Sustatu logoa Teknologia albisteak

20 urte geldittu barik

AED Elkartea - AED Elkartea
2003-11-14 10:11

AEDren izaera ekintzailearen ondorioz, helburu bera arlo zehatzetan jorratzeko lan talde ezberdinak sortu genituen eta lan talde hauetako batzuk gerora elkarte bihurtu dira: ARKO, Txatxilipurdi, Ekin eta Euskalan.

Etorkizunean: elkarlana

Berrogehitik gora Euskara Elkarte sortu dira AED jaio zenetik eta beste hainbeste herri aldizkari. Elkarte bakoitzak bere bidea egin du nortasun propioa garatuz eta etorkizunera begira gure arteko elkarlana ezinbestekoa izango da. Ezin aipatu gabe utzi Anton Abbadia sariak euskara elkarteen artean aintzindaritza aitortu ziola AEDri 1997ko abenduan.

XX. urteurren hau mugarri aproposa iruditu zaigu urteotan euskalgintza eta herrigintzan lortutakoa elkarteok bai arrasatear guztiekin eta baita euskararen alde lanean zabiltzaten guztiekin batera ospatzeko.

Azaroan zehar burutuko ditugun ekintzen egitaraua:

  • Esther Uria (Azaroak 14 eguakoitza):

Kultur Errota egitasmoaren barruan, azaroaren 14a barikua, gaueko 11etan, Jai Zale tabernan. "Urak dakarrena, glu-glu, glu-glu..." antzezlana eskainiko digu Esther Uriak Luis Fernandezen testuetan oinarrituta. Aktoreak bizitzaren gorabehera hunkigarriak, atseginak, eta deserosoak aztertuko ditu. Ikuskizun honekin ez gara barrez lehertuko, irribarre inteligentea sortu eta geure neuronak piztea baita bere asmoa.

  • Mahaingurua (Azaroak 20 eguena):

"Azken erasoaldien aurrean, euskalgintza osoa babesteko neurri iraunkor eta eraginkorren bila". Udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:15ean.

Mahainguru honetan parte hartuko duten kideak honako hauek izango dira: Martxelo Otamendi, Xabier Mendiguren, Xabier Huitzi eta Joxemari Muxika. Moderatzaile bezala Xabier Letona izango da.

  • Bertso bazkaria (Azaroak 22 zapatua):

Azaroaren 22an, eguerdiko 14:30ean Uarkapeko tabernan bertso bazkari bat egingo dugu.

Bazkariaren aurretik, bertso – poteoa egongo da, trikitilariekin Arrasateko kaleak girotuaz.

Bazkari ederraz gain, bertsolari eta trikitilariez gozatu ahal izango dugu guztiok. AEDko bertso eskolako bertsolariez gain, Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariak edukiko ditugu bertsotan.

  • Mugarriz mugarri (Azaroak 23 domeka):

Azaroaren 23a domeka, AED elkarteak eta Arrasate Kirol Proiektuak elkarlanean antolatuta Arrasateko parajeak ezagutzeko mendi ibilaldia egingo da. Ibilbidea ondorengoa izango da: Arrasate- Zaldibar- Asuela- Andramarizuri- Bedoña- Asuela- Zaldibar. Hitzordua, goizeko 9:30ean arbolapetan.

  • Eskubiko pareta (Azaroak 23 domeka):

Azaroaren 23a domeka, arratsaldeko 16:30ean Gaztetxean "Eskubiko pareta ikuskizuna" izango da. "Eskubiko pareta"k funtsean antzerkia, poesia eta pinturaren arteko harremanean sakondu nahi du ikuskizun baten bidez.

Gaiari dagokionean, egunero guztiok gure buruari egiten dizkiogun galderak daude oinarrian, neurri batean absurdoak ere izatera iritsi daitezkeen galderak, baina ekidiezinak zaizkigunak. "Gehiegi" pentsatzen dugun bakoitzean gure buruari egiten dizkiogu galdera horietara umoretik nahiz gogoetatik irekitzen dira zeharbideak ikuskizunean zehar.

  • Jokin Zaitegi (Azaroa bukaeran):

XVI. Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketan, Literatura Nobel Saria euskaratzeko beka, Urtzi Urrutikoetxea bilbotarrak irabazi zuen. Itzulitako eleberria Imre Kertész hungariarraren Sorstalanság izan da eta honen aurkezpena egingo da azaroaren erdialdera Monterron Kultur Etxean.

Aurkezpen hau osatzeko, eta eleberriaren gaia den holokaustoa aitzakiatzat harturik, gaur egungo holokausto baten gaineko diapositiba emanaldia ere egingo da, Palestinari buruzkoa, alegia.

Arrasate Euskaldun Dezagun Elkartea

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu