Non zeunden Kennedy hil zutenean?
Artean telebistarik ez, irrati zahar bat geneukan sukaldeko mahaiaren gainean, eta haren inguruan bildu ginen, nagusiak eta txikiak, Kennedy hil zutela jakin bezain laster.
Parteak, halaxe deitzen baitzen Radio Nacional de Españako albistegiak, esan zuen nola zoro batek hil zuen John Fitzgeral Kennedy Dallasen, eta harrezkero Dallas bihurtu zen izen madarikatu guretzat, hantxe hil baitzuten presidente katoliko bat, AEBek izan zuten lehendabizikoa.
Arrosarioa ere behin baino gehiagotan errezatu genuen egun haietan, aitak esan eta guk erantzun, Kennedyren arimaren alde, eta gerrarik berriro etor ez zekigun. Gogoan dut nola sentitu nuen, lehenengo aldiz, zerbait berezia, eta nola adi-adi nengoen pertsona larriek zer esango, hura ulertzeko.
Haietako egun batean ere dolu eguna izan genuen eskolan: mundu askearen buruzagia hila zen, doilor batzuek hilda, komunistek akaso, horixe esan zuen don Migelek, eta han ere otoitz egin genuen, gerrarik piztu ez zedin.
Halaxe gogoratzen dut hilketa hura, lehen magnizidioa nire gogoan. Eta zu, non zeunden John Kennedy hil zutenean, nola gogoratzen dituzu une haiek?
Erantzunak kargatzen...