Errugbi jokalari euskaldun bat izar bihurtu da Sydneyn
Datorren igandean, etzi, Frantziak eta Ingalaterrak jokatuko dute partida erabakigarria Munduko Koparen barruan. Hori dela eta, The Guardian egunkariak jokalari euskaldun bat nabarmendu du gaur denen gainetik: Imanol Harinordoki.
Munduko Kopa Australian jokatzen ari da aurten, eta dagoeneko iritsi da finalerdietara. Igande honetan bi partida ikusgarri jokatuko dira: Australia-Zeelanda Berria; eta Frantzia-Ingalaterra.
Jadanik 44 partida jokatu dira, eta begi bistan geratu da zeintzuk jokalari nabarmendu diren. The Guardian egunkari britainiarraren iritziz, Imanol Harinordoki da horietako bat.
Imanol euskalduna
Imanol euskalduna da. Donibane Garazin jaio zen, orain 23 urte, eta 2002an egin zuen debuta Frantziako taldearekin. Egunkariak nabarmentzen du nola Imanol hasi zen lehenik eta behin pilotan jokatzen, nahiz eta gero aritu izan igeriketan, futbolean eta judo egiten. Hala ere, belauneko min batek futboletik urrundu eta errugbira eraman zuen. Lagunarteko giroa gustatzen zitzaion errugbian. Eta nabarmendu.
Lehendabidi jokatu zuen Garazi taldean, zeina gaur egun deitzen baita US Nafarroa, eta ondoren sinatu zuen Paueko taldean. Antza denez, Imanolek beti sinatzen ditu kontratuak urtebeterako, eskuak askeago izateko.
Harinordokik euskaraz hitz egiten du eta harro dago bere euskalduntasunaz, The Guardianek behin eta berriro erakusten duen gisan.
Jokalari aparta
Gaztea, karismaduna eta trebea, horrela definitzen du The Guardianek Imanol Harinordoki. Egunkariak ezinbestekotzat jotzen du haren ekarpena Irlanda mendean hartu zutenean.
Partida hartan entsegu ikusgarri bat egin omen zuen, eta irlandarren atzeko marra zeharkatzerakoan, atzamarra Supermanen antzera jarri eta bere burua lurrera jaurti zuen, beste eskuaz baloia babesten zuela. Entrenatzaileak errieta egin omen zion, min har zezakeelako. Sorbalda atera nezakeen bere lekutik esan du Imanolek. Orduan ez nekien hori egitea arriskutsua izan zitekeenik, baina egunero ez dut entsegurik egiten, eta erakutsi nahi nuen zer sentitzen nuen. Ez nuen minik hartu, baina ez dut berriz egingo horrelakorik.
Igandean Ingalaterraren aurka jokatuko du. Ingelesek gogoan dituzte Imanolek iaz esandakoak Sei Nazioen txapelketan, Ingalaterraren aurka galdu ondoren: Mesprezatzen ditut ingelesak, nola beraiek merprezatzen dituzten gainerako guztiak. Urtebete geroago, ordea, jokalariak leundu egin ditu orduko hitzak.
Edozein modutan ere, hautatzaile frantziarra pozik dago euskaldunarekin: Bikain orekatzen ditu lastertasuna eta pisua, eta trebea da aldentzeko. Izugarri hobetu du bi urtean, nahiz eta oraindik baduen zer hobeturik.
Igandean erakutsiko du nor den.
Erantzunak kargatzen...