Belaunaldien ilea aurpegian
Ondokoa gizonezko idazleen gainekoa da, emakumeen artean, azkeneko hamarraldietan bederen, depilazioa izan baita nagusi.
1-. Joan den mendearen hasieran, eta hurrengo belaunaldietan, urria zen ilea euskal idazleen aurpegietan: Txomin Agirre, Azkue, Etxepare, Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Iratzeder, Salbatore eta Koldo Mitxelena, Piarres Xarritton, Orixe, Mirande, Txillardegi, San Martin, Davant, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Joxe Azurmendi...
2-. Supituki, baina, berrogeita hamarreko hamarraldian jaiorikoen artean, harrigarriki zen loratu, hala bibote, nola bizar.
Baliteke aldaketa estetiko hau zio psikopolitiko sakonek eragin izana.
Oroitzen naiz hirurogeita hamalauan, Irungo karrika-kantoi ilun batean, euskal idazle iletsu batek komiki bat eskuratu zidala, klandestinoki. Klaseen arteko borroka ilustratzen zuen. Bazen burges tripaundia. Eta bazen batez ere proletario biboteduna, Edorta Jimenez, Joxan Elosegi, Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Juan eta Joserra Garzia, Jimu Iturralde, Juan Martin Elexpuru, Xabier Olarra, Jorge Gimenez eta enparauak bezal-bezalakoxea.
Belaunaldi honek fraideen eskoletan ikasi zuen. Beraz, hainbat dituzu antiklerikal sutsu, eta bibotea utzi zuten garaian antiklerikalismoa sendoen gauzatzen zuen iraultzaren subjektuarekin gorputz-arimetan bat eginikoak.
Hala ere, denboraren joanak lege psikologiko bat adierazi du idazle hauen gorputzen bidez: geldika-geldika, etsaiaren antzeko bilakatzen zara. Idazle mota honi, bibote proletarioari eutsi badio ere, tankera burgeseko tripotxa harrotu baitzaio. Horrela, jauna eta jopua giza forma bakar paradoxiko batean biltze honek, etorkizuneko iraultzen nondik norakoa erakusten digu: iraultza berriak burutuko badira, etsaia geure egin ondoren, arerioa geure baitan onarturik eta txertaturik, alegia, patroiekin batera, burutu beharko ditugu, edo bestela jai.
3-. Harira. Hirurogeita hiruko uzta deitu den horretan, ezusteko txandakatze batez, ia osotoro desagertzen da ilea idazleen aurpegitik.
Bestalde, txikitan telebista ikusi duen aurreneko belaunaldia da. Orduz geroztik, euskal idazleek, gainerako hiritarrek legetxe, pantailaren aurrean mamitzen dituzte identifikazio afektibo garrantzitsu aunitz.
Eta, ez baita txiripa, El tío Aquiles, Valentina, Locomotoro, Braulio, El Capitán Tan...: Los chiripitifláuticos-en inork ez zuen ilerik aurpegian, Calatrava anaietako baten belarrondoko patilak izan ezik, euskal literaturari ondorio larririk ekarri ez diotenak. Gainerako programetan ere, bizar gutxi: Flipper-ek ez zuen.
Iparraldeko haurrideekiko harremanei dagokienez, hain izan da sakona telebista estatal desberdinek gure artean zabaldu duten amildegia, ezen soilik globalizazio molde batek, hots, AEBen nagusitasunak Frantziako zein Espainiako telebistan eta zineman, ahalbidetu baitu sentimendu kontuetan elkar uler dezagun, apur bat baino ez bada ere.
4-. Azkenik, Lubakikoak eta, txikitatik telebista euskaraz ikusi duten lehenbiziko idazleak dira. Eta, Locomotoro espainol bat edo Doraemon euskaldun bat irentsi, idazle desberdina ernatu behar.
Halatan, idazle berri hauek, Txirri, Mirri eta Son Gokuren ilegabetasunarekin bat egin duten arren, hirurogeita hiruko uztarekiko aldaketa kualitatibo bat ekarri dute: Lubaki bandakoen edo Igor Estankona baten irudigintza, marrazki bizidunek betitik elikatua, aurreko belaunaldietakoa baino kementsuagoa da, eta ausartagoa; baina, aldi berean, baita naturalagoa ere, irudiaren eta hitzaren arteko lotura berezkoagoa litzan gisan.
Aurreko belaunaldietako metaforak, esate baterako, kontzeptu bat argitzeko eginahal gogor baten ondorio zirudien; aldiz, gazteok lasai asko doaz irudiz irudi, metaforaz metafora. Kontzeptua irudietatik eratortzen dute. Ematen du kontzeptua bera garatzea ez zaiela dotorea iruditzen, baizik errazkerian jaustea. Arrazonamendu bat adimenean barik, sagar batzuk sartzen dizkizute begietan, edo, deskuidatuz gero, puntapax mordo bat.
Idazkerari dagokionez, horrenbestez, ikus-entzunezkoak zuzenean euskaraz jasotzea funtsezkoa izan da. Uste dut idazkera horrek, Harkaitz Canoren zutabeek gailurrera igoa, luzaro iraungo duela. Dragoi Bolatik Shin Chanengana igarotzeak, lehen begiratuan erabakigarria dirudien arren, ez ditu eragingo axaleko ondorioak baizik. Hurrengo iraultza sakona ez da etorriko harik eta etorkizuneko petrikiloak gure idazleen geneak eta garunak manipulatzen has daitezen arte.
Erantzunak kargatzen...