Teknologia albisteak
2

Euskara hizkuntza sexista al da?

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Alvarez Uria - Euskal Herriko Bilgune Feminista
2003-12-15 : 10:12

Asteburu honetan Eibarren izan diten II. Topaketa Feministetan euskararen izaera sexistari buruz hitz egin da. Amaia Alvarez Uriak gaiaren inguruko lana aurkeztu du bertan, egileak gaiaren inguruko bibliografia osatua jaso du.

Hizkuntzak eta errealitateak elkarri eragiten diote eta honen ondoren galdera bat agertzen zaigu: zer da sexista, hizkuntza ala erabilera? Argi dago erabilera ez-sexista egiteko aukera ematen digula euskarak, hala ere, erabilera sexista egiteko posibilitatea dagoen neurrian ez al da hizkuntza hein batean sexista? Erabilerak egiten du hizkuntza eta hizkuntzatik elikatzen da erabilera, beraz, harreman dialektikoa dago.

Euskararen zama sexista %5 da

Ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80 Alvaro García Meseguerren arabera (Lenguage y discriminación sexual. Cuadernos para el diálogo, Madrid, 1977), nahiz eta eztabaidagarria izan daitezkeen datu hauek, lan egin behar dugu hizkuntza aldatzeko jendartea aldatzen dugun bitartean eta horrela, arlo guztiak aldi berean landuz, aukera berdintasunera heldu ahal izango gara.

Euskaran beste modu batzuetan agertzen da

Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre). Hirugarren pertsona singularra neutroa da (bera/hura), beste hizkuntza askotan markatuta dagoenean. Atzizki gehienak neutroak dira (-gizon, -eme, -andre kenduta). Aditzean genero bereizketa agertzen da hikako tratamenduan (parekoen arteko binakako komunikazioan sexua gramatika kategoria bihurtzen da: -n/-k).

Erdaretatiko eragina

Hizkuntzan kalko eta maileguetan azaltzen da, (maskulino orokortzailea: aitak, errege katolikoak, generoa adjetibo eta izenetan: antropologo, boluntario). Linda Whitek “genero kutsadura” deitzen duena ere gertatzen da euskaraz; izen neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu, (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea), generoa morfologikoki ez da ia agertzen euskaraz, asosiazio kultural baten ondorioz gaineratu/ezarri zaio. Baina ez da lanbideetara mugatzen, gizonezkoek balio generikoa duen edozein esaldi bereganatzen baitute (gazteek = gizon gazteek).

Itxurazko bikoteak

Hiztegiari erreparatzen badiogu, “itxurazko bikoteak” topa ditzakegu (forma berdina dituzten hitz pareak baina esanahi ezberdina generoaren arabera, adibidez ‘emabakar: monógamo’ eta ‘gizabakar: individuo, individual’), edo “jauzi semantikoak”, generikotik espezifikora doazenak eta alderantziz, (adibidez ‘hombre’ eta ‘gizon’ genero maskulinoaren adieratik salto egiten dute adiera generikora).

Eman diren gomendioak ikustera:

