Datorren astelehenean Goienak beste pausu bat gehiago emango du. Izan ere, Asteleheneko GOIENKARIA kaleratuko da. Eta lehenengo zenbakia, Zero zenbakia, astelehenean, abenduaren 22an, ikusiko dugu kalean. Ekimen honen inguruan hitz egiteko Eneko Azkarate, GOIENKARIAko zuzendariarengana jo dugu.
Nobedadea. Nobedade benetan handia. Hemendik aurrera, GOIENKARIA ostiralean jasotzeaz gain, astelehenetan ere izango da. Lehenengo zenbakiak Santamas egunean ikusiko du argia.
Bai, Santamas egunean argitaratuko dugu Asteleheneko GOIENKARIAren Zero zenbakia. Buru-belarri ari gara lanean aste honetan: ohiko ostiraleko GOIENKARIA eta herrietako edizioak prestatzen gabiltza, baina, horretaz gain, Asteleheneko GOIENKARIAren Zero alea ere egiten hasiak gara.
Astelehenekoa ezberdina izango da. Ez dugu Asteleheneko GOIENKARIA etxean doan jasoko.
Etxean jaso ahal izango da. Baina, kontuan hartu behar da harpidetza bidez jasoko dela. Bi modu nagusi izango dira Asteleheneko GOIENKARIA eskuratzeko:
Astelehenetan, goizean goizetik hasiko gara banaketa egiten eta, esan bezala, harpidedunak nahi duen tokian jasoko du alea. Gainera, harpidetza egiteagatik, hainbat abantaila izango dira: GOIENKARIA etxera edo norberak nahi duen tokira eroateaz gain, hainbat deskontu eta opari izango dituzte harpidedunek. Hasteko, orain harpidedun egiten direnei, liburu bat oparituko diegu. Hainbat ipuin jasoko ditu liburuak, bertako euskalkian idatzitakoak. Hori izango da eskainiko dugun lehen oparia.
Bi GOIENKARIen arteko desberdintasun nabarmenetako bat da hori, harpidetza ordainduko duzuela. Baina, Asteleheneko GOIENKARIAk zein ezberdintasun izango du edukiari dagokionez ostiralekoarekin alderatuta?
Gure asmoa da asteburuan gure ibarrean gertatzen dena jasotzea. Ostiraleko GOIENKARIAn jasotzen ez diren hainbat gertaera edo ekitaldi izaten dira asteburuan zehar. Bai, egia da, ostiraleko GOIENKARIAn asteburuko gauzak jasotzen ditugula, baina beste gauza asko kanpoan gelditzen dira. Gure asmoa da, asteburuan gertatzen den ahal den guztia batzea. Ahal den guztia esaten dudanean, ez naiz kirol gaietaz bakarrik ari. Kirol ekitaldiez gain, esparru ugaritako ekitaldien berri emango dugu: kultura ekitaldiak eta jaiak, kasu.
Guk nahi duguna da, batez ere, gure ibarrean asteburuan gertatutakoa, inork baino lehenago eta inork baino sakonago lantzea. Prentsa idatziari dagokionez, behintzat, beste inor baino azkarrago aritzeko erronka daukagu. Horrez guztiaz gain, asteak ekarriko duenaren berri ere emango dugu.
Gure bailaran asteburuan ekintza asko izaten dira. Horiek biltzeko aukera izango da, beraz, astelehenetan. Astelehenetako GOIENKARIAn nolako garrantzia izango dute argazkiek?
Goiena sortu zenetik, prentsa idatziari dagokionez, maiztasunean areagotzea izan da gure erronketako bat. Orain dela urte bi, astekari ez ziren gure ibarreko aldizkariak astekari bihurtzeko ahalegina egin genuen. Horrela, herri bakoitzeko informazioa gutxienez astean behin ateratzea lortu genuen. Orain, beste pausu bat eman eta astelehenetan ere kalean izango gara. Beraz, astean egun bitan egongo gara.
