Teknologia albisteak

Euskal AEko I+Gko gastua %8,6 handitu zen 2002an

Erabiltzailearen aurpegia
Eustat - Eustat
2003-12-09 : 09:12

Gastu hori BPGarekiko (%1,50) Espainiako batez bestekoaren gainetik dago (2001. urtean, %0,96), eta Europar Batasuna-15ekoaren azpitik (%1,93).

Joan zen 2002. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 672 milioi euro inbertitu ziren ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko (I+G) jardueretan, aurreko urtean baino %8,6 gehiago, Eustatek landu dituen datuen arabera.

Azken hamar urtean, ia hirukoiztu egin da ikerketa-lanetan egindako esfortzua.

Gastu horrek BPGaren %1,50 hartzen du, eta, beraz, estatuko batez bestekoaren gainetik dago (2000. urtean %0,96), baina Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik (%1,93). Hazkunde hori BPGak uneko preziotan izandakoa (%4,6) baino handiagoa izan da eta ondorioz, gastuaren intentsitatea sei ehunen igo da, aurreko urtearen aldean.

Egiaztatzen da erlazio positiboa dagoela biztanleko BPGaren eta I+Gra bideratutako BPGaren ehunekoaren artean. Herrialde aberatsenek egiten dute I+Gko inbertsiorik handiena, hau da, euren BPGaren %2,5 gainditzen dutenak: Suediak, Japoniak, Finlandiak eta AEBek. Bitarteko ahalegina, hots, BPGaren %1,5en eta %2,5en artekoa egiten dutenen artean, Alemania, Frantzia, Danimarka, Erresuma Batua, Norvegia, Austria eta Kanada daude. Inbertsio baxuak, azkenik, Irlandan (%1,17), Italian (%1,07), Espainian (%0,96), Hungarian (%0,95), Portugalen (%0,78) eta Polonian (%0,67)gertatzen dira.

Autonomia-erkidegoka, Euskal AEk bigarren tokian jarraitzen du I+Gko ahaleginaren rankingean, eta Madrilgo Erkidegoa baino ez dago aurretik (2001. urtean, %1,75eko gastua BPGaren aldean), I+Gan diharduten zentro publiko asko han biltzen direlako. Horiek horrela, ezein autonomia-erkidegok ez du gainditzen Europar Batasuna-15eko batez bestekoa.

Euskal AEn egindako I+Gko gastuaren %79 enpresa-sektorean egikaritzen da.

Egikaritze-sektoreei dagokienez, enpresek I+Gko gastuaren %79 kontsumitu zuten; %18 unibertsitate-ikerketara bideratu zen, eta gainerako %3 Administrazioaren mendeko zenbait organismo publikoetara. Arlo horretan ere diferentzial handia dago Espainiar Estatuko emaitzen aldean: 2001. urtean, enpresek I+Gko gastuaren %52 besterik ez zuten egikaritu, herri-administrazioak %16, goi-mailako irakaskuntzak %31 eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek gainerako %1.

Gastu handiena burutzen duen eta langile-kopuru handiena erabiltzen duen zientzia-diziplina ingeniaritza eta teknologia da, diziplina horretara bideratzen baitira baliabideen %77 eta han lan egiten baitute I+Gn diharduten langileen %75ek.

Industria-enpresei dagokienez, aipatzekoak dira garrantzi handieneko produktu ikertu gisa, makineria eta tresneria mekanikoa, eta aireontzi eta espazio-ontzien eraikuntza. Bi sektoreen artean, enpresek I+Grako bideratzen dituzten gastu arrunt guztien %25 (2001. urtearekiko %-2) kontsumitzen dute.

Zerbitzu-enpresen aldetik, telekomunikazioak, softwarea eta I+Gko zerbitzuak dira baliabide gehien jasotzen duten produktuak, eta guztien artean I+Gra bideratutako gastu arrunten %26ra (2001. urtearekiko %+9) iristen dira.

Finantzaketaren ikuspegitik, finantzaketa pribatuak, enpresen bidez, 434 milioi euro bideratu zituen ikerketara, guztizkoaren %64,5; eta ehuneko puntu eta erdi murriztu du bere ekarpena, aurreko urtearen aldean. Finantzaketa publikoak %27,1 iritsi zuen. Funtsen %8,3 atzerrian atzeman ziren eta ekarpena gehien gehitu duen sektorea izan zen, 2001ean %7koa izan baitzen eta 2000an %3koa. Euskal AE finantzaketa pribatu handieneko herrialdeen artean kokatzen da, AEB eta Alemaniaren mailan.

Euskal AEn I+Gko jardueretan diharduen guztizko langile-kopurua 11.165 lagunera (%+5,1, 2001. urtearen aldean) iritsi da, biztanleria landunaren milako 11,40; eta kopuru horretatik, 6.295 ikertzaileak dira, milako 6,43.

Euskal AEn egindako ikerketaren beste adierazle batzuk patenteak eta erabilgarritasun-modeloak dira.

Argitaratutako patenteen eskaera-kopurua 216ra iristsi zen 2002an; horietatik 137 estatu-bulegoan aurkeztutakoak, 34 Europa bidez eta 45 PCT bidez (nazioartekoa). Eskatutako patenteen kopuruagatik nabarmendu egiten dira etxeko tresnak, eraikinak eta eraikinentzako osagarriak (sarrailak eta kutxa gotorrak) eta garraioak eta enbalajeak.

Sortutako erabilgarritasun-modeloak 155 izan dira eta horietan ere nabarmendu egiten dira etxeko tresnak, garraioak eta enbalajeak eta eraikinak eta eraikinentzako osagarriak, baina kasu honetan, ateak eta leihoak.

Estatistika osoak hemen

Erantzun

Sartu