Sustatu logoa Teknologia albisteak

Iruzkingile baten oroitzapenak

markos zapiain - bermeotik
2004-01-23 10:01

Oso txikitandik sentitu dut nabarmen-nabarmen nire bokazioa. Zer izango zara handitan? galdetzen zidatenean, beti erantzuten nuen "euskal idazleen osagarri intimo". Harrigarriak egiten zitzaizkidan nire ikaskideen erantzunak: astronauta-gai ugari zegoen orduan, ostikolariak, jostunak.

Zortzigarren mailan bi seinale bidali zizkidan patuak.

Irungo Ikastolak, Pasionistenean, Gurutzearen Alabenean, bulego batzuetan eta Mendeluko Betharramen ibili ondoren, Urdanibian aurkitu zuen azkenik behin betiko egoitza, guk zortzigarren maila egin beharreko urtean. Txirrindaz egiten genuen joan-etorria, luzea eta arriskutsua bazen ere. Etxera itzuli, lauzpabost lagun elkarrekin, geldialdi franko. Joan, aldiz, bakoitza bere aldetik.

Behin batean, aurrenekoa iritsi nintzen Ikastolara. Bakar-bakarrik nengoen. Bizkarra horma batean bermatu eta zeruari so egin nion. Egunsenti ederra zekarren. Orduan, garbi entzun nuen "euskal idazleen osagarri intimo izanen haiz."

Era berean, zortzigarren maila hartako Lenguako irakasleak, Eustas Eguesek, ikasturte hasieran niri begiratu eta ez zuen dudarik egin zein liburu irakurraraziko zidan: "El idiota".

BBB edo BUPeko hirugarren mailako udan, beste seinale bat jaso nuen. Valentziako La Paz ospitalean nengoen, meningitis batek joa. Bi puntzio egin zizkidaten bizkarrezur muinean. Irango Shari ere aldi bertsuan egin zizkioten, hura hil zen baina. Kontua da eriondo edo konbalezentzia luzean gurasoek eta erizainek argi ikusi zutela zein liburu komeni zitzaidan: "El idiota" alegia.

Ezinbestean izan da beraz erabakigarria Mishkin printzea niretzat. Mishkin, berez, deus gutxi da. Funtsean, aurkitzen duen edozeinen osagarri intimo bilakatzean datza haren funtsa.

Aurrera zihoazen nire egitasmoak. Karrera bat aukeratzeko orduan, pentsatu nuen: non aurki dezaket euskal idazle gehien? Euskal Filologian ez, erantzun zidan zeruak, baizik eta Hispaniar Filologian. Eta halaxe izaki. Han zeuden, besteak beste, Gerardo Markuleta eta Arrate Egaña. Artean gazte eta berde, osagarritasuna eta intimotasuna modu fisikoan baino ez nuen sentitzen. Markuletaren osagarri intimo bilakatzeko zenbait ahalegin mingarriren ondoren, Arrate Egañarekin egin nuen bat. Alaba bi izan ditugu, Amaia eta Leire.

Hala ere, heldu ahala, Mishkinen itzala eta nire betiko bokazioa itxuraldatu zitzaizkidan. Euskal idazle baten osagarri fisiko beharrean, euskal idazle guztien osagarri izpiritual bilakatzera bultzatzen ninduen barne indar batek. Horrela, euskal liburuen iruzkinak egiten hasi nintzen, beti ere aldekoak, jakina.

Hasieran, idazle guztien liburu guztien iruzkinak egin nahi nituen. Heldutasunarekin batera, ordea, aukeratu beharra onartu dut, baina ez nik liburuak, baizik eta liburuek ni. Liburu batzuek bortizki eskatzen didate iruzkin bat. Beste batzuek, berriz, bakean uzteko eskatzen didate, edo isiltzeko behingoz, idiota.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu