Teknologia albisteak
2

TuMatXa, itzulpen-memoria web bidez kudeatzeko tresna

Erabiltzailearen aurpegia
CodeSyntax - Eibar
2004-01-19 : 10:01

Itzultzaileek darabilten laguntza informatiko handiena, itzulpen-memoriak, errazago kudeatu, kontsultatu eta, batez ere, partekatu ahal dira orain Tumatxa produktuarekin. Produktua garatu eta sarean jarri dugu horretarako propio sortutako webgune batean, jaisteko moduan eta demo pare batekin (nola dabilen erakusteko).

CodeSyntax enpresak sortu du Tumatxa, Euskal Herrian web aplikazioen eta hizkuntzen teknologian lanean diharduen etxeak. Webgune bat ireki dugu, Tumatxa.com, eta bi demo ditugu han ikusgai. Nabiga ezazu haietan, tresnaren baliagarritasun batzuk ezagutzeko.

Demo horietako batean ( demo euskalduna ), HAEE-ko Itzulpen Zerbitzu Ofizialak bere gunean eskaintzen dituen memoria ataltxo batzuk jarri ditugu. Era berean, software libreko proiektu batzuetako adibideak jarri dutugu (ingelesa > euskara). Informatikarekin lotutako gaietan, hiztegi baliagarri bat izan daiteke hori.

Nazioarteko beste demoan, berriz, nazioarteko software proiektu batzuetako itzulpenak jarri ditugu. Bereziki konpletoa da Softcatalà ekimen katalaneko itzulpen-memoria osoa ekarri dugulako handik Tumatxara, bilaketak egiteko aukerarekin geurean, hementxe.

Zertarako da Tumatxa?

Tumatxak itzultzailearen lana errazta du helburu. Itzulpen-memoriak eta haiek sortzeko programak hedatzen ari dira profesionalen artean eta erakundeetan. Baina memoria horiek partekatzeko moduak murritzak dira. Oztopo horiek gainditzeko balio du Tumatxak , eta benetan taldean memoriak, terminologia eta itzulpenak elkartrukatzeko modua eskaintzen du. Gainera, sare edo elkarlan talde batean, programa espefizikorik izan gabe ere memoriak kontsultatzeko modua ematen du, bilaketak online eginez terminologia-aukerak esku eskura utziz. Erabilpen posibleen deskribapena utzi dugu webgunean.

Erabilpen posibleak (adibide gisa):

  • Itzulpen enpresa batek bere bezeroei. Itzulpen enpresa batek bere bezeroei eskain diezieke beren memoria partikularretarako sarbide zuzena. Hortaz, bezeroak kontratatu eta ordaindu dituen itzulpen guztien lana toki jakin batean gordea edukiko du, deskargatzeko edo kontsulta zuzenerako, itzulpenak.com/prib/XXbezeroa bezalako helbide batean.
  • Itzulpen memoriaren banku publikoa Herri-erakundeek, bereziki Euskal Herrian, memoria ugari sortzen dute dokumentazio ofiziala itzultzean. Dokumentuak publikoak badira, haien itzulpenak eta memoriak ere hala izan daitezke, herritarrek ordaindu baituzte zergen bidez. Banku edo bilduma publiko batek, gainera, beste erakunde batzuei ere lagunduko die, haien lan kargak errazten edo terminologia bateratzen.
  • Memoriak intranet batean. Erakunde handi batean, itzultzaile zenbait egon daiteke lanean, bulego desberdinetan. Kasu horietan, ez da erraza, lizentziengatik eta arazo teknikoengatik, itzulpen-memoriako programak sarean lan egiteko konfiguratzea. Tumatxa instalatuz gero Intranetean, itzultzaileek elkartrukerako plataforma egoki bat aurkituko dute.
  • Itzulpen departamentuetara zuzendutako eskaerak. Erakunde elebidun edo eleanitzean, itzulpen arduradunek jasotzen dituzten eskabide gehienak ez dira dokumentu zehatzak itzultzeko, zalantza edo galdera jakin bat argitzeko baizik. Tumatxa instalatuz gero, bulegoan lan egiten dutenek egindako itzulpenak eskura izango dituzte intranetean, eta pantailatik zuzenean bideratuko dira kontsulta asko, lana aurreratuz itzulpen sailean.

Zer dira itzulpen-memoriak?

Itzulpen memoriak dira itzulpen memoria sistema edo tresna informatikoetan erabiltzeko fitxategiak. Ideia oso erraza da: testu bateko unitateak (esaldiak) jatorrizko hizkuntzan eta xede hizkuntzan parekatu eta gorde egiten dira. Horrela, sistemak jatorrizko unitate berdin edo antzekoa aurkitzen duenean, harekin parekatuta daukan itzulpena proposatuko du.

Itzulpen memoria sistema ezagunak dira, besteak beste: Trados, Déjàvu, Wordfast, Transit, edo Translat. Horien artean memoria edo datuak trukatzeko estandarrari TMX deritzo. Tumatxak estandar hori (bereziki Trados-en bertsioarekin probatua), eta software libreko lokalizazioetan erabiltzen den .po formatua ezagutzen ditu.

Zope produktu librea

Tumatxa software librea da. Baina ez da etxeko ordenagailurako programa bat, Interneteko erabiltzaile arruntak edo itzultzaile freelance bere kasa instalatzeko modukoa. Web aplikazioa da hau: Zope web aplikazioen zerbitzaria darabil oinarri gisa, eta Linux sistema eragilea duten makinetan dabil. Zope-rekin esperientzia ezinbestekoa da Tumatxa webgune batean, Intranet batean edo eremu lokal batean instalatzeko.

Izena

Tumatxa euskal argotezko berba, Antton Olariagak edo Zakilixutek asmatu zuen, ez dakigu zehatz nork. Ingelesezko too much esamoldetik eratorria da, eta garai batean gaztelaniaz demasiao esaten zen hura adierazten du. Gaur egunean, inork ez du demasiao esaten gaztelaniaz, akaso qué pasada! edo horrelako zerbait. TuMatXa hitzean TMX estandarraren siglak ere irakurtzen ahal dira.

Erantzunak

Joseba Abaitua
2004-01-21 : 17:39

Ez da oso normala Multilingual Computing and Technology aldizkarian sofware librearen garapenak kontutan hartzea, merkatuko enpreseen publizitatearen hain menpe dagoen argitaralpen batean. Baina antza denez, honetan TuMatXaren berria jaso dute! Ea itzulpen munduan testu eleaniztuen trukeak bideratzeko hain egokia dirudien sistema honek merezi duen arrakasta lortzen duen! Seguru baietz!


Probak egin nahi duenarentzat gure DELiko webgunean baditugu testu multzo txiki bat TMX formatoan; eta gehigago badira nonbait.

Segi ondo,


Joseba

Niko Etxarten jarraitzaile bat
2004-01-21 : 18:28

Tumatxa ez al zuen Nikok aspaldi sortu? Txikikeria hau alde batera utzita, bada garaia euskaraz horrelako materialak sortzeko! Zorionak.

Erantzun

Sartu