Teknologia albisteak
2

Itzulpengintzarako lehiaketa triste bat

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2003-11-24 : 09:11

Lehiaketa bat atera du Eusko Legebiltzarrak itzulpen bolumen handi bat esleitzeko. Ez dirudi 21. mendean idatzitakoa. Ez du kontuan hartzen itzulpengintzaren errealitate teknologikoa. Eta ez dio errespeturik aurrekontuetan diru publikoa gastatzeko moduan herritarrok merezi dugun zuhurtziari.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuren egunkariak gaztelaniatik euskarara eta alderantziz itzultzeko zerbitzuak kontratatzeko lehiaketa publikoa da, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2003ko azaroaren 11ko erabakia. Plegua hemen dago, PDF batean.

Bolumen handiko lana da. Legebiltzarreko zerbitzuek diotenez, itzuli beharreko testu guztien kopurua, urtean, 6.000 orrikoa da gutxi gorabehera, hau da, 30 bat bilkura-egunkari, bakoitza 200 orrialde ingurukoa. Euskaratik gaztelaniara itzuli beharrekoa kopuru osoaren %18 da gutxi gorabehera; gainerakoa gaztelaniatik euskarara itzuli beharrekoa da. Normalean, astero egunkari bat emango da itzultzeko. Enpresa esleipendunak bermatu behar du astean 200 orri itzultzeko gaitasuna baduela.

Badago lana, beraz. Ez dakit dagoen ganorarik, ordea.

Baldintza teknikoetan eskatzen dituzten gauzetan, itzulpen-memoriaren erabilpenik ez da ageri behintzat:

(...) 2.3. Jarraibide linguistikoak

Erabilitako euskara Euskaltzaindiaren arauekin bat etorriko da. Nahitaezkoa izango da honako erreferentzia hauek betetzea:

a) Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuak itzulpenetarako ezarritako irizpide linguistiko eta estilistikoak.

b) Zerbitzu horrek egindako termino eta izendapen zerrendak

2-4. Kalitatea

Itzulpen-agiriaren formazko ezaugarriak Legebiltzarrak bidalitako jatorrizko agiriak dituen berak izango dira. Itzulpenak berrikusi eta zuzendu egin beharko dira eman aurretik. Akatsik gabe aurkeztuko dira, bai formatu, tipografia eta mekanografia aldetik, bai hizkuntza eta estilo aldetik ere.

Xede-hizkuntzan idazkera natural eta autonomoa izan beharko dute, itzulpen-itxurarik izan ez dezaten. Jatorrizko testua edukia eta tonua adierazteko baliatuko da bakarrik.

2-5. Entregatzeko epeak

Bilkura-egunkari bakoitza itzuli eta Legebiltzarrean entregatzeko epea zazpi egun naturalekoa izango da, jatorrizkoa bidaltzen denetik kontatzen hasita. Horretarako, itzulitako testuak entregatzeko data ezarriko da. Testu bat baino gehiago bidaltzen badira aldi berean, astebeteko epea izango da testu bakoitza entregatzeko. Bilkura-egunkaria 200 orrialde baino gehiagokoa izanez gero, epea luzatzea erabaki ahal izango da.

2-6. Entregatzeko era

Enpresa esleipendunak eta Legebiltzarrak posta elektronikoaren bidez bidaliko dizkiote elkarri jatorrizko testuak eta itzulpenak, Microsoft Word 2000n edo sistema bateragarrian.

2-7. Txostena

Itzulpenarekin batera, honako datuok biltzen dituen txostena emango da:

a) Egunkaria itzultzerakoan erabilitako termino eta izendapen berrien zerrenda.

b) Itzulpenean parte hartu duten itzultzaile eta zuzentzaileen zerrenda.

