Teknologia albisteak
1

Carvalhorekin gosaltzen

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua - Estoldetatik
2003-11-04 : 11:11

Pepe Carvalho joan den astean hil omen zen. Bere azken kasuaren berri eman digu Iban Zalduak mezu batean. Igandean argitaratu zen El Pais egunkarian, baina Internetetik lapurtu dugu testua: ordainpekoa izan arren El Pais, Carvalhok berak utzitako sarbide klabe sekretua baliatu dugu.

Carvalhorekin gosaltzen

Carvalhorekin gosaltzen

Ostiral egunsentian ikusi nuen azkenekoz: egongelako argia piztuta utzi nuen aurreko gau osoan, eta, hutsik egin gabe, han zen biharamunean, enkontru horietarako adostuta genuen kafetegian. Ni goizago heldua nintzen, eta lau egunkari ari nintzen irakurtzen aldi berean; haien azpian, nonbait, kafesne erdi hustuta eta croissant baten hondakinak zeuden. Carvalhok bere irribarre-erdiaz agurtu ninduen, eta deskafeinatu bat eskatu zuen, sakarinarekin.

Begirada arin bat eskaini zien titularrei. Banekien zeintzuk izango ziren bere ahotik irtengo ziren aurreneko hitzak. "Zer esan nian? Sartu dituk, nik aurrikusi bezala", eta bere hatz erakuslea Martin Ugalde parkeko miaketaren argazki baten gainean pausatu zen. "Bai, baina datorren astean edo hurrengoan egingo zutela uste huen", erantzun nion. "Ez nekian atzo ematen ziotenik Euskaldun Unibertsalaren saria Martin Ugalderi". "Zer esaten didak baina! Brageta-usnatzaile galanta eginda hago! Zuen lana ez al da ahalik eta informazio gehiena biltzea, datu guztiak erkatzea? Ai, ai, ai", gehitu nuen, zirikatzaile; Carvalhok abaildura-keinu esajeratu bat marraztu zuen: "Biscuterrek, behintzat, errespetu pixka bat zidak. Eta, gainera, hi baino askoz ere sukaldari hobea duk, euskalduna ez den arren". "Hori diok ez dualako nire marmitakoa probatu, Pepe. Edozein kasutan, ez daukak Euskal Herrian zuretzat lan hauek egingo dizkian jende gehiago. Ezta hoberik topatuko ere, bestalde", eta kartazal mardul bat luzatu nion. "Lortu duk, beraz. Argazkiak eta guzti". "Argazkiak eta guzti. Eta sumario-sekretupeko agiri judizial batzuen kopiak, eta baita Villarren bulegotik zuzenean ateratako txosten "pribatu" pare bat ere. Besteak beste. Azter ezak patxadaz dena, eta hitz egingo diagu. Eta, are gehiago, nahi izanez gero, soziedadera dei zezakeat: ez duk egun ona, afaltzeko, baina egingo zigutek lekutxo bat, nik uste. Ez diat marmitakoa agintzen, baina Bretxa aldetik pasatuko nauk, ea zer aurkitzen dudan…". "Ez, ezin diat. Madrilerako bidea hartu behar diat, oraintxe bertan. Uste diat izango dudala modua atxilotuetako batekin hitz egiteko". "Inkomunikaturik daude baina!". "Madrilen hemen baino adiskide gehiago ditiat… Lana lehenbailehen amaitu nahiko nikek, gainera. Bartzelonara itzultzeko irrikaz nagok".

"Ez haiz biharko manifestaziorako geratuko, beraz", bota nion, probokatzeko gustu hutsagatik. "Badakik ez dudala gauza horietan sinesten -Carvalhok arnasa hartu zuen, eta kikara hustu-. Historia, maiuskulaz, beste leku batzuetan egiten duk. Estolderian, batik bat. Eta estoldak, egun, izugarri luzatu eta korapilatu dituk, justizia-jauregiak eta ministerioak ordezkatzeraino. Eta, esan gabe doa, gauza bera gertatzen duk askapen nazionala edo iraultza bezalako kontuekin: horietan ere, estoldak nagusi. Ez, hemen izango banintz ere, ez nindukek joango".

Isilunea.

"Ez zekiat inoiz kontatu diadan, baina Caracasen ezagutu nuela esango nikek, Ugalde hori, 50eko hamarkadaren amaieran, CIArentzat lan egiten ari nintzela. Baina besteren bat izan zitekean, auskalo: euskaldunez beteta zegoen Venezuela, garai haietan. Liburu-aurkezpen batean izan zuan: haren ipuin-liburu batena, nik uste. Ale bat erosi nian, sinadura, eskaintza eta guzti. Bai, motel, garai haietan irakurtzen nian: irakurtzeak zerbaitetarako balio zuela sinetsita nengoan. Vallvidrerako etxean egongo duk nonbait, apalategiren batetan: uste diat oraindik ez dudala erre. Gogoratuko ninduan. Aurkituz gero, bidaliko diat. Hiri gustatzen zaizkik, ez da, gauza horiek; nazionalisten kontu zaharrak eta. Hire aitari bezala…".

Ez dut sekula jasoko Ugalderen liburua. Asteleheneko El País-en ematen zuten detektibearen heriotzaren berri, zutabe labur batean. Carvalho Canillejas aldean topatu zuten, eraiki gabeko eremu batean. Antza, bihotzekoak jota hil zen, baina zer edo zer gehiago egon behar zuen: bestela albistea ez zen Sucesos sailean agertuko. Gorpua igandean deskubritu zuten, baina heriotza ostiral arratsaldean bertan gertatua zen, morgueko iturrien arabera.

Apustu egingo nuke Manuel Vázquez Montalbán idazlea Bangkok-eko aireportuan hil zen une berean izan zela. Hura ere, bihotzekoak jota. Antza.

Iban Zaldua

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2003-11-04 : 12:10

Dotorea, sinpatikoa, keinuz betea...

Orain bakarrik falta zaigu Carvalhoren tankerako ikertzaile-soziologo politiko-polizial bat sortzea euskal literaturan.

Iban Zaldua bera ez litzateke txarra, astia balu.

Erantzun

Sartu