Toribio Etxeberria sarien azken emanaldian 2. saria jaso zuen XMadina enpresak, interes handiko proiektu bat dauka atzean: ezintasun fisikoa dutenek teknologia erabiltzeko aplikazioak. Ekintzaile saiatu bat dabil horretan: Xabier Madina.
Urtero-urtero banatzen dira Toribio Etxebarria sari preziatuak. Aurtengoen berri, Sustatu albistegian bertan irakurri genuen. Hor ikusiko duzue saridun guztien zerrenda ere.
Xmadina enpresarentzat izan da bigarren saria. Baina, zer enpresa mota da xmadina?
XMADINA Tecnología Adaptativa S.L. enpresa Donostian kokatua dago. Bere eragile nagusiena, Xabier Madina azpeitiarra da, egun Donostian bizi dena.
Xabier Madina ezaguna da Azpeitian, batez ere kirolari bezala. Uztarria herri aldizkarian egindako elkarrizketa luze batean, bere kirol ibilbideaz aritu zitzaigun.
Tartean, baina, orain saria jaso duen enpresa eta proiektua izan zituen hizpide: askatasuna teknologiaz
Proiektu honekin lortu nahi dudana da zera: gu bezalako pertsonek teknologia erabiliz gure askatasun pertsonala lortzea gauzak egiteko orduan, eta gai izatea eguneroko bizitzan hainbat gauza egiteko; besteak beste, jende askorentzat hain sinpleak diren gauzak: ordenagailuan idaztea, musika entzutea, DVDak ikustea, eta abar.
Ezintasun fisiko haundiak dituzten pertsonen beharrak asetzeko asmoa du, beraz, XMadina enpresak. Eta, horretarako, sistema informatiboak erabili nahi ditu. Webgunean bertan, horrelaxe ipintzen du Xabier Madinak:
Bizi garen gizartearen aurrean minusbaliotasun fisiko bat edukitzeak dakartzan ondorioak, berezko esperiantziagatik ezagutzen ditugu, eta hori da guretzat tresnarik onena gure eguneroko beharrei konponbiderik eraginkorrena eskaintzeko.
Xmadina enpresaren proiekturik nagusiena, ETSEDI proiektua da. Proiektu honek, Kutxa ekintzaileen akzesita jaso zuen 2001. urtean.
Minusbaliotasun fisiko haundia duten persona asko, ohituak daude oso joystick edo antzeko aparatuekin lan egitera. Gurpildun aulki elektrikoa, adibidez, horrelaxe gidatzen dute. Aldiz, bestelako komunikazio modu asko, ez dira egokiak eurentzat: teklatuak, urruneko mandoak, telefono mugikorrak, xaguak...
Bestalde, ezintasun fisikoa duten pertsonek zailtasunak dituzte idazteko orduan. Eta, idazteak, asko esan nahi du pertsona hauentzat, askotan komunikazio bide eraginkorrena hauxe dutelako. Bixkor eta egoki idaztea lortuz gero, komunikazio beharrak asetzeko orduan aurrerapausu haundia emango lukete: idatzitakoa irakurtzeko makinak ere gero eta aurreratuagoak daude, eta abar.
Beraz, nola gainditu idazteko orduan dituzten zailtasunak, joystick-a erabiltzeko orduan duten erraztasunarekin? Nola lotu bi puntu hauek? Nola uztartu joystick-a eta idazteko premia? Hori da galdera.
Eta erantzuten saiatzen da ETSEDI proiektua.
Horretarako, hitzak bixkor idazteko modua asmatu du xmadina enpresak. Joystick-ak plano baten gainean dituen 8 posizioetan karaktereak kokatzen dira, kokatzeko modua azterketa estatistiko baten ondoren erabakitzen delarik. Ondoren, karakterez-karaktere hitza idazten hasten da erabiltzailea, baina ordenagailuak "hitz ohikoenak asmatzeko" ahalbidea du. Hitzak osatzen ditu (telefono mugikorretan-eta, antzeko sistema baliatzen da).
Sistema honekin, mugimendu gutxi batzurekin, gaztelaniaz ohikoenak diren 80000 hitz desberdinak idazteko aukera du erabiltzaileak.
www.xmadina.com enpresako webgunean, informazio gehiago.
Erantzun
Sartu