Lehiakideek aurkeztu beharrekoetan, datu tekniko batzuk aipatzen dira, baina ez itzulpen-teknologia benetakoak bere izenarekin aipatuz (eta bolumen eta kontestu honetan, teknologia horrek izen posible bakarra du: itzulpen memoria):

(...) Itzulpen-sistematika

Itzulpen-prozesuan ezarritako sistematika azaltzen duen txostena aurkeztu beharko da: berrikuste eta zuzenketa mailak, batasun terminologikoa ziurtatzeko sistema, estilo-batasuna bermatzeko modua, e.a.

3-4. Azpiegitura

Datu zehatzak aurkeztu behar dira enpresaren alderdi hauen gainean:

a) Langile laguntzaileak.

b) Ekipamendu teknikoa: programa eta aplikazio informatikoak, datu-baseetarako sarbidea…

c) Bibliografia-hornidura: hiztegiak, glosarioak, eskuliburuak, estilo-liburuak…

d) Komunikatzeko eta datuak transmititzeko baliabideak.

Noski, horrek ez du esan nahi lehiakideek ezin dutenik erabili itzulpen-memoriarik. Ez horixe. Erabili, erabiliko dute, baina ez duena memoriarik ikusiko kontratatzailea izango da: egindako lanaren berrerabilpen aukera minimorik ez du izango. Bi urteren buruan, berriz biluz-biluzik egongo da Legebiltzarra. Lehiakideek terminologia glosariotxoak entregatu dizkiete, ez gehiago.

Ordainketarako sisteman ikusten da era berean aurreikuspenerako ITSU daudela Legebiltzarrean. Ez da gehienezko preziorik zehazten. Enpresa lehiakide bakoitzak bere prezio-proposamena egingo du, orrialdeko, BEZa barne. Horretarako, orrialde batek 30 lerro izango ditu, eta lerro bakoitzak, 70 karaktere. Orrialdeko prezio bat orain, lehen asteko 200 orrientzat, eta bi urte barru ere, prezio bera, orduan itzuliko diren 200 orrientzako. Tartean itzulpen-memoriarekin ezer aurreratu daitekeenik okurritu ere ez zaio egiten Legebiltzarrari.

Konparazio bat jartzeko: Ibarretxe planaren testua hedatzeko, inprimategi zerbitzuak kontratatu beharrean, dozenaka mekanografista taka-ta-taka kopiak banan-banan tekleatzen jartzeko lehiaketa ateratzea bezalaxe. Kopietan dirua aurreratzeko aukerak, zero. Kontraste teknologikoan, eta dakarren aurrekontu desfasean, paraleloak dira bi kasu hauek.

Eta, jakina, bi urte barru ireki beharko den lehiaketa berrian, hasieran behintzat, prezio berean edo garestiago ordaintzen jarraitu beharko da, ordura artekoaren berrerabilpenik ez baita egongo gauzak honela eginez gero.

HAEEko Itzulpen Zerbitzu Ofiziala serio ari da itzulpen-memoriaren erabilpenaren alde lanean, EIZIErekin elkarlanean, korpusak publiko eginez, ikastaroak antolatuz, eta abar. Lastima, gero, ustez gertu duten erakunde handi batek horren berri entzun ez izana. Lastima, batik bat, faktura denontzat izango delako. Eta ez bakarrik ekonomikoa. 21. mendean, beste aukera galdu bat hizkuntza-teknologientzat geure herrian.

Erantzunak

Eneko
2003-11-25 : 13:19

Lehiaketa honen baldintza pleguan datu polit bat dago ezkutatuta. Itzulpen lanaren gehiena gaztelaniatik euskarara izango da, noski, baina zehazten dute %18 inguru euskaratik gaztelaniara izango dela.


Alegia, Eusko Legebiltzarrean, euskarazko jarduna %18 da. Bataz beste, hala daukate neurtuta.


sustatu
2003-11-26 : 11:16

Gai honen inguruan, Jesus Mari Agirrek, Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuko arduradunak, erantzun dio Luistxori ItzuL posta-zerrendan, mezu honetan.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago