Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ziberokupak jabetu dira errege ezteiaren gaineko domeinuez

Aitita Makurra
2003-11-03 13:11

Jakin bezain laster Espainiako printzea ezkondu egin behar zela, ziberokupek erosi egin dituzte ezteiaren inguruko domeinu gehienak, gerora dirua egiteko asmoarekin.

Espainiako Errege Etxeak segurtasun eta komunikazio plan bat eratu zuen printzearen eta haren emaztegaiaren arteko harremana babesteko —halaxe dio gaur El País egunkariak—, baina Internet ez bide zen sartzen plan horren barruan.

Joan den larunbat arratsaldean atera zutenean komunikatua jakinaraziz erregearen semea ezkonduko zela Letizia Ortiz kazetariarekin, ez zuten domeinu bat bera ere erregistratu Interneten, ekitaldiaren inguruan.

Erantzun berehalakoa

Gaurko Expansión egunkariak dakar nola berria jakin bezain laster, zenbait zibernauta bizkorrek berehala erosi zituzten ahalik eta domeinu gehien ezteiekin lotuta, 30 euroren truke.

Letizia Ortizek nahi izango balu erregistratu domeinu hauetako edozein —www.letizia.org, www.letiziaortiz.com, www.letiziaortiz.net, wwwletiziaortiz.org eta www.letiziaortiz.info—, ezin izango luke, dagoeneko erregistraturik daudelako, larunbata ezkero.

Larunbatean bertan, arratsaldeko 19:30ean —hau da, Errege Etxeak komunikatua plazaratu eta ordu erdira—, Jimmy Garrido madrildarrak eta Javier Carrera lleidarrak erosi zituzten emaztegaiaren inguruko domeinu zenbait.

Aukera bakarra du orain Letizia Ortíz kazetariak: erostea www.letiziaortiz.es domeinua, kasu honetan pertsonak berak bakarrik erregistratu bailezake.

Ezteiak.com

Letizia ia domeinurik gabe uzteaz batera, ziberokupak saiatu dira beste domeinu batzuk ere erosten, hala nola www.felipeyletizia.com, zeina erosi baitu Juan Miguel Campanario madrildarrak. Beste hau, berriz, www.bodareal.info, Antonio Scarpellinik erosi zuen, azaroaren 1ean, arratsaldeko 20:42an.

Bada beste bat, www.bodareal.com, erregistraturik dagoena 2001a ezkero, orduan dezente hitz egin baitzen Felipe Borbonekoa ezkon zitekeela Eva Sannum modelo novergiarrarekin.

Zertarako erosi domeinu hauek?

Erraza da domeinu bat erregistratzea Interneten. Nahikoa da gune honetara joatea eta nahi den izena erostea, 30 euroren truke.

Baina zertarako erregistratu norberarekin zerikusirik izan ez eta hain nabermenak diren izenak? Isabela Crespo abokatua da eta espezializatu egin da Internet kontuetan. Berak dioenez gaurko Expansión egunkarian, “jende honek erregistratzen ditu domeinu hauek espero dutelako etorkizun hurbilean baten batek eskainiko diela diru asko, domeinuok erosteko”.

“Domeinuak erostea, ondoren saltzeko asmoarekin, dagoeneko ez da garai batean izan zen mauka, baina baten bat hasten bada porno irudiak erakusten Espainiako erregina izango denaren domeinuan, orduan beste kuku batek joko luke”, dio Crespo andreak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu