Euskadi Irratia, bide onean
Joan den ekainean artikulu bat idatzi nuen Sustatun, eta han nire kezka azaldu Euskadi Irratiaren nondik norakoaz, Jexux Mari Irazuren iritzi artikulu batean oinarrituta. Artikulu hark soka luzea ekarri zuen hemen bertan, eta izugarri zabaldu zen hortik zehar.
Irailean, berriz, Euskadi Irratiak berak aldaketa handiak egin zituen programazioan. Eta harrezkero ehun egun baino gehiago igaro direnez, uste dut garaia dela esateko, aurrekoan esan nuen bezain ozen eta garbi, nire ustez behintzat, oraingoan Euskadi Irratiak asmatu egin duela, eta asko hobetu duela programazioa.
Faktoria
Esan beharra dut, orain ere ez dudala entzuten Euskadi Irratia goizean goizetik hasi eta gauera arte. Baina entzuten dudana, gustatzen zait.
Goizetan Faktoria entzuten dut, Susana Mujikak zuzenduta. Eta uste dut estilo berri bat ekarri digula goizetara, seriotasun handiagoa, profesionaltasuna, eta talde lan ona. Lauretan Babel iazko hartan bezala, Susanaren estilo neurtuak izugarri markatzen du saioa.
Arratsaldekoa
Kostaldeko Trenak segida ona aurkitu du oraingoan Arratsaldekoan. Arantxa Iturbek bete betean asmatu du taldea osatzerakoan Tere Belokirekin eta Nekane Peñagarikanorekin. Lehendik ibiliak ziren elkarrekin, eta igartzen zaie. Natural-natural moldatzen dira, erraz, eta garai bateko artifiziorik gabe. Gozada hutsa dira beren arteko barreak.
Saio honek badu, gainera, beste ezaugarri bat: bihurtu da literaturazaleen txokoa, hemendik pasatzen baitira unean uneko idazlerik interesgarrienak. Eta haiei egindako elkarrizketak oso onak izaten dira; Arantxa Iturbek badaki zertaz ari den, eta oso ondo baliatzen ditu ofizioa eta afizioa.
Mezularia
Baina niri ezustekorik handiena saio honek eman dit, ezustekorik atseginena. Maite Artolak eta bere taldeak, albistegietako kideak ia denak, oso programa sendoa lortu dute. Lanetik bueltan jakin nahi duenak zer gertatu den egunean zehar, eta albiste horiek zer joko eman dezaketen, hementxe du programa egokia, eta osoa.
Eta Maite Artolaz esango nuke, niretzat bera izan dela aurtengo errebelazioa Euskadi Irratian: jantzia da, neurtua, agindu egiten du, eta oso ondo eramaten ditu bai bere taldea eta baita berriketariak ere. Eta esatari on guztiek bezala, erabateko sinesgarritasuna dauka.
Soluzioa, etxean
Hiru programa aipatu ditut soilik, ez bainaiz ausartzen entzuten ez dudanaz ezer esaten, ez litzateke bidezkoa izango eta. Baina gogoan dut, adibidez, ostiral batean Jaime Otamendik Arrate Plazaolari arduradunetako bat Donostiako Onkologikoan egin zion elkarrizketa antologikoa. Ordubetez egon nintzen belarria irratiari itsatsita, kieto, bi lagun haiei entzuten. Hitz egin zuten minbiziaz, heriotzaz, sendabideez, eta beste gauza askoren gainean, maisuek bakarrik hitz egiten duten gisa.
Euskadi Irratiak asmatu du, beraz. Eta soluzioa etxean bertan aurkitu du, hori da onena. Nik, behintzat, askoz ere gusturago entzuten dut orain Euskadi Irratia lehen baino, eta benetan pozten naiz. Eta lehen kritikatu genuen bezala, uste dut orain zorionak emateko ordua iritsi dela, bide onean doalako. Nire partetik, bada, zorionik beroenak Euskadi Irratiari!
Eta zuek nola ikusten duzue bilakaera hau? Somatu duzue hobekuntzarik ala uste duzue oker nabilela?
Erantzunak kargatzen...