Teknologia albisteak
1

Expolangues-en izango da euskara, mundu mailan hizkuntza gaietarako azokan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-01-26 : 16:01

Euskara Parisko EXPOLANGUES, hizkuntza, kultura eta kultur harremanei buruzko erakusketan izango da, Eusko Jaurlaritzak jarriko duen erakustokiaren bidez. Parisko erakustazoka honen 22. saioa, azokaren leloa bilakatu den "Munduko hizkuntzak. Hizkuntzen mundua" izenburupean burutuko da, urtarrilaren 28tik urtarrilaren 31ra, Frantziako hiriburuan.

Hemeretzigarren urtea da Eusko Jaurlaritza EXPOLANGUES era bertaratzen dela

Hemeretzigarren urtea da Eusko Jaurlaritza EXPOLANGUES era bertaratzen dela

Hau da, azoka sortu eta hirugarrenerako euskara bertan zen eta horrela izan da urtero, orduez geroztik. Ezin ahantzi erakustazoka hau mundu mailan bere alorreko erakusketa garrantzitsuena dela, 20.000 bisitari inguru bertaratuko dira, horietatik erdia baino gehiago hizkuntza alorretako profesionalak; erakusleak berrehun inguru izango dira eta 60 hizkuntza egongo dira ordezkatuak, bertan parte hartuko dutenen artean aipa daitezke gobernuak, enbaxadak, argitaletxeak, eskolak, unibertsitateak, multimedia enpresak, itzulpengintza alorreko espezialistak, hizkuntzen irakaskuntza eta etengabeko prestakuntzetako adituak, turismo bulegoak... Milaka lagun pasatzen dira urtero Parisko La Villete auzoko La Grande Halle-n egiten den erakusketa honetatik. Bisitarien artean, ikasleak, irakasleak, enpresetako prestakuntza arduradunak, itzultzaileak, ikerlariak eta orohar hizkuntzen inguruan interesa duen jendea dago. Iazkoan 19,483 bisitari izan zituen, horietatik 10.352 hizkuntzen alorretako profesionalak izan ziren.

Aurtengo EXPOLANGUES azoka

Nazioarte mailan gutxiago erakusten diren hizkuntzak (arabiarra, txinera, portugesa, eslaviar hizkuntzak...) eta oro har Europako hizkuntzen aniztasuna eta enpresen eta hizkuntzen arteko hartu-emanak aztertuko dira, besteak beste, azokarekin batera antolatzen diren ekitaldietan. Hitzaldietan, datorren ostegunean, hilak 29, goizeko 11:00etan Expolangueseko Luis de Camoens aretoan, Lorea Bilbaok, Eusko Jarularitzaren Euskara Sustapenerako Zuzendariak, "Euskararen egoera eta etorkizuneko erronkak" hitzaldia eskainiko du.

Euskararen gaineko informazioa erakutsiko da

Horrekin batera, gure herriko stand-era hurbilduko diren lagunek euskararekin zerikusia duen edozein gairi buruz galdetzeko eta nahi adina informazioa lortzeko aukera izango dute, bertan izango dituzte erakusgai euskara ikasteko ikas-materialak eta sistemak, hiztegiak, euskarari buruzko informazioa, ikerketa linguistiko eta soziolinguistikoak, multimediak, euskaratik beste hizkuntzetara itzulitako eta beste hizkuntzetatik geurera itzulitako lan literarioak eta oro har literatura liburuak, haur eta gazteentzako aldizkariak, euskarazko aldizkari eta egunkariak, metodoei buruzko informazioa, helbideak, folleto desberdinak, bideoak...eta Internet sarea bitarteko informazioa (www.habe.org , www.euskadi.net/euskara eta beste) eta euskara autoikaskuntza bidez ikasteko sareko programak aurkituko ditu.

Expolangues bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako eta HABE erakundearen ordezkariak Pariseko Euskal Etxean izango dira bertan ematen diren euskara eskolen egitaraua eta autoikuskuntzarako gelak sendotze aldetik. Ireki berria den Eskual Etxearen egoitza berrian HABEren Euskara Munduan egitasmoaren baitan ematen diren euskara eskolak egonkortu eta sendotu egin dira, horretarako teknologia berriak lagun izan direlarik.

Euskara-eskolak munduan egitasmoaren baitan Estatuko hainbat hiriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europa (Paris, Londres, Brusela) eta Ameriketako hiri eta herri desberdinetan helduentzako ematen diren euskara eskolak arautu eta garatu dira, horretarako irakasleen trebakuntzari garrantzi berezia eskainiko zaiolarik eta horrekin batera eskola horiek materialez hornitu eta autoikaskuntzarako eta urritiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezartzen ari dira, HABEren eskutik.

Euskara eskoletan jende asko

Euskal Herritik kanpo, munduan zehar, araututako helduentzako euskara-eskolak 1200 ikasletik gora biltzen dituzte. Eskola gehienak Euskal Etxeen inguruan ematen dira. Estatuan 400 lagun inguru ari dira euskara ikasten edo hobetzen; Madril (200 ikasle) eta Bartzelona (100 ikasle) dira gunerik nagusienak (beste batzuk: Valentzia 30, Valladolid 25, Salou, Palma Mallorca, Zaragoza). Estatutik at, Europan zehar, beste ehun eta berrogeita hamar lagun daude euskara-eskoletan, Paris (80 ikasle) eta Londres ( 30) dira gunerik sendoenak. Ameriketan, Ipar eta Hego Amerikan, 600 lagunetik gora ari dira euskara ikasten.

Erantzunak

Lurra
2004-01-28 : 09:08

Hiru urte aparte ibili eta gero, aurton Sanz eta Alliren Gobernua be Parisen egongo da, ziur aski azken honen eraginez. Hori bai, stand propioa edukiko dabe.


Erantzun

Sartu