Teknologia albisteak
2

Prestige: urtemuga, hondamendia gogoratuz

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-11-13 : 09:11

Iritsi da azaroaren 13a, Prestige-en hondamendiaren urtemuga. Efemeride tristea, ezer gutxi ospatzeko eguna. Egun haietan izandako informazio zurrunbiloak, hein handi batean, gertatutakoa jakinarazteko oztopo ugari ezarri zituen. Zentsura, informazio iturri ofizialak… ez zuten mesede handirik egin. Horren aurrean, saihesbide bat: Internet.

Informazio andana

Informazio andana

Oihartzun handia izan zuen Prestige-en hondoratzeak. Jakin minez beteriko egunak bizi izan ziren. Fuel-olioa itsasbazterrera iristean, beltzez zikindu zituen Costa da Morteko inguruak. Beltzez hondartzak eta beltzez galiziarren bizitzak. Galiziatik zetozen irudiek, zirrara mingarria sortarazi zuten.

Jarraipen eta mugimendu mediatiko handia sortu zen. Bertaratutako berriemaileek hitzez eta irudiz lantzen zuten albistea. Baina, ez zegoen guztia hain argi. Zentsuraren eta gezurraren mamu beltzak bere agerpena egin zuen. Espainiako gobernuak, "hildakoa" gainetik kendu ezinik, ahalegin guztiak egin zituen informazioaren kontrola mantentzeko.

Internet: mugarik gabe

Sareak eskaintzen duen berehalakotasun eta zuzentasun ezaugarrietaz baliatuz, mota askotako webguneak jarri ziren martxan. Webgune horiek, informazio iturri alternatibo bihurtu ziren. Eguneroko prentsa, irrati eta telebista albistegietatik haratago joateko aukera sortu zen.

Gertatzen zihoanaren kronikak, datuak, iritziak, sortu berriak ziren gizarte mugimenduak, mobilizazioak, boluntarioak, antolamendua… bakoitzak du bere txokoa sarean.

Webgune interesgarriak

Gertatutakoa zuzen zuzenean ezagutzeko aukera ematen dute. Eta ez da ahaztu. Oraindik orain ere, jarraipena eguneratua da. Nunca Mais plataformako webgunean, esaterako, urtemuga dela eta, egingo diren ekitaldien berri ematen du. Plataforma contra a burla negra ere adibide garbia da.

Isurketak eragindako ondorioak ere aurkitu daitezke. Adibidez, Espainiako Ornitogolia Elkarteak fuel-olioak hegazti eta naturarengan izan dituen ondorioak azaltzen eta aztertzen ditu. Ekologistak martxan webgunean ere, informazio kopuru handia aurkitu daiteke. Teknikoentzako, ikerlarientzako eta boluntarioentzako informazioa jasotzen da beste webgune honetan.

Elkartasun mugimendu handia sortu zen. Erantzukizunak eskatzeko ordua ere iritsi zen; hori egiten da webgune honetan. Eta lortutako atxikimenduak asko dira.

Bada, nahi duenarentzat, iturri ofizialeko webgunerik ere, Galiziako Xuntarena, kasu. Itxuraz, informazio eguneratua ematen du. Bestalde, Prestige-en hondamendiaren gaineko, webgune pertsonalak ere ugariak dira sarean. Hona hemen bi adibide: prestige.blogalia.com eta http://www.fuelgalicia.tk

Aurreko guztia Prestige-en hondamendiak Interneten izan duen oihartzunaren erakusgarri da. Fuel-olioaren isurketak leku askotan izan du eragina. Euskal Herriko kostaldeek ere pairatu dute. Hemen bildutakoa Interneten dagoenaren multzo txiki bat da; denak batzea ezinezkoa dela esan genezake.

Beraz, urtebete pasatu bada ere, oroimenak bizirik dirau eta horrela jarraitu dezala.

Erantzunak

Joxe Aranzabal
2003-11-13 : 19:01

El País egunkariaren edizio digitalak sortu du atal berezi bat, gogoratzeko Prestige ontziaren hondoratzea, eta jarri du atal hori edonor sartzeko moduan, irekian.


Oso dokumentu konpletoa iruditu zait, denetik du eta: testuak eta ahotsak, orduan esandako astakeriak eta egindako kalteak, adierazpenak, kronikak, etab., etab.


Nabarmenduko nituzke egindako elkarrizketak Manuel Rivas idazle eta Nunca Mais taldeko bozeramaileari, eta Juan López de Uralde Greenpeace Espainiako zuzendariari.


Merezi du.


Gari Araolaza
2003-11-14 : 09:14

Arrazoia Joxe, webgune oso konpletoa.


Atentzioa deitu dit portadan hau irakurtzeak:


Crónicas, un año después:


  • Galicia

  • Cantabria

  • Asturias

  • Bilbao (?)

Sarritan entzutea tokatzen zaigu "Lluvia en Bilbao capital" ("Provincia de Bilbao" balego bezala), baina oraingo honetan "Comunidad Autónoma de Bilbao" esaten ari direla ematen du. ;-)


Erantzun

Sartu