Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal "Y"a ezin da Europako lehentasunetik kanpo utzi

Abiadura Handiko Trenaren Madril-Gasteiz-Dax ibilbidearen barne dago Euskal "Y" izeneko trenbide proiektua. Oraingoz, Euskal "Y"aren eraikuntza ez da berehala martxan jarriko.

Adierazpen honen sinatzaileok, Europako Batasuneko garraio azpiegituren proiektuentzat oso garrantzitsua den une honetan, ondokoa adierazi nahi dugu:

  • Lehena: Kezkatuta gaude euskal "Y" izeneko trenbide proiektua –Madril, Gasteiz, Dax hegoaldeko abiadura handiko trenbide ardatzean sartua- "quick start list" (berehala martxan jartzeko proiektuen zerrenda) deiturikotik kanpo geratu delako. Izan ere, zerrenda hori Europako Batzordeak Europako Kontseiluari abenduan berresteko aurkeztuko dion Hazkunderako Europar Ekimenera bildu da.
  • Bigarrena: Euskal Herria historikoki pasabide pribilegiatua izan da, bai kokapen geografikoagatik eta bai biztanleen borondategatik. Gure ongizatea eta oparotasun ekonomikoa zeharo bat datoz bokazio hori gauzatzearekin.
    Abiadura handi trenbide sare berria behar dugu, etorkizunik handieneko garraioaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuekin eta Europarekin lotzeko. Euskal Herriaren aurrerabidea eta Europar Batasunarekiko integrazioa estuki daude loturik trenbide proiektu horrekin. Euskal Herria Europako garraio sareetatik kanpo uztea erabaki larri eta historikoa da, eta etorkizun beltza iragartzen digu:
  • Hirugarrena: Europako Batzordeak "quick start list" landu du lau irizpideok kontuan izanda:
  1. Heldutasuna izatea, lanari hurrengo hiru urteetan ekin ahal izateko.
  2. Mugaz gaindiko dimentsioa izatea.
  3. Hazkunde eta berrikuntzan eragina izatea.
  4. Ingurumenean eragin ona izatea.

Euskal "Y" izeneko proiektuak betekizun horiek guztiak betetzen ditu eta Europan lehentasun handiko proiektua izan da, Essen-go Itunak sinatu zirenetik, Gasteiz-Dax tartea jaso zelako.

Hori guztia kontuan izaki, ulertezina da Atlantikoko Europarentzat eta Euskal Herriarentzat erabakigarria den proiektu hau bazter uztea.

Hortaz,

  • Jakinarazi nahi dugu oso kezkatuta gaudela azpiegitura hori "ez eraikitzeak" euskal ekonomiari ondorio txarrak ekar diezazkiokeelako. Proiektu estrategikoa da, eta eraikitzen ez bada, gure etorkizun ekonomiko eta soziala kolokan geratuko litzateke epe luzera.
  • Espainiako agintariei, Loyola de Palacio Garraio eta Energia komisario andreari eta Europako Batzordeari berari jakinarazten diegu Gasteiz-Dax trenbide proiektua ezin dela "quick start list" (berehala martxan jartzeko proiektuen zerrenda) deiturikotik behin betiko baztertu, proiektu horrek eskatutako betekizun guztiak betetzen dituelako, garraio sarearen ezinbesteko kate-maila delako eta Arku Atlantikoa Europaren geroko eraikuntzatik kanpo geratzea saihesten delako.

Sinatzaileak:

  • Josu de Lapatza (Merkataritza eta Industria Ganberako Lehendakaria).
  • José Mª Echarri (Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako Lehendakaria).
  • Ignacio Mª Echeberria (Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako Lehendakaria).
  • Román Knörr (Euskal Enpresaburuen Konfederazioko Lehendakaria).
  • Sabino Iza (Arabako Enpresari Elkartearen Lehendakaria).
  • José Martín Echeverria (Gipuzkoako Enpresari Elkartearen Lehendakaria).
  • José Mª Vázquez (Bizkaiako Enpresari Elkartearen Lehendakaria).
  • Manuel Montero (UPV/EHUko Errektorea).
  • Jaime Oraá (Deustuko Unibertsitateko Errektorea).
  • Inaxio Oliveri (Mondragon Unibertsitateko Errektorea).
  • Javier Retegi (Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria).

Bilbo, 2003ko azaroaren 20an.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu