"Zaldi Ero idazleekin" izeneko webgunea aurkeztu du gaur eguerdian Susa literatura argitaletxeak. Migel Anjel Elustondo, "Zaldi Ero"-k idazleei egindako 200 argazkiz osatuta dago webgunea. Euskal idazleen argazkien erakusketa izango da eta aldian-aldian berrituko da, argazkiak, testuak eta loturak gehituz.
Momentuz, webgune txikia da. 200 idazleren argazkiak biltzen ditu, alfabetikoki ordenatuta. Migel Anjel Elustondok elkarrizketa asko egin izan die Euskal Herriko idazleei, eta hizketaldi horietan egindako argazkiak dira gehienak. Helburua, baina, webguneari argazki gehiago, testu gehiago, idazkiak, elkarrizketak eta loturak gehitzen joatea da, webgune literarioa sortu arte.
Armiarma.com-en barruan aurkituko dituzue idazleen argazkiak, www.armiarma.com/zaldiero helbidean, hain zuzen ere.
Dagoeneko hilda dauden idazleen hilobiek ere badute tartea webgunean. Hala, Lauaxeta fusilatu zuten hilerriko argazkia, Lizardiren hilobiarena, Hemingwayen hilobiarena... aurkituko ditu webgunea bisitatzen duenak.
Idazle ez direnen argazkiak ere jasotzen ditu webguneak. Hala nola, Joseba Tapia eta Ruper Ordorika musikarien argazkiak ageri dira. Euskal idazleekin duten lotura dela-eta aukeratu ditu Zaldi Ero-k bi musikari horien argazkiak.
Susa argitaletxekoek iragarri dutenez, www.armiarma.com webgunea ere handituz joango da. Orain literatura gordailu baino ez da, baina udaberriarekin batera, literatur atari zabalagoa bihurtuko da.
Webgunearen egitura aldatu egingo dute eta martxoan hasita, eduki gehiago sartzen joango dira. Hala, Mikel Zarateren lan guztia on-line jarriko dute, aurten 25 urte betetzen baitira idazle lezamarra hil zela. Bestalde, Ustela editorialeko liburuak ere sarean jarriko dituzte.
aukeran, grisegia.