Teknologia albisteak

Donostia, Europako mokofinen meka

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2004-02-23 : 10:02

Horixe esan du The Financial Times egunkari britainiarrak asteburu honetan. Montrealgo The Gazette kazetak, ostera, gogotik goratu du Euskadiko kostaldearen edertasuna.

Gutxitan ikusten dira laudoriozko artikuluak nazioarteko prentsan, Euskal Herriaren gainean. Asteburu honetan, ordea, bi agertu dira, bat Europan, eta bestea Quebecen.

Bizkaiko Itsasoari begira

George Pandi kazetari autonomoak artikulu luze bat idatzi du asteburu honetan Montrealgo The Gazette egunkarian, Gipuzkoako kostaldea gai hartuta. Hendaiara trenez iritsi ondoren, Hondarribira pasatu, eta hor hasi zen kostaldean zehar eginiko bidaia.

Hondarribian giro alaia aurkitu omen zuen. Pasaian, aldiz, klaustrofobia sentitu, eta jendearen hurbiltasuna. Donostian, liluraturik ikusi zuen Maria Kristina zubia, alde zaharra, bizitasunez betea, Kontxako hondartza, eta hiria oro har, salbu eta Kursaal jauregia, zeinen “aurpegirik gabeko kristalezko kubuek hondatzen baitute ikuspegia”.

Gipuzkoako hiriburua utzi, eta kazetariak aurrera egin zuen Gipuzkoako kostaldean zehar: Mutrikuko jauregiak gustatu zitzaizkion, Zarauzko Santa Maria eliza eta Getariako San Salbador, non ematen duen Elkanoren berri.

Honela bukatzen du artikulua: “Euskal arrantzaleak iritsi ziren Ternuara Kanada bera jaio aurretik. Gure kostaldean bakailaoa harrapatzen duten arrainontzirik gehienak datoz Euskal Herriko portuetatik. Hori ez zaigu gustatu larregi guri, kanadarroi. Uste dut mendekua hartzeko modurik egokiena dela kanadarrok Getariara joatea, eta harrapatzea haien karramarroak, txirlak, txipiroiak eta ardoa. Susmoa dut gutariko zenbaitek nahiago luketela hemen geratu”.

Donostia, Europako mokofinen meka

The Financial Times egunkari britainiarrak, berriz, Donostia hartu du gai nagusi Catherine Moyek idatzi duen artikuluan. “Europako mokofinen meka” deitu dio Gipuzkoako hiriburuari, baina ohartarazten du Donostian bizitzea oso-oso garestia dela.

Jane Muir restaurateur britainiar ezaguna (Mildreds izeneko jatetxe bat dauka Sohon, Londresen) Donostian bizi da orain dela gutxi ezkero, eta berak gidatu du kazetaria Donostian zehar. Jane-ri izugarri gustatzen zaio hemengo pintxoak ez egotea estalita edo hotzean gordeta, “horrela ez daukate itxura antzurik, Ingalaterran daukaten bezala”.

Kazetariak dio Donostia dela Espainiako hiriburua, sukaldaritzari dagokionez: “Donostiak taberna eta jatetxe gehiago ditu biztanleko, munduko beste edozein lekuk baino”. Eta kontuan hartzen du nola jatetxe asko eta asko familia negozio diren. Hori guztia, Donostiako arkitekturaren berri ematen duen bitartean.

Erantzun

Sartu