Sustatu logoa Teknologia albisteak

Konpromisoaren eta elkarlanaren aldeko deia Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldian

Donostiako Kursaal Elkargunean Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia egin du. Bertan, 2003. urtean Bai Euskarari Ziurtagiria lortu edo berriztatu duten enpresek eta entitateek Chillida Leku Museoak emaniko lan obra jaso dute oroigarri gisa. Une honetan 600 gizarte eragile baino gehiagok dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Ekitaldi honetako hizlariak hauek izan dira: Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri; Donostiako alkatea, Odon Elorza; Kontseiluko Idazkari Nagusia, Xabier Mendiguren; eta Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordearen kidea, Rebeca Arraras.

Xabier Mendigurenek bere interbentzioan azpimarratu du "Gaurko ekitaldi honetan gizarte eragileak, instituzioak eta euskararen gizarte erakundeak batera ikustea ere pozgarria dela". Aldi berean bere hitzaldian konpromiso eta elkarlana beharrezkoak direla azaldu du, "euskararen normalizazioa lortzeko denon konpromisoa beharrezkoa dela azpimarratu behar dut berriro ere eta horrekin batera euskararen etorkizuna ziurtatu nahi dugunon elkarlana beharrezkoa da".

Bere hitzaldia bukatzeko Xabier Mendigurenek zera adierazi du: "gizarteak behin baino gehiagotan eta modu desberdinez adierazi du hizkuntza bizia eta arlo guztietarako balio duena nahi duela eta gu guztioi dagokigu eskaera horri erantzun egokia ematea, euskararekiko konpromisoa areagotuz. Bai Euskarari Ziurtagiriak balio beza konpromiso hori bideratu eta gizartearen aurrean harro azaltzeko".

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu