Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nolakoa zen zure lehen ordenagailua?

Joxe Aranzabal
2004-01-19 11:01

Nire lehen ordenagailua 1990ean erosi nuen, Arrasate Pressen nenbilela. Macintosh bat izan zen, zuzenkiago esanda Mac SE bat. 1,5 MB zeukan RAM. Disko gogorra, berriz, 20 MBkoa. Eta prezioari dagokionez, milioi erdi pezeta kostatu zitzaidan. Urtebete eskas egin nuen ordenagailu harekin.

Mac IIci

1991n lehenengoa saldu eta bigarren bat erosi nuen, Mac IIci bat. Nire kontura hasi behar nintzen berripaperak-eta argitaratzen, beraz, makina ahaltsuagoa behar nuen. Bigarren honek 5 mega zituen RAM, eta 40 MB disko gogorrean, mordoa garai hartan. Ordaindu ere, polito egin nuen, milioi bat pezeta inguru.

Ordenagailu honekin egin nituen ia hamar urte, baina garai hartan Internet iritsi zen eta nire mac hura ez zegoen prest urrats hura egiteko. Beste bat erosi behar, hortaz.

iMac

2001ean bigarren ordenagailua Anboto aldizkariko lagunei eman, hasi berriak baitziren abentura handian, eta hirugarrena erosi nuen. iMac bat zen, urdina eta arrauzkara. Kostatu zitzaidan aurrekoaren laurdena baino gutxiago, Konekta Zaitez programaren laguntzari esker, baina askoz ere ahaltsuagoa zen: 64 MB RAM eta 20 GB disko gogorrean.

Beronekin egin nuen salto Internetera eta oraingoz, beronekin segitzen dut, Mac OS 9.1 sistema eragilean.

Eta zuek, gogoan duzue zuen lehen ordenagailua? Nolakoa zen?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu