Teknologia albisteak
3

Historialari Euskaldunen III. Topaketa : "Jimeno Jurio berrikusten"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - UEUtik
2004-02-04 : 10:02

Martxoaren 5 eta 6an Iruñan egingo da Historialari Euskaldunen III. Topaketa, UEUko Historia Sailaren eskutik. "Jimeno Jurio berrikusten" izenburupean, historialari nafarrari omenaldia eginez, hainbat mahainguru eta hitzaldi izango dira. Jose Maria Jimeno Jurioren lanean interesatutako edonori (historialariak, antropologoak, hizkuntzalariak...) zuzenduriko topaketa da; orokorrean, euskaltzaleei zuzenduta dago.

Jose Maria Jimeno

Jose Maria Jimeno Jurio pertsonaia klabe bat da Nafarroan XX. mendeko bigarren zatiko historian. Lehenengo eta behin, ikerketa historiko eta antropologiko ugari egin zituelako, guztiz garrantzitsuak Nafarroaren historia ulertzeko. Baina, bigarren, Jimeno delako Nafarroaren memoria historikoaren errekuperazioaren pertsonaia klabea.

Jimenoren ikerketa guztiek asmo komun bat partekatzen dute: herria ezagutzea bere historia ikertuz. Nafarroaren sustrai euskalduna eta euskararen iraupen historiko nabarmena, edo haren historia modernoaren osagai ezkertiarra edota abertzalea, edo folklorearen interpretazio herrizale eta zirikatzailea, edo Erdi Aroko Historia loriosoa, gaurko Nafarroaren oinarri ukaezina. Edo beste hainbat eta hainbat ikergai, Jimenok maitasunez eta maisuki landu zituenak.

Bere liburu eta artikuluen bitartez Nafarroa berri bat deskubriarazi zuen, pluralagoa eta, ondorioz, osoagoa eta benetakoagoa. Bere bizitzan zehar Jimeno Juriok 24 liburu, 200 artikulu akademiko eta dibulgaziozko 100 bat artikulu idatzi zituen.

Jaso zituen sariak:

  • Euskal Dantzarien Biltzarreko Ohorezko Lehendakaria
  • Euskaltzaindiko Ohorezko Euskaltzaina (1991)
  • Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona saria (1998)

UEUko Historia Sailak antolatutako jardunaldi hauek martxoaren 5 eta 6an izango dira.

Sustatuko agendan duzu egitarau osoa.

Erantzunak

Irati Iciar, UEUko bulegotik
2004-02-11 : 17:04

Matrikula irekita dago otsailaren 9tik 27ra.


Ostiraleko ekitaldirako matrikula:


  • ikasle eta langabetuak: 20 €

  • bestelakoak: 50 €

Larunbateko omenaldia: ekitaldi irekia.


  • Omenezko bazkaria (izena eman behar da): 15 €

Informazio gehiago eta matrikulatzeko bide errazena UEUren web orritik Udako Euskal Unibertsitatea


Edo deitu UEUko bulegora: 943.82.14.26 (Irati)


Ainhoa
2004-02-17 : 13:10

Jimeno Juriok egindako lanaren garrantziaz eta aipatzen den "Nafarroaren sustrai euskalduna eta euskararen iraupen historiko nabarmenaz" Nafarroako agintariek zer dinoen jakitea gustatuko litzaidake.



Topaketan egongo al dira bere lana errekonozituz?

Irati, UEUtik
2004-02-17 : 13:18

> Jimeno Juriok egindako lanaren garrantziaz eta aipatzen den "Nafarroaren sustrai euskalduna eta euskararen iraupen historiko nabarmenaz" Nafarroako agintariek zer dinoen jakitea gustatuko litzaidake.

>

> Topaketan egongo al dira bere lana errekonozituz?



Gonbidapenak behintzat hamaika bidali dira... Inork esan ez dezan baztertu egin ditugula.

Momentuz ez du inork erantzun.

Gainera, larunbateko ekitaldia irekia da, edonor etorri ahal da.

Erantzun

Sartu