Egunkaria itxi eta urtebetera, Kontseiluko idazkari Xabier Mendigurenek itxaropena azaldu du, euskalgintza babesteko akordio sozio-politiko bat lortu daitekeela laster Euskal Herriko eragileekin. Proposatu diren babes neurri horiek, dokumentu interesgarri batean plazaratu ditu Kontseiluak.
Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkariak, iragarpen bat egin zuen joan den ostiralean, otsailak 20, Egunkaria-ren itxieraren lehen urtemugan: eragile sozial eta politikoekin egindako lanaren ondorioz, bidea ikusten duela akordio sozio-politikoa lortzeko. "Urrats batzuk egiten hasita gaude eta baikor izateko arrazoiak ikusten ditut, eta espero dut epe batean zerbait garrantzitsua aterako dela", esan zuen Mendigurenek (erreferentzia Berria egunkarian).
Akordio sozio-politiko horretan, euskararen normalizazioa azkartzeko neurriak, batetik, eta euskalgintza babestekoak proposatzen dira. Eztabaidara aterako akordio-proposamena Interneten jarrita dauka Kontseiluak. Dokumentu horretatik, proposatzen euskalgintza babesteko neurri zehatzak ekarri ditugu Sustatura.
Dokumentuaren zenbaketan, 1. numerazioa darametenek normalizazioa azkartzeko neurriak dira. Ondoren, datoz, 2. atalean, euskalgintza babesteko proposamen hauek. Dokumentu osoa PDF formatuan, hemen lor daiteke.
2.1- Erasoek eragindako kalteak arintzeari begirako neurriak.
Handiak dira oso erasoek sortutako kalte materialak. Batzuk zuzenzuzenekoak, kontu korronteen bahiketak, proiektuen itxierak... eta beste batzuk zeharkakoak, bezeroak eta publizitate jartzaileak eskuratzeko zailtasunak, kontratuak galtzea, irudiaren gaineko kalteak etab. Kalteak arintzeko bideak artikulatu behar dira eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Zentzu horretan hona hemen proposamenak:
a- Diru inbertsioak egiteko laguntzak interes tipo baxuekin, itzuli behar ez diren laguntza ekonomikoak eskainiz eta abantaila fiskalak eskainiz.
b- Laguntza lerro malguak proiektuak berrabiarazi behar direnean. Enpresen kasuan euskara sustatzeko politikatik atera beharrean enpresak sustatzeko fondoetatik atera.
2.2- Erasoak sortutako kostu judizialak ordaintzeko diru iturriak.
Prozesu luzeak izan dira orain arte ezagutu ditugunak eta horrek kostu gehigarriak ditu defentsa juridikoa prozesu zail eta luzeetan garestia izaten baita. Neurriak:
a- Prozesu juridikoei aurre egin ahal izateko diru laguntzak ematea.
b- Administrazioaren zerbitzu juridikoekin elkarlana bermatzea defentsak errazteko.
2.3- Babes ekintzetarako bitarteko ekonomikoak.
Erasoen helburuetariko bat herritarrengan egiten den lanaren inguruan zalantzak sortzea da urteetan irabazitako izen ona deseginez herritarrak normalizaziotik aldentzeko. Zenbatzen zaila den baina eragin handia duen ondorio hori indargabetzeari begira honako proposamen hau:
a- Bitarteko ekonomikoak bideratu behar dira hizkuntzaren normalizazioarekiko herritarren atxikimendua eta Euskalgintzaren ezagutza bermatzeko.
b- Ekintza Plan baten bitartez egituratu behar da lana. Plan hori iraunkorra izango da.
2.4- Gorabehera politikoetatik babesteko eta etorkizunean Euskalgintzaren lana babesteko probisio fondoa kudeatuko duen fundazio baten sorrera.
