Sustatu logoa Teknologia albisteak

Asteon telebista-aldizkaria bidean da

Joxe Aranzabal
2004-02-20 10:02

Euskarazko produktu batek inoiz ez du horrelako zabalkunderik izan. Horregatik, Topagunea elkarteak ahalegin berezia egin du Asteon ganoraz munduratzeko. Enpresa bat sortu du, kooperatiba moduan antolatuta, aldizkaria egin eta kudeatzeko. Eta jende ona bildu du proiektuaren inguruan, hamar lagun, Jasone Osoro buru dela.

Lehenengo eta behin, esango dut gustatzen zaidala Asteon aldizkariaren itxura: ondo eta argi diseinatuta dago, modu sinple baina eraginkorrean. Igartzen da Goio Aranaren eskua eta talentua, euskal diseinatzaileen artean sarituenetako bat nazioartean.

Antolaketa ere gustuko dut. Magazinak aurkezten dizkigu farandulako aurpegirik ezagunenak, lehenengo orrietan barreiatuta, erreportaje, elkarrizketa eta txutxumutxu artean. Iritzia ere lantzen du, generoka. Eta, bukatzeko, programazioa, hango eta hemengo telebisten parrilla, eskura izan dezagun aste osorako.

Laguntzaile talde ona

Eta hori guztia egiteko, laguntzaile onak hartu ditu Asteon aldizkariak, gehienak mundu horretan sartuta dabiltzanak, eta iaioak idazteko orduan: Itziar Alduntzin, Koldo Alduntzin, Kaitin Allende, Jon Artano, Pako Aristi, Josean Barreiro, Julen Gabiria, Aitzpea Goenaga, Jokin Larrea, Ane Muñoz, Joxe Rojas, Xabier Zabaleta eta Itxaro Zubillaga. Hauek guztiak saltsaren erdian dabiltza, eta erraz emango digute telebistaren inguruko informazioa.

Asteon astero-astero banatuko da herri aldizkariekin batera. Horrezaz gain, baina, banaketa sistema propio bat antolatu du, hirietan-eta zabaltzeko. Seguru nago berehala igarriko dugula aldizkari honen eragina: berez-berez, joango da izartegi propio bat plazaratzen, gure izarrak hortxe ibili dira-eta urteetan, nahiz eta inork gutxik egin dien kasurik. Hemendik aurrera, ordea, Asteon aldizkarian agertuko zaizkigu, ganoraz eta distiratsu.

Erronka handia

Baina Asteon honek izango du bestelako erronkarik: erakarri egin beharko ditu iragarleak euskararen esparrura, oso aldizkari gutxik ematen baitute aukera 75.000 ale banatzeko Euskal Herrian zehar. Publizitate agentzia handiek ikusi beharko dute euskaraz negozio onak egin daitezkeela. Zentzu horretan, Asteon aldizkariak hautsi ditzake mile hesi, orain arte oztopatu dutenak publizitatea eta euskara uztartzea herri hedabideetatik kanpo. Eta beronen bidez, herri aldizkariek ere jaso dezakete onurarik franko, publizitateari dagokionez beti ere.

Bestela ez dut zalantzarik egiten aldizkari honek izugarri jantziko dituela gure herri aldizkariak. Niretzat, esate baterako, Anboto aldizkariak beste indar bat jasoko du hil honen 27tik aurrera, etorriko delako Asteon aldizkariarekin batera. Bi baten prezioan, hots, musutruk. Eskaintza hoberik?

Tokiko telebistak eta irratia

Asteon aldizkariaren zero alean ahul ikusi nuen tokian tokiko telebistei eskaintzen zitzaien lekua eta planteamendua. Ale hartan programaren ordua eta izena besterik ez zetorren, inongo azalpenik gabe. Nik uste dut herri eta eskualde telebistek zerbait gehiago merezi dutela, informazio landuagoa, baita programazioa erakusteko orduan ere. Nik, behintzat, ahalegin berezi bat eskatuko nioke arlo horretan aldizkariari.

Ibilian-ibilian ere, gustatuko litzaidake irratiak ere orritxo bat bederen izatea horrelako aldizkari batean. Beharbada beti ikusi izan ditudalako biak, irrati-telebista, familia bateko kide moduan.

Eta amaitu aurretik, zorterik onena Asteon egiten duzuen guztiei. Erronka handia bezain polita duzue esku artean. Eutsi goiari eta arrakastarik handiena zuentzat!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu