Sustatu logoa Teknologia albisteak

Alegria eta Oleagarentzat fidantzapeko askatasuna agindu du epaileak

Sustatu - Sustatu
2003-11-03 13:11

Epaileak entzun dio fiskalari eta baita terrorismoaren biktimen taldeari. Biei entzun ostean, erabaki du fidantzapean aske uztea Oleaga eta baita Alegria ere. Hasiera batean jaso dugun informazioak kalera aterako zela bazioen ere, ez da horrela izango.

Oleaga, Alegria eta Uria otsailaren 20tik zeuden kartzeleratuak

  • Oleaga: 30.000 euroko fidantzapean kalera aterako da.

Xabier Oleaga Erandion (Bizkaia) jaio zen orain dela 46 urte. AEKko sortzaileetako bat izan zen eta gai politikoen inguruko El Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian hasi zen kazetari lanetan. 1987tik 1989ra Txema Monteroren laguntzaile izan zen Bruselan. Garai hartan Montero Herri Batasunako parlamentario zen Europan. Euskal Herrira itzuli zenean Egin egunkariko zuzendari izan zen. Kargua bi urtera utzi zuen, baina kazetari lanetan jarraitu zuen. 1994an Egunkariara joan eta zuzendariorde izan zen bi urtean. 1997tik aurrera Partaideko komunikazio arduraduna izan da. Bere bi alabek Errenteriako ikastolan ikasten dute eta Oleaga bertako zuzendari da. Elkarrizketa bat egin zion Egunerok eta berak Navalcarneroko espetxetik erantzun zuen. Hemen duzu elkarrizketa, www.aurrera.net-en.

  • Alegria: 50.000 euroko fidantza jarri arren barruan jarrituko du.

Ibilbide politikoa independentziaren aldeko euskal taldetan hasi aurretik, euskarako irakasle izan zen AEKn eta, ondoren, Arabako AEKko buru. Gipuzkoako batzarkide hautatu zuten 1995ean eta zinegotzi Lezon (Gipuzkoa) 1999an. Herri horretan bizi da bere emazte eta alabarekin. Lehenago ere bitan egon da kartzelan. 1998ko uztailean Egin egunkaria ixteko auziarekin zerikusia zuelakoan kartzeleratu zuten, eta ez zuten aske utzi 1999ko maiatzera arte. Oraindik ez da epaiketarik egin, baina orduz geroztik itxita dago Egin egunkaria. 2001eko irailean bigarrenez kartzeleratu zuten. Espainiako Baltasar Garzon epaileak EKINeko, ETAren legez kanpoko aparatu politikoko kide izatea leporatu zion. Joan den udaberrian askatu zuten, fidantza ordainduta. Gaur, berriz, kaleratuko dela esan digute, baina ez da egia. Udalbiltzarekin lotutako sumario bat ere badu juztiziarekin argitzeko eta itxuraz ez ditu 50.000 euro horiek ordainduko. Espetxean jarraitu beharko du.

  • Iñaki Uria: Oraindik kartzeleratua.

Iñaki Uria Zarautzen (Gipuzkoa) jaio zen orain dela 42 urte. Medikuntza ikasten hasi bazen ere, ikasketak laster utzi eta euskararen eta euskal kulturaren munduan hasi zen lanean. Kazetari legez 1980an hasi zen Susa literatur aldizkarian. Handik bi urtera Argia aldizkarira joan zen. Astekari hau -hasiera batean Zeruko Argia deitutakoa- eliza katolikoak sortu zuen hainbat urte lehenago, baina indar berrien premia zuen modernizatzeko. Uriak proiektu horretan hartu zuen parte, honakoekin batera: Joxemi Zumalabe, Pello Zubiria, Josu Landa, Joxemari Ostolaza eta Jon Barandiaran. Hasierako hiru urteetan lan gogorra egin behar izan zuten eta Argia aldizkarian irabazitako soldata ez zen nahikoa bizi ahal izateko. Horrela, bada, Uria euskarako irakasle eta itzultzaile izan zen eta denbora librean idazten zuen Argiarako.

80ko hamarkadaren azken aldean Argia egonkortu egin zen, eta Uriak eta aldizkariko beste zenbait kidek beste proiektu handigurago bati ekin zioten: euskaraz idatzitako egunkaria sortzeari. 1990ko abenduan Euskaldunon Egunkariako lehen alea zegoen kalean. Uria zuzendariordea zen eta iritzi atalaren arduradun. 1992an zuzendari izendatu zuten, Pello Zubiriak kargu hori utzita; eta urtebete geroago, Joxemi Zumalabe hil ondoren, Administrazio Kontseiluko ordezkari kargua hartu zuen. Kargu horretan egon da gaur egunera arte.

Aranjuezko kartzelatik Egunerori egindako elkarrizketa irakur daiteke www.aurrera.net-en Esaten dituenen artean: Hurrengoak Euskaltzaindia edo Eusko Jaurlaritza izan daitezkeela erakutsi digute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu