Teknologia albisteak

Jokin Zaitegi Sariketa (Nobel Saria euskaratzeko)

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - AED elkartea/Elkar argitaletxea
2003-10-22 : 15:10

Iaz Imre Kertész hungariarrak bezala, aurten J.M. Coetzee hegoafrikarrak irabazi du Literaturako Nobel Saria. Kertész-en liburu bat ("Zoririk ez") euskaratu du Urtzi Urrutikoetxeak Jokin Zaitegi sariketari esker, eta aurki argitaratuko da lan hori. Orain, