dira ehuneko handienean telefonoz hitz egin edo lagunekin edo familiakoekin solasean aritzen direla diotenak, %42,8% baitira hala diotenak. Arabarren eta gipuzkoarren ehunekoa, berriz, %35en kokatzen da. Gainera, batez beste egunean ordu 1 eta 17 minutu eskaintzen dizkiete, arabarrek baino 8 eta gipuzkoarrek baino 2 minutu gehiago.

  • Hedabideak: Gipuzkoarrak dira hedabideei ere egunean batez beste denbora gehien eskaintzen dietenak: 2 ordu eta 34 minutu, arabarrek baino 14 eta bizkaitarrek baino 7 minutu gehiago.

Erantzun

Sartu