Hori esanda eta galderaren harira joz, nabarmendu nahi dut Asteleheneko GOIENKARIA ez dela ostiralekoaren berdina izango, itxurari dagokionean. Diseinu berria izango du, modernoagoa izango da eta, bai, argazki ugari izango ditu, argazki handiak. Zelanbait esatearren, ikusgarriagoa egiten saiatuko gara. Bestalde, kronika asko jasoko ditugu eta kroniketan argazkiek garrantzia handia izango dute.
Zein izen izango du?
Asteleheneko GOIENKARIA izena izango du. Ostiraleko aletik nabarmentzeko aurre-izena jarri diogu, argitaratuko den egunarena. Nahiz eta bi produktu ezberdin izan, esan genezake, astean behin beharrean, aurrerantzean birritan izango dela GOIENKARIA kalean.
Zero zenbakia, hilaren 22an irtengo da, Santamas egunean. Gabonen atarian. Noiz hartuko du Asteleheneko GOIENKARIAk asteroko martxa?
Otsaileko lehen astelehenarekin hasiko gara astero-astero. Orain Zero alea argitaratuko dugu produktua ezagutzera emateko eta egun hau aukeratu dugu esanguratsua delako, Arrasaten batez ere, eta Gabonak gertu ditugulako. Gabonetan harpidetza kanpaina indartsua egingo dugu, ibarreko hainbat elkarte, erakunde eta talderekin elkarlanean. Zero ale hau, goizean goizetik banatuko da, doan, etxe guztietan eta leku publikoetan ere jarriko dira aleak. Santamas ferian izango du bere txokoa, kalean mahaiak jarriko ditugu-eta.
Etorkizunari begira, aurreikuspenak beteko al dira? Orain artean GOIENKARIA doan banatu da. Beraz, aldaketa nabarmena izango da, Asteleheneko GOIENKARIA saldu egingo baita.
Guk jendeak ondo erantzutea espero dugu. Egia da oso zaila dela beste barik kioskoetan salgai ipini eta ohiko egunkariekin lehiatzea. Horregatik egin nahi dugu harpidetza kanpaina indartsua eta hemendik denbora batera, ordainduzko harpidetza bidez izan arren, gure ibarrean gehien saltzen duen egunkariak beste saltzea nahiko genuke. Aipatu dudan moduan, ibarreko hainbat erakunde, elkarte, talde, ikastetxe, enpresa eta abarrekin elkarlanean aritu nahi dugu, hauen inplikazioa lortzeko eta erronka berri honi aurre egiteko.
Hemendik aurrera, GOIENKARIAko lantaldeari dagokionez, aldaketak izango dira, ezta?
Orain arte ohituta geunden, prentsa sailekook, astelehenetik ostiralera lan egiten, nahiz eta asteburuetan ere lantxo batzuk egin. Orain, asteburuetan ere lan egingo dugu. Asteleheneko GOIENKARIAk bere lan talde propioa izango du, baina Goienako prentsako lan taldea ere arituko da horri begira.
Bukatzeko, esan daiteke, astelehenetan jende askok erosten duela prentsa kirolagatik, futbolagatik gehienbat. Kirola nagusi izaten da asteburuetan eta hori, asteleheneko prentsan nabari da. Zein bide jarraituko du GOIENKARIAk edukiari dagokionez?
Astelehenean banatuko dugun Zero aleak 32 orrialde izango ditu eta kirolak hiruren bat hartuko du. Esan nahi dut honekin, kirola sakon jorratuko dugula, baina ez dela kirola bakarrik izango, beste era askotako informazioa (kultura, politika, ekonomia, jaiak ) eta baita zerbitzu-informazioa ere jasoko dugula. Eta, kirolari dagokionez, gehienbat, gure ibarreko kirol taldeek jokatzen dituzten partiduen berri emango dugu.
Bestalde, ibarrean zaletasun handia dago futbolaren inguruan, batez ere Realak eta Athletic-ek jarraitzaile ugari dituzte. Ikusi besterik ez dago hamabostero autobus ugari betetzen direla Anoetara joateko. Beraz, futbol talde nagusiei ere jarraipena egingo diegu, baina, beti ere, Debagoieneko ikuspuntutik, hau da, ibarreko jendearen testigantzak eta iritziak jasoz.
Erantzun
Sartu