Euskalgintzaren lana euskararen normalizazioaren bidean atera behar da gorabehera politikoen zurrunbilotik eta baldintza egokitan burutu behar dugu Euskal Herri osoan. Hori dela eta, eta kontuan harturik normalizazio prozesua denboran zehar luzatzen dela hainbat belaunaldi inplikatuz garrantzitsua da baldintza egokiak eta homogeneoak ziurtatzea prozesuak gorabehera handirik izan ez dezan. Gaur egun, Nafarroan bezala politika inboluzionistak abian jarri direnean, Autonomiaren suspentsioaz hitz egiten denean edo Euskalgintza erasoa denean garrantzi handikoa da etorkizunari begira normalizazio lanaren bermea izango diren egiturak sortzea. Beraz, hona proposamena:
a- Fundazio baten bitartez, gorabehera politikoen gainetik Euskalgintzari normalizazioaren bidean etorkizunean ere baldintza egokitan aritzeko aukera ematea.
b- Fundazio horren bitartez hizkuntz politika homogeneoa eraman ahal izatea euskararen lurralde osoan inbertsioak eginez, Nafarroan eta Iparraldean bereziki.
2.5- Euskal instituzioen, alderdi politikoen eta gizarte eragileen eskutik Euskalgintzaren egoera nazioartera zabaltzeko plangintza.
Babes neurrien artean garrantzi handikoa da gertatzen ari denaren berri nazioartean ezagutarazteak objetiboki laguntzen digulako.
a- Gizarte eragiletako arduradunekin, instituzionalekin, politikoekin eta Euskalgintzako ordezkariekin lantalde bat sortzea gertatzen ari denaren berri emateko nazioartean.
2.6- Onura publikoko aitortza eskatzen duten elkarteei lehenbailehen ematea.
a- Eskariak aztertzea eta bidea arintzea
2.7- Euskalgintzaren aintzatespen publikoa instituzio, alderdi eta gizarte eragileen aldetik.
Beste sektore batzuekin egiten den bezalaxe Euskalgintzaren lana ere aintzatetsi beharra dago. Gure jardunak herri honentzako aberastasun ekonomiko eta soziala dakarrela aitortu behar da. Eragileek konfiantza izan behar dute Euskalgintzaren lanean eta hori landu eta irudikatu behar da.
a- Euskalgintzaren bilgunea den Kontseiluarekiko harreman estutzea Euskalgintzaren aintzatespena irudikatzeko.
2.8- Euskal Kulturaren industriaren azterketa ekonomikoa.
Maiz gutxietsi egiten da Euskalgintzaren lana, askotan ez da ezagutzen eta beste batzuetan bazterrekoa delako irudipena dago. Komenigarria litzateke, beste sektore batzuekin egiten den bezalaxe, Euskalgintzaren pisu soziala eta ekonomikoa zenbakietara ekartzea herritarrek ezagutu dezaten zein den gure ekarpena.
a- Aditu batzorde bat osatzea, baliabideak dituela, Euskalgintzaren pisu ekonomiko eta soziala aztertzeko. Lana argitaratu eta herritarrei horren berri ematea.
2.9- Nazioarteko batzorde ikuskatzaile baten sorrera kalteak neurtzeko eta balorazioak egiteko.
Orain arte izandako erasoek utzitako kalteak zenbatzeko lana kaltea den jakitea lagungarria izaten da geroko laguntzak zehazteari begira edo gertatu direnak saihesteari begira. Hona proposamena:
a- Nazioarteko batzorde bat sortuko dugu kulturan, zuzenbidean eta ekonomian adituak diren pertsonek osatua. Horien zeregina kalteak neurtzea eta balorazioak egitea izango da. Diru baliabideak izango dituzte beren lana burutu ahal izateko eta emaitza publiko egingo da.
2.10- Salaketa judiziala
Gertatu diren kalte pertsonal, ekonomiko, moral eta irudizkoarengatik salaketa judiziala jartzeko aukera. aztertu behar dugu are gehiago gero ezerezean gelditu diren kasuen aurrean.
a- Jurista talde bat sortzea salaketa judizialaren aukera aztertzeko.
Baina nork sinatuko al du hau? Nafarroako gobernuko aniztasunaren aldeko UPNekoek ala txistu ta danborileko Euzko Jauntxolaritzako PNVkoek??
Ekimen bezala txalogarria baina nago askotan bezala dokumentua desitxuratu ondoren sinatu sinatuko dutela gerora denborarekin praktikan ezer ez egiteko.
Aldaketa errotikoa behar du izan eraso hauen aurrean eroso bizi direnak beraien poltronetatik mugitzeko.