Sustatu logoa Teknologia albisteak

Linterna Gorria literatur aldizkari digitala

bbk - bihotz bakartien kluba
2004-01-27 11:01

Linterna Gorria aldizkaria bultzatu du bihotz bakartien klubak. Literatura Eskola sortu zenetik hilabete batzuk pasa ostean, lehen emaitza pantailan ikusi daiteke dagoeneko. Literatur Aldizkari digitala. Poemak, narrazioak, Joseba Sarrionandiagaz elkarrizketa bat eta Literatura Laborategia.

Duela urte batzuk sortu zen bihotz bakartien kluba. Lagun Izoztuaren argitarapenak, izena eskaini zion literaturzale talde honi. Geroztik poesia errezitalak egin ditugu Euskal Herri osotik, Bizkaian sarritan, Araban Gasteiz (hiru saio) eta Laudion, Gipuzkoan batzuk, Nafarroan beste zenbait eta Lapurdin Sarako idazleen biltzarrean. Errezitalak hiru sortu ditugu tarte honetan:

Sarri gure artean
Poeta Hilen Kluba
Zakil alu hori

Aurtengo ikasturtea, irakurle aktiboen Literatura Eskola sortuz hasi dugu. Eskola arrakastatsua izan da hasiera hasieratik, eta 30 ikasle batzen gara hilero hilero, zapatu batez. Gai zerrenda zabala daukagu, irakurtzeko gaiak Interneten zintzilik, bibliografiak, loturak... eta eskolarako prestatutako posta zerrenda aktiboa.

Eskolak martxa hartu du, eta Mikel Elorzak emandako hitzaldi tailerrean Literatura aldizkariak: Euzko Gogoatik gaur egunera eztabaida piztu genuen. Literatur aldizkarien boom hori pasa ostean, gabeziak detektatu genituen, beharrizana nabarmendu... eta bihotz bakartien klubekook proposamena eroan genuen mahai gainera.
-Egin dezagun aldizkari berri bat!

Linterna Gorriaren argia piztu zen hantxe bertan. Eta lanean jarri ginen, nor bere etxetik, bulegotik edo ordenadoretik. Manifestua lehenbizi eta denbora laburrean, html hizkuntzara pasa genituen zenbait letra, literatura bit bihurtuz. Logotipoa diseinatu eta atalak zehaztu. Kontseilu editorial digitalean gaiak aurkeztu eta urtarrilaren 17an aurkeztu genuen Literatura Eskolan bertan, Kazetaritzatik Literaturara hitzaldi-tailerraren egunean. Alberto Barandiaran hizlariak, hurrengo zenbakietarako zelan idatzi, ederto asko erakutsi zigun. Literatura eta kazetaritza uztartzeko lezio ona eman zigun.

Aldizkaria Interneten da dagoeneko. Jendeak irakurtzen du, arreta piztu da. Argi gutxi emango du oraindik gure linternak, baina ez amatatzeko ahalegin horretan puzka ari gara gu. Haize goxoa emanez. Testuak batzen jarraitzen dugu, eta gauzak argitaratzeko prest dituen jendeak bere lantxoak eskaintzen dizkigu.

Jaso ditugu poema berriak, narrazioak, esperimentuak, elkarrizketa gehiago prestatuko ditugu... eta hilero hilero hornituko dugu gure aldizkari digitala, 17an -eguna eta ez urtea- berriztatuko dugu, eta bit-artean segi irakurtzen.

Zuri zer iruditzen zaizu? Ba al dago horrelako aldizkari baten beharrik?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu