Teknologia albisteak

Anton Abbadia saria jasoko du Elay Taldeak, euskara bultzatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-12-03 : 19:12

Gipuzkoako Foru Aldundiko urtero ematen duen saria antzuolako Elay enpresak jasoko du abenduaren 19an. Horrela, Elay Taldeak euskararen erabilera sustatzeko egin duen lana nabarmenduko da. Saria izango da Xabier Laka eskultoreak sortutako domina oroigarria eta 12.020 euroko diru kopurua.

Enpresa aitzindaria

Enpresa aitzindaria

Duela 12 urte hasi zuen Elay Taldea enpresak euskara plana, eta enpresa euskalduntzen aitzindari izan dela esan daiteke. Urte horietan guztietan lantegia euskalduntzeko enpresak eta langileek egin duten lana saritu du orain Foru Aldundiak.

Gaur egun 250 langile inguru ditu enpresak, gehienak Antzuolako lau lantegietan (Mexikon ere badu beste lantegi bat), eta gehiengoak badaki euskaraz. Ez da %10era iristen euskaraz ez dakitenen kopurua. Lantegi barruko hartu eman guztiak euskaraz egiten dira, baina euskara ulertzen ez dutenak baztertu gabe. Esaterako, enpresako batzar orokorrak euskara hutsean egiten dira; baina, gerturatutakoen artean euskara ez dakienen bat baldin badago, berehalako itzulpen zerbitzua eskaintzen zaio. Gainera, lantegiko errotulazioak ere euskara hutsean daude.

Elay Taldeak beste esparru batzuetan ere jaso ditu sariak. Baina, lehenengo aldia da euskara normalizatzeko egin duten lana saritu dutena. Halaber, iaz, Kontseiluak "Lana eta zerbitzua euskaraz" ziurtagiria eman zion.

Anton Abbadia sariak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak 1996 urtean Antton Abbadia saria sortu zuen. Euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna jende aurrean aitortu eta saritzeko asmoz jaio zen Abbadia saria.

Saria emateko kontuan hartu dira saritutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, eta euskararen normalkuntzaren alor guztietan egindako ekarpena. Gainera, saria ematerakoan gogoan izan da pertsona edo elkartearen orain arteko ibilbidea eta jarraitasuna.

Erantzun

Sartu