Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak teknologia berrien ikasgela jarri du martxan. Bertan, norberak bere kasa ikasi ahal izango du. Autoikaskuntzarako bada ere, irakasle edo tutoreak egongo dira ikasgela honetan.
Tolosako Euskara Komisioko presidenteak, Onintza Lasak aurkezpenean azpimarratu zuenez, banako zerbitzua izaki, norberak aukera dezake euskara noiz, zenbat, nola eta non ikasi. Teknologia berrien gelak euskara teknologia berrietara gerturatuko duela gaineratu zuen.
Irakasle-tutorea
Bestalde, Miren Atxegak, Euskaltegiko zuzendariak, azaldu zuen ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izango duela. Ikasleak tutorearen laguntza izango du hainbat esparrutan: ikaskuntzari zenbat denbora eskaini zehazteko eta ikaskuntza erritmoa hartzeko orduan, besteak beste. Gainera, irakasle-tutoreak ikaslearen ikaskuntza-garapena jarraituko du. Izan ditzakeen zalantzei edota arazoei erantzungo die, ikaslearen motibazioa landu ere.
Beraz, teknologia berrietara egokitutako ikasgela honetan euskararen autoikaskuntza bideratu da. Hala ere, ikaskuntzaren osagarri gisa, elkarrizketa saioak ere egingo dira.
Mediateka gela
Autoikaskuntza gelak bi zati ditu, alde batetik, aipatu teknologia berrien gela eta bestetik, mediateka gela. Ikasgelan mediateka bat egongo da, CD eta CD-ROM-ez osatutakoa. Horien bitartez, ikasleek ahozko testuak eta musika entzun ahal izango dute, baita interakziozko joko eta ariketekin praktikatu ere. Hori guztiaz gain, mediatekan ekintza ugari egin ahal izango dira: telebistako euskarazko programak ikusi, liburuak, aldizkariak eta komikiak irakurri, jokoekin jolas egin, etab.
Ekimen berritzaile honen inguruan interesa duenak Tolosako Udal euskaltegira jo dezake (Gorosabel, 34) edota 943 65 10 06 telefono zenbakira deitu.
Zorionak Tolosaldean ere ikasleei euskara ikasteko beste aukera bat eskaintzeagatik...
...eta animo zuen zerbitzua aurrera ateratzeko.
Agur bero bat Santurtziko Udal Euskaltegikoon partetik.