  • Emakunderen hizkera ez-sexista erabiltzeko gomendioak: ‘izena+gizon’ egituraren ordez, ‘-ari’ atzizkia edo ‘langile’ erabiliko dugu; Euskaraz ditugun hitz elkarketak erabiliko ditugu, (seme-alabak, neska-mutilak), eta ez erderetatik etorri zaizkigun kalkoak; aitak, semeak, ... (maskulino orokortzaile direnak); Zuzendari jauna formula saihestuko dugu eta hurrengo hiru aukeren artean aukeratu; zuzendaria edo zuzendari jaun/andrea (zein generotakoa den ez dakigunean), zuzendari jauna edo zuzendari andrea (zein generotakoa den dakigunean); Ez dugu ‘-sa’ atzizkia erabiliko. Zubereraz bizirik dagoen arren, (laborarisa, jainkosa, alarguntsa, abadesa, alkatesa), hegoaldean ‘-ren emaztea’ esateko erabili baita. Beraz, generoa zehaztu nahi badugu, neska/mutil dantzaria edo gizon/emakume dantzaria esango dugu; Hika ez dugu talde misto bati zuzendutako mezuan erabiliko; Kontuz beste muturrera pasatzearekin (erdaretikako itzulpenetan hizkera sexista sahiesteko perifrasi batzuk beharrik gabe mantentzea) Gizartea bi generok osatzen dugu, bien interesak asetu behar dira; Pareko tratamendua eman behar zaie emakume eta gizonei; Ez dira lotu behar estereotipoak eta gizarte-paperak, lanbideak, sexuak; Pertsonak izen, abizen, kargu, lanbidez identifikatu behar dira, ez ‘andre’az; Ahaidetasun-erreferentzia alferrikorik ez egin; Ez gutxietsi edo oztopatu emakumeen ekintzak hizketaren bidez
  • Emazteek diote, Eraikizan eta Anuntxi Aranaren proposamenak: Jende(ki), pertsona (gizaki, gizonen ordez), Jendarte (gizarteren ordez), Haurrideak (anaiaken ordez; anai-arrebak), Haurridetasuna (anaitasunaren ordez)
  • Begoña Muruagaren gomendioak: Mezuen atzean dagoen simetria faltan, anbiguotasunean, sexismoan erreparatu; Ez galdu alderdi anekdotikoetan (@ ren zuzentasuna gaztelaniako generikoa osatzeko adibidez) eta emakume eta gizonen arteko harremanen azterketa egin; Adi egon, gizartean lortu ditugun aldaketa txikiak oso erraz galdu ditzakegu eta (Anuntxi Aranak esaten du “antzinamenduak ez dira(la) itzuliezinak”)

Erabilera aldatzea sistema aldatzea baino errazagoa da. Arauak hitzei buruzkoak dira, esanahiak ezin dira hain erraz aldatu, hauek, sinbolo sistemarekin daukatelako harremana. Hitza, testua garrantzitsua da, baina ez dugu testuingurua ahaztu behar, eta honek patriarkatuaren sinbolo sistemara eta emakumearen irudi eta errepresentazioetara garamatza.

Emakunderen proposamenetan agertzen da androzentrismoak eta sexismoak eragindako akatsik ohikoenak: androzentrismoak emakumezkoa era batera edo bestera ezkutatzea edo desagerraraztea da; gizonezkoak ekintzaren ardatz eta erreferentzia gunetzat hartzea eta emakumezkoak menpeko edo agindupekotzat. Sexismoak nolako sexua halako tratamendua ematean datza, (emakumeak adingabekoen modura); ezaugarri ezberdinak irudikatzea gizonentzat (adimenari lotuak) eta emakumeentzat (estetika); emakumea deskalifikatzeko aipatzea (aipu iraingarriak emakumezkoen edota berauei aitortzen zaizkien balio, portaera eta jarreren aurka).

Pentsamendu patriarkala deseraiki

Emakumearen irudi eta errepresentazioak ez dira ia aldatu: ama, emaztea, maitalea, ohekidea eta neskamea dauzkagu (irudi sinboliko inkoszienteak, baina iragarkietan edo pelikuletan fijatzen bagara oso esplizituak eta agerikoak dira). Urteetan barneratu dugun pentsamendu patriarkala ikuspegi kritikoaren bidez “deseraiki” dezagun eta pixkanaka-pixkanaka has gaitezen gurea osatzen.

Erantzunak

Patxi Saez Beloki
2003-12-15 : 12:36

Kaixo Amaia. zurekin harremanetan jarri nahi dugu. Mesedez, idatz iezaguzu ePosta helbide honetara


Patxi Saez Beloki
2003-12-15 : 12:41

Bada ezpada ere, hauxe duzu helbidea: erabili@erabili.com

Erantzun

Sartu