Teknologia albisteak
1

sudurra betiko balitz!

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - bermeotik
2004-01-20 : 11:01

Oraindik ez zen psikoanalisirik. Freud, Fliess izeneko otorrinolaringologo batekin liluratuta zebilen. Haien arteko adiskidetasuna sortzen ari zelarik, ideiak eta sentimenduak sutsuki konpartitzen zituzten, elkarri arrazoia eman nahi zioten, beren asmakuntzak bermatu. Fliessek biorritmoen teoria asmatu zuen: gizonezkook ere ba omen ditugu gure hilerokoak, hots, mafrundiak eta muki jarioak. Izan ere, gizonon sakoneko bisexualtasuna sudur hegaletan datza. Freudek, biziki enpatiko eta amultsu, sudurreko odol jario bat oparitzen zion lagunari hogeita hiru egunez behin, Fliessen teoriak "egiaztatuz".

Catherine Clémentek, "Les révolutions de l'inconscient" liburuan (Éditions de La Lamartinière, 2.001) sudurraren mendebaldeko historiaren atal lazgarri baten berri ematen digu, sudurrak historia baitu, ez dugu beti berdin erabili. Lizarduikoak aise froga lezake indoeuropar txoro horiek hona bazterrak nahastera etorri baino lehen, bestelako begirune ekologista eta harmonia feministaz hurbiltzen gintzaizkiola sudurtasunari; baina aspaldi egin du Marirenak.

Kontua da Freudek, bere burua aztertuz, eldarnio paranoikoen oinarrian zapalduriko homosexualtasuna aurkitu zuela. Armairu barruan, bertan zaudela ohartu zein ez, ei da paranoia pizten.

Eta Freud, gaztetan, Wilhelm Fliess otorrinolaringologoaren lagun mina zen. Hara delirioa: Fliessek, sudur turuten eta aluko ezpainen arteko antzaz jabetuta, sakonki hausnartu ondoren, sudurrari "aurpegiko sexu organo" iritzi zion. Gainerako sexu organoak bezalaxe, sudurrak ere neurosiak eragin omen ditzake, sudur neurosiak. Honela sendatzen zituen Fliessek: sudur hegaletako puntutxo "genital" batzuk kauterizatu eta kokainaz ixten zituen.

Fliessen eta Freuden arteko adiskidetasuna sortzen ari zelarik, ideiak eta sentimenduak sutsuki konpartitzen zituzten, elkarri arrazoia eman nahi zioten, beren asmakuntzak bermatu, Deleuzek eta Guattarik bezala, edo Bouvardek eta Pécuchetek. Fliessek biorritmoen teoria asmatu zuen: gizonezkook ere ba omen ditugu gure hilerokoak, hots, mafrundiak eta muki jarioak. Fliessen esanetan, gizonon sakoneko bisexualtasuna sudur hegaletan datza. Freudek, biziki enpatiko eta amultsu, sudurreko odol jario bat oparitzen zion lagunari hogeita hiru egunez behin, Fliessen teoriak "egiaztatuz". Joran honek badu zerikusirik gerora Freudek berak "maitasunezko transferentzia" izendatuko zuenarekin. Orobat, sudur sexualarekin Fliessek zuen obsesioak Freud "alde erogeno" kontzeptura bideratuko zuen.

Freuden paziente Emma Ecksteinek ibiltzeko eta digestioa egiteko zailtasunak zituen, eta hilerokoak desgaraiz, arraro eta txarto. Fliessen ustez, horiek guztiak ez ziren sudur zikloen desorekaren adierazpenak baino. Aitzitik, Freudek masturbazio frenetiko baten sintoma gisa interpretatu zituen, jokabide kezkagarria inolaz ere. Halatan, Fliessek, Freuden diagnostikoa onarturik, sudurreko zulotxoen kauterizatzea eta kokainaz estaltzea baztertu eta kezkaren araberako sendakuntza aholkatu zion Freudi, benetan errotikoa: sudurreko ezker hegalaren ablazioa.

Fliessek berak egin zuen ebakuntza. Haatik, hamalau egunen buruan hanpilot zen oraindik, eta kirats nazkagarri bat zerion. Beste mediku batek zauria garbitu eta, sudurraz gelditzen zentxoan, hari bat ikusi, tiratu, eta metro erdiko gasa bildu zuen, Fliessek bertan ahantzia, aste biz lizundua. Ezustean, gainera, hemorragia ikaragarri bat sortu eta ia Ecksteinenak egin zuen. Freudek, konortea ez galtzearren, erruz edan behar izan zuen pattarra. Ecksteinen aurpegia desitxuraturik geldituko zen sekula betikoz, muskuilu zinez itsusia erdi-erdian.

Freudek ez zuen inoiz Ecksteinen sudur makabroari bueltak emateari uzterik izan. Freudek, bere azken hilabeteetan, enpatiaren eraginez, besteak beste, sudur hegalak hain zituen kakusaintsu, non bere azken pazienteek ihes egiten baitzioten, izuturik; bere txakurtxoa ez zitzaion inondik inora hurbiltzen; eta Freuden aurpegiaren gainean oihal bat paratu behar izan zuten, euliak uxatzearren. Freudek, orduan, Schur doktoreari txerto hilgarri bat jar ziezaion eskatu zion.

Horra sudur bi, horra bi sendagile ospetsuen iniziatiba alaien kronika. Gure kulturaren eta astakeriaren arteko lotura Emma Ecksteinen odolosteak polito du ilustratzen, emakume judu haren saxofoia izan baitzen, C. Clémenten esanetan, XX. mendeko Europako arimaren sendabiderik ezagunenaren aldarean sakrifikaturiko lehen biktima.


Erantzunak

Sustatu
2004-01-20 : 11:48

Gezurra badirudi ere, egia da Markos Zapiainek kontatzen duena: http://en.wikipedia.org/wiki/Emma_Eckstein


Erantzun

Sartu