Bookcrossing: irakurketa eta abentura
Duela hiru bat urte sortu zen bookcrossing proiektua: Liburu bat toki publiko batetan utzi, beste norbaitek hartu dezan. Beste norbait horrek liburua hartu, irakurri eta beste nonbaiten utzi beharko du. Aspaldi Interneten sortutako ideia bat da, oraingoan sistematizatu eta webgune eta guzti datorrena.
Ron Hornbaker programatzailea da ideia horren guztiaren sortzailea. Hasieran proiektu bat baino ez zena, orain mundu guztiko milaka irakurle biltzen dituen "elkartea" da bookcrossing. Joan den urtean sistematizatu egin zuten proiektua eta www.bookcrossing.com webgunea sortu zuten. Datu basea eta liburuei jarraipena egiteko aukera eskaintzen du webguneak, liburu bakoitza nondik nora doan jakiteko.
Liburua erregistratu
Liburu bakoitza webgunean erregistratzen da eta kode bat ematen zaio. Liburua erregistratu baino lehen, webgunean izena eman behar dugu. Azalpen orri bat ere jartzen da liburuan, aurkitzen duenari azaltzeko liburuak zer helburu jarraitzen duen. Liburua erregistratu ondoren jabeak non uzten duen esaten du webgunean.
Liburuaren komunitatea
Abentura honetan barneratu nahi duenak modu erraza du orain: webgunera joan, go hunting atalera sartu eta gure etxetik gertuen dagoen lekua bilatuko dugu. Toki horretara joan, liburua hartu eta journal entry atala beteko dugu, liburua nondik nora doan jakiteko. Journalentry atalean liburu horren gaineko egunkari bat idazteko aukera ere badago; liburua nondik nora joan den, irakurri duenak zein iritzi duen eta horrelakoak aurkituko ditugu.
Partaideentzako foroa, chat-a eta beste hainbat zerbitzu ere badago community atalean.
Gaztelaniaz ere bai
Jatorrizko webgunea ingelesez badago ere, Espainian ere egin dute webgunearen atal batzuk gaztelaniaz jartzeko ahalegina. Ingelesez ez baduzu gehiegi ulertzen, orain baduzu gaztelaniaz atal batzuk ikusteko aukera hemen.
Erantzunak kargatzen...