Teknologia albisteak
1

Bernardo Atxagak eskatu du poetika berri bat baserriarentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-11-13 : 16:11

Azken aldi honetan euskaldunok parekatzen gaituzte baserritarrekin, eta hauek urteetan jasotako irainak bizkarreratzen dizkigute: integristak garela, arrazistak, ezjakinak, etab. Halako gauzak eta beste asko esan ditu gaur goizean Bernardo Atxagak Gernikan.

Bernardo Atxagak gaur hitz egin du Gernikan, Nekazaritza eta Landa Arloko Kazetaritzaren Nazioarteko 1. Elkarretaratzean, nazioarteko kazetarien aurrean. Baina igo denean agertokira, Joseba Irazu moduan aurkeztu du Jose Mari Zeberiok.

Irazuk —ohitu egin behar horrela deitzera— hitz egin behar zuen honetaz: Nekazaritza eta landa inguruneak betetzen duen eginkizunaren zabalkundea gizartean. Gero, baina, beste jite bat eman dio berbaldiari, berak ohi duen moduan. Hitzaldia, gainera, gaztelaniaz eman du.

Baserritar jeboak

Gogorazi du Teofile Gautier idazle frantziarrak idatzi zuenetik “Voyage a l’Espagne” liburua, nola idazle eta bisitari askok proiektatu duten ikuskera bat euskaldunon gainean, zerikusirik ez duena errealitatearekin; bai, ostera, haien aurreiritziekin. Adibidez. Gautier iritsi zenean Donibane Lohitzunera, idatzi zuen: “Donibaneko etxeek espainiar zaporea dute; eraikinen gorritasunean ageri da”. Tolosako jendearen gainean, berriz, esan zuen basati itxura zutela.

Gautierrek bezala beste askok, erabili dituzte klitxe oso negatiboak, azaltzeko baserri giroko Euskal Herria, zeinak iraun baitu ia 1960a arte. Horren adibide, irainen hiztegiak beterik daude hitz itsusiekin, gehienak baserritarrak definitzeko erabiliak: jebo, cashero, etab.

“Norbaitek behar izan duenean kontrafigura bat —azpimarratu du Joseba Irazuk—, berau aurkitu du, ia gehienetan, baserri giroan. Horrela, definitu izan da baserritarra integrista, arraziste eta ezjakin moduan, besteak beste. Aitzitik, klitxe beraren arabera, hiritarra da liberala definizioz, unibertsalista eta ikasia”.

Eta azken aldi honetan, ikusten ari gara nolako irain zaparrada jasaten ari garen euskaldunok. “Erraza izan da, parekatu gaituzte baserritarrekin, eta, beraz, bizkarreratu dizkigute orain arte baserritarrei leporatutako irain guztiak”.

Honek badu irtenbiderik

Irazuk esan du baserriarekin bidegabekeria galanta egin dela, baina bidegabekeria honek baduela irtenbide bat: sortzea poetika berriak eta positiboak. Bestela, jai dago. Eta horretarako bi baldintza bete behar dira:

  1. Jotzea baserri mundua unibertso baten gisa, eta ez beste mundu batzuen adar bat moduan. Horrek esan nahi du mundu horrek baduela bere-berezko hiztegi bat. “Nire unibertsoan maitemina, aizkora edo emakume hitzek beste zentzu bat zuten, ñabarduraz beterik. Eta nik izen bat eman nion unibertso horri: Obaba”.
  2. Hitz egitea maitasunaz, eta bilatzea beti gizakiok dugun onena. Horretarako, lehenik eta behin alde batera utzi behar dira deskripzio negatiboak eta negatibistak.

Baserri giroak errespeto bat merezi du, Joseba Irazuren hitzetan, “besteak beste, lotura handiak dituelako antzinatasunarekin”. Horren froga, gogorarazi du nola Ponpeian umeak jolasten ziren tortoloxekin; eta zelan Petroniok aipatzen zuen gure “txorro-morro-piku-tallo-ke…” jolasa.

Bukatzeko, Joseba Irazuk irakurri du, euskaraz, bere azken poema: Hitzen Heriotza.

Erantzunak

Pruden Gartzia
2003-11-14 : 09:39

Euskaldunei buruzko klitxeak direla-eta, ezin aipatu gabe utzi Joxe Azurmendi JAKIN aldizkarian aste honetan bertan argitaratu berri duen artikulu miresgarria. Badu zerikusi zuzena Irazuk (bai, ohitu beharko dugu) aipatu ei zuen funtsezko kontuekin, hots, erromantizismo aroan euskaldunei esleitu zitzaizkigun klitxeak.



Bere betiko erudikzio eta goxotasunez, Azurmendik meditazio eder bat egiten du unibertsalismoaz (hots, zer den gure gainera etengabe botatzen duten klitxe hori), erromantizismo aroko poeta eta idazle ugari aipatuz.



Ez dut artikulua laburbilduko. Bi ohar soilik: Irazuk bezala Erromatar Inperioko idazleak eta lekuak sarri aipatzen ditu, eta, Irazuk bezala, "ikuste" berri bat eskatzen du, espresuki baserri munduarentzat ere. Ez dira kointzidentzia bakarrak.



Gustatuko zaizuelakoan.

Erantzun

Sartu