Jardunaldiak: Tokiko hedabideak etorkizunera begira
Aurkezpena eta pare bat hitzaldi egin dira eta 100 lagun inguru ari dira parte hartzen jardunaldiotan. Santi Urrutiak eta Aitor Zuberogoitiak amaitu dute beraien hitzaldia eta orain kanpoko esperientziak entzuten dihardugu Zamudion.
Arazotxo batzuk erdi-gaindituta, jardunaldietan jakingura dago, ikasi gura.
Orainarteko hizlariak:
- Santi Urrutia, EHUko gizarte ta komunikazio zientzien fakultatekoa: Mapa komunikatiboak izan ditu hizpide eta hori guztia euskararekin lotuta. Ikuspegi orokorra eman du hitzaldian eta nahiko ezkor agertu da. Entzuleen artetik erantzun zaio esaten euskarak baduela harro egoteko motiborik eta konparazioan behaldetik bagabiltza ere medio asko sortu direla eta industria izatera heldu garela euskarazko mediook.
Internet ez da izan hizpide, baina beraren ponentzian, aipatu du euskaraz 2002. urtean 3.000 webgune zeudela sarean (elebidunak). %29a euskara hutsez zeuden eta gainontzekoa beste hizkuntzekin batera. Horien kontzentrazioa Gipuzkoan omen dago. Handik sareratzen dira webgune euskaldunen %40. Araba eta Iparraldearen produkzio txikiaz ere jardun du Urrutiak. Paperean zein Interneten, izan ere,%2tik ez da pasatzen. Irratigintza, papera, telebista eta Internet ere jorratu ditu.
Atsedenaldiaren ostean (kafe eta guzti) bere hitzaldia egin du Aitor Zuberogoitiak:
- Aitor Zuberogoitia, Topagunearen hedabide saileko sustatzailea: Globalizazio garaiotarako iraupen-estrategia bat euskal hizkuntza-komunitatearentzat komunikazio-esparru autozentratua. Hau dena azaltzeko denboraz larri ibili bada ere, datuak eta datuak eman ditu, izan ere, Zuberogoitiak euskararen presentzia gaur egungo prentsa abertzale elebidunean tesia egina dauka.
Bi hipotesi eman ditu:
- Eremu elebidunetan gertatu ohi dena gertatzen dela prentsa elebidunean ere: hau da, bi hizkuntzetako bat beti soberatzen dela edo, gutxien-gutxienean, anekdotikotasunera, bazter-albisteetara kondenatuta dagoela, eta horrela ezin duela zentralitate propiorik ezarri eta ezta osasuntsu birsortu ere. Horren guztiaren ondorioz, hizkuntza horrek ezin du edozein mintazairak, biziko bada, ezinbesteko duen esparru sinbolikoa ganoraz nuklearizatu, eta, ondorioaz, gainbeheran abiatzen da. Eta gainbehera prozesu hori eskema diglosikoa nola edo hala geraraziagatik, eskema diglosiko horretan hizkuntza bat beti izango da ezinbestekoa; bestea, aldiz baztergarria.
- Txepetxek frogatu bezala (1991: 33-71), motibazioa-ezagutza-erabilera / erabilerta-ezagutza-motibazioa bi norabideko zirkuitua dago hizkuntzen ikaskuntza- zein transmisio-prozesuen oinarrian. Haatik, prentsa elebidun diglosikoak zirkuitu horretan tapoi-funtzioa egiten du, motibazio eta erabilera-defizitak ahalbidetuta zirkuituan zehar butadura nabarmenak eragiten dituelako.
Orain, ni testu hau idazten nagoen honetan George Jones dago hitzaldia ematen. Mercator erakundearen hedabide saileko ikertzailea da Jones. Gaia: Hizkuntza gutxituak eta tokiko prentsa Europan: mapa orokorra. Berez, Elin Haf Gruffydd Jones zen etortzekoa, baina haren mezua George Jones-ek ekarri du. Ondorio moduan aipatu du tokiko hedabideak kasu askotan oso garrantzitsuak direla hizkuntza gutxituen komunikazio-bizitasuna bizkortzeko.Hedabideen panorama orokorrean eragin handia daukate toki hedabideek. Bi arlotan dute zeregina toki hedabideek beraren ondoriotan eman duenez:
- Gizarte lokalen bizitasun sozialaren garapenean.
- Hizkuntzaren erabilerari eragitean.
Hitzaldiaren bigarren zatia emango du laster Jones-ek. Bazkal ostean jarraituko dute jardunaldiek. Mahai ingurua izango da eta gaia tokiko prentsa normalizazioaren ikuspegitik. Bigarren zatirako beste mahai inguru bat: Euskarazko prentsa: estrategia posibleak.
Erantzunak kargatzen...