Sustatu logoa Teknologia albisteak

Carod Rovirak esana zuen

Iñaki - Bilbo
2004-01-29 10:01

Catalunyako hauteskundeak egin baino lehenago, jakina zen ERC indar garrantzitsua izango zela Govern-a osatzerako. ELKARRI aldizkariaren urriko alean, Josep Lluis Carod Rovirari elkarrizketa egin zioten. Alearen azaleko titularra oso argia zen: "ETArekin politikaz hitz egitea gustatuko litzaidake". Barruko orrietan, argi azaltzen zuen bera Generalitatera iritsiz gero, saiatuko zela ahal zuten guztian, Euskal Herriko bake prozesua bultzatzen.

Kazetariak galdetzen zionean ea ETA irekita egongo zen elkarrizketa errazteko bere (Roviraren) eskaintza batera, ez zuen bere nahia ezkutatu: "Ez dut sekula ETArekin hitz egin, baina asko gustatuko litzaidake hori egitea. Eta politikaz hitz egitea, noski. ETA existitzen den hamarkada guztietan argi geratu dena da, bide armatutik ez dela Euskadi subirau bat lortu. Aldi berean, denbora honetan guztian, gobernu espainiar bakar batek ere ez duela lortu erakunde honen indarkeriarekin amaitzea. Bietako inork ez du bere helburua lortu. Beraz, hildako bideetan gaude, soilik askatasunean eta pertsona horien ongizatean oinarritutako bideek egingo dute aurrera. ETArekin gauza hauetaz hitz egitea gustatuko litzaidake".

Catalunyako Govern-ean sartu aurretik beraz, argi adierazia zuen ERCko buruzagiak bere gogoa. Zer dela eta hainbeste harridura? Nolatan hartu duten hainbesterainoko sorpresa gizarteko, politikagintzako eta komunikabideetako hainbat sektorek?

Eskuinetik datozen kritikek, kezkatzen naute baina ez naute harritzen. Gehiago harritu naute ustezko ezkerretik etorri direnek. ERCrekin paktua sinatzerakoan alde eta orain kontra agertu zaizkion politikari eta sasi-kazetariek ez dute zilegitasunik, uneoro bere asmoak argi adierazi dituen politikari batek, asmo horiek bete dituelako.

Hegoak ebakitako txoria alboan nahi duenak, ez du txoririk maite... Nahiz eta txoria behar hegan egiteko!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu