Sustatu logoa Teknologia albisteak

mySAP.com sistema informatikoaren hainbat modulu euskaraz

Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez eta EJIErekin lankidetzan, hainbat proiektu garatu ditu eta garatzen ari da Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia berrien arloan, "Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak", batetik, eta, bestetik, "Euskadi Informazio Gizartean Planak" finkatutakoari men eginez. Planek finkatutako lehentasunetan, besteak beste, "enpresa-mundurako aplikazioak euskarara lokalizatzea" agertzen da.

Hori horrela, Enpresa-informazioko Sistema Integratuak (ESI) enpresen kudeaketarako aplikazio estrategikoak eta erabilera orokorrekoak direnez gero, beharrezkotzat jo zen erreferentzia-sistema bat euskaraz izatea. Horrela, mySAP.com sistema informatikoaren hainbat modulu euskaratu dira SAP AG enpresarekin batera. Funtzionaltasun handiko sistema informatikoa denez, lehenik ezarpen-mailarik altueneko moduluak euskaratu dira, hain zuzen ere, 4.6 C bertsioko honako modulu hauek:

  1. Finantzarioa (FI/CO).
  2. Oinarrizko Diruzaintza (TR).
  3. Aktiboen Kudeaketa (IM).
  4. Materialen Kudeaketa (MM).
  5. Workflow.

Euskarara lokalizatutako aplikazio horiek CD batean konpilatu dira eta SAP teknologia erabiltzen duten enpresei eskainiko zaizkie doan. Horretaz gain, softwarea honako helbide honetatik ere deskarga daiteke: www.euskadi.net/euskara_soft

Esan bezala, SAP Alemaniako enpresarekin batera egin da lokalizazio-lan hori eta, horretarako, enpresa horrek hizkuntza desberdinetara itzuli eta lokalizatzeko espresuki prestatutako aplikazioa erabili da. IT Deusto enpresa arduratu da itzulpenaz eta lokalizazioaz; oinarrizko glosario terminologikoa UZEIk prestatu zuen bai eta terminologia-zalantzak argitu ere; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak itzulpenen berrikuspena egin du eta lan teknikoaren koordinazioa EJIEren ardura izan da.

Hortaz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren helburua honako hau izan da: SAP teknologia erabiltzen duten enpresei oinarrizko tresnak euskaraz eskuratzea. Izan ere, erreminta informatikoen erabilerak bakarrik ekarriko du behar berriak sortzea eta arlo horretako merkatua handitzea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu