Sustatu logoa Teknologia albisteak

Patxiren jarduerak TF1ean eztabaida piztu du

Joxe Aranzabal
2003-11-07 09:11

Patxi euskalduna da, Sarakoa, eta nahiz eta 22 urte baino ez dituen, dagoeneko izar bihurtu da Frantzian, parte hartzen duelako Star Academy delakoan, saio bat TF1 kateak antolatzen duena, Operación Triunforen antzera.

Patxik Xalbador Ikastegian ikasi zuen, euskaraz, eta gaur egun Zuzenbidea eta Ekonomia dihardu ikasten. Ilehoria da, argala, eta zeresan ugari eman du haren inguruan eratu diren txat-etan: jatorra dela, diote batzuek, gay ote den, galdetzen beste zenbaitek.

Eztabaida euskaldunon artean

Euskaldunon artean ere eztabaida piztu da, Patxi dela eta ez dela. Batik bat Iparraldeko euskaldunen artean. Urriaren 15ean Sustrai Colina bertsolari gazteak zutabe bat idatzi zuen Berria egunkarian, eta han hainbat iritzi eman zituen Patxi bere ikaskide ohiaren gainean. Atzoko Berrian, ostera, Itxaro Bordak erantzun zion, idazlea eta garai batean Seaskako lehendakaria izan zenak.

Nola hiru aste igaro diren Sustrairen artikulutik Itxaroren erantzunera, zuetariko asko ez zineten konturatu ere egingo ezbaia izan denik, eta horregatik, hona ekarriko ditugu horren zatirik esanguratsuenak, ondoren zuek ere parte har dezazuen diskusioan.

Euskal gazteen etorkizuna

Sustrai Colinak kontrajartzen dio Patxi ikaskide ohiaren esperientzia espetxean dauden beste sei ikaskideen egoerari. Eta Itxaro Bordak fite erantzun:

Sustrai Colinak: Baina irrifarrak ez dit luze iraun. Fite ohartu naiz erretratuan agertzen diren sei lagun bederen espetxean direla. Zenbateko aldea dagoen nire argazkitik herriko tabernetako horma zurrunetan agertzen direnetara. Horietako batzuk nire bizia bezain luzeak diren kondenak dituztela jakite hutsak hezurretarainoko izua sartzen dit.

Itxaro Bordak: Ongi ikusia den bilakaera humano bakarra hemen, sekta kutsua duen erakunde militar bati laguntzeagatik, hogeita bi urteetan hainbat udaberritarako kartzelatua izatea dea? Galdeak ditut eta erantzunen larritasunean galtzen naiz.

Patxiren euskaltasuna

Zalantzan jartzen du Sustraik Patxiren euskaltasuna, baina Itxarok aurreiritzia baino ez du hor ikusten.

Sustrai Colinak: Izua bezain handia den harridura eragin dit lehen lerroan ageri den mutiko ile-hori horrek. Patxi du izena eta Frantzia osoaren miresmena jaso du Star Academy-n (Frantziako Operación triunfo-n) dabilenetik. Bera omen da sugar biziena banidadearen hauspo telebisatuan. Pena bere euskalduntasuna frantseseko akatsen eta kukuxumuxu kamiseten bidez soilik azaldu izana.

Itxaro Bordak: Frantsesezko hutsen aipamena bitxi zait ezen normalki, gure barne propagandari segituz, ikastoletarik jalgitzen diren gazteek euskara bezainbat frantsesa ere menperatzeko gai baitira (…) Zinez diot noizbehinka emankizuna jarraitzen baitut, ez dut Patxiren hizkuntza behaztoporik sumatu orainokoan, egiazko euskalduna den moldean, Patxik elea labur eta zuhur duelako.

Aitzina Patxi!

Sustrai Colinak bi muturretan ikusten ditu bere ikaskide ohiak. Itxarok, berriz, gogor defendatzen du Patxiren eskubidea parte hartzeko telebista frantsesaren akademian.

Sustrai Colinak: Orain dela zortzi urte elkarrengandik hain gertu zeudenak gaur soka beraren bi muturretan daudela imajinatzea kosta egiten zait. Imajinatuta ere ez dut arrazoizko azalpenik aurkitzen eta azalpenik ez duena patua omen da. Madarikatua. Madaripatua.

Itxaro Bordak: Patxik, Star Academyko ihardunean, erakusten du presondegia ez dela euskaldun batek aitzinitxura dezakeen aterabide bakuna. Bere eskolakide ohien destinu dorpea kritikatu gabe, gustuko duen abentura batean abiatu da, eta nik behintzat, etxekoek eta eskola ereduek gazteei zor dieten bizi-hautu libertate irekiaren izenean, lehiaketa horretan ahalik urrunen hel dadin desiratzen diot. Erran nezake bururatzeko, Sarako mutila, bere emankizuneko jardueran izugarri euskalduna dela, isila, otserbatzailea, errealista, umore zehatz eta finekoa, zenbaiten aldean ongi ikasia, beharrean paranoikoa, gorputzarekin ez trebe baina heineko kantaria. Aitzina Patxi!

Irakurri nahi dituenak osorik bai Sustrairen artikulua nola Itxaro Bordaren erantzuna, hortxe ditu biak eskura.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu