Kontuz Internet-eko salerosketa iruzurrekin
Iruzur kasu bat
Arrasateko lagun batek Ibazar webgunean kontaktua egin zuen Errumaniako mutil batekin. Hark prezio onean (500 euro) izugarrizko argazki kamara digitala eskaini zion.
Errumaniako mutilak UPS nazioarteko mezulari enpresan kontu korrontea zabaldu zuela eta dirua han sartzeko esan zion. Arrasatearrari kontu zenbakia bidali zion, UPSren logo eta guzti, ustez baliozkoa.
Arrasatearrak 500 euro kontu korrontean sartu eta bi egunen buruan argazki kamera etxean edukiko omen zuen. Hamabi egun pasa dira eta ez dago ez argazki kameraren arrastorik, ez eta errumaniarraren arrastorik ere. UPS enpresakoekin harremanetan jarri da arrasatearra, eta han ere ez omen da kontu zenbaki hori ageri, ez eta kamera bidalketaren informaziorik ere.
Internet bidez erosteko aholkuak
- Eduki kreditu txartel berezi bat, on-line erosketak ordaintzeko bakarrik. Aurrezki kutxa batzuk eskaintzen dituzte on-line erosketa segurua egiteko kreditu txartel bereziak.
- Ordaintzeko modu bat edo bestea aukeratzeko orduan, dudarik ez izan: dendak errenboltso bidezkoa eskaintzen badizu, aukeratu horixe, era horretan ez baituzu ezer ordainduko erositakoa eskuetan eduki aurretik.
- Errepara ezazu denda non dagoen kokaturik: Internetentzat ez dago distantziarik baina posta-zerbitzuentzako bai. Erositako gauza toki batetik edo bestetik ekartzeko gastuak ez dira berdinak; agian ez du merezi urrutikoak eskaintzen digun deskontua aukeratzea. Aztertu aukera guztiak.
- Egiaztatu enpresak datuen pribatutasunerako politikarik erabiltzen duen, datu "enkriptatuak", alegia.
- Bisita itzazu hainbat dendatan prezioak konparatzen dituzten web guneak, produktu berdin-berdinak (elektronikoak, diskoak, liburuak, etab.) erosteko unean batez ere. Saltoki bat bestea bezain fidagarria denean ez da zertan garestiago ordaindu behar.
- Egiaztatu dendak harremanetarako telefonoa eta posta helbidea duela. Posta elektronikoa eta webguneko helbidea ez dira nahikoa beste ordenagailuaren atzean nor dagoen jakiteko.
- Denda birtual askok erosketa egin duten bezeroei iruzkinak egin eta argitaratzeko aukera eskaintzen diete. Irakur ezazu nahi duzun produktuari buruz agertzen diren iritzi guztiak eta ez ahaztu iruzkin horien egilea edonor izan daitekeela.
- Salerosketa zerbitzari seguru baten bitartez egin ezazu (Exploreren giltzarrapoa itxi eta Netscapen giltza azaltzen da). Baina, hala ere, ez fidatu. Zure segurtasuna babestea dela eta, zerbitzari seguruak ezinbesteko dira, baina hori ez da aski.
Erantzunak kargatzen...