Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ezker Batua Software Librearen alde Donostian

Ezker Batua - Sustatu
2004-01-26 19:01

Ezker Batuak mozioa aurkeztuko du bihar, hilak 27, Donostiako Udaletxean. Mozioan Udal Administrazioan software librea erabiltzeko aukeraren gaineko azterketa bideratu nahi da. Donostiako Informatika Udal Zentroak eskainitako datuen arabera, librea ez den softwarea ordenagailu berri bakoitzean ezartzeko aurrekontua 550 eurokoa da. Ezker Batuaren ustez, urteko kostuak murrizteaz gain, software libreak hainbat abantaila dakartza. Ezker Batuarentzat Administrazio Publikoan erreferentea da "Software Librearen gaineko Manifestua".

Software librearen abantailak:

Ugariak dira sofware librearen garapenean dabiltzan komunitateak. Ugari dira baita ere software librearen erabiltzaileak. Horiek aplikazioek dituzten akatsak atzematen dituzte, gero irtenbidea eman ahal izateko.

Enpresa bati lotutako softwareak baino kostu txikiagoa dauka. Gainera, enpresa edo konpainia konkretu batekin epe luzerako lotura ez izatea ahalbidetzen du software libreak, irekiera teknologikoa ziurtatuz. Horrela, softwarearen ezarpenean eta garapenean lehiakortasuna sustatzen du.

Bestalde, software libre eta kodigo irekiduna oso moldagarria da hizkuntza ezberdinetan erabili ahal izateko. Beraz, egokia eta interesgarria da euskararentzako.

Nahiz eta software libreak hainbat abantaila izan, munduan zehar, Administrazio Publikoak enpresa handien bezero dira. Enpresa horien helburua monopolioa lortu eta mantentzea da. Ez dauka zentzurik Administrazio Publikoak uste osoa izatea independenteak ez diren irtenbide pribatuengan.

Software librearekin, kostuak murrizteaz gain, esparru publikoko hainbat alorretan (Unibertsitateak, Berrikuntza Zentroak, Transferentzia Teknologikoko Bulegoak, etab.) landutako garapenak erabili daitezke.

Gaur egungo egoera

Egun, Administrazioetan software librea erabiltzearen aldeko ekimen ugari ikus daitezke. Pixkanaka-pixkanaka software librea Ameriketako herrialde batzuetako Administrazioetan ezartzen ari dira, Perun, Argentinan eta Brasilen, esaterako. Horrela, Estatu Batuekiko duten dependentzia teknologikoa murrizten dute.

Geografikoki gertuago, Extremadurako Juntak Linex proiektua jarri du martxan; Proiektu horrekin, beren beharrei erantzuten dien Linex-aren banaketa sortu dute. Bestalde, Europar Batasunak ere software librearen garapen eta erabilpena sustatzen du.

Aipatu argumentu guztiek berdin balio dute Donostiako Udalaren esparrurako. Udalean aurrekontuko partida dago software ez librea erosteko eta berau mantentzeko. Hori dela eta, Ezker Batuak hainbat eskakizun egingo ditu hilaren 27ko plenoan.

Mozioko eskakizunak

  • Donostiako Udaleko Plenoak CIM-i eskatzen dio 6 hilabeteren buruan, Donostiako tokiko administrazioan software librea erabiltzearen gaineko bideragarritasun azterketa aurkeztea. Txosten horretan, teknikoki posible den esparruetan software librea progresiboki ezartzearen gaineko azterketa ere agertuko da.
  • Txostenean gaur egun erabiltzen den jabetza softwarearen ordezkapena landu beharko du. Horrela software librea ezartzeko zenbait arlotan: Udaletxeko webgunean, KTE-ean, datu baseetan, posta elektronikoan, etab.
  • Udaletxeko Plenoak eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari sustatzeko Plan bat Administrazio Publikoaren esparruan software librea ezartzeko.

Hona hemen Ezker Batuak erreferente duen "Software Librearen Manifestua" (gazteleraz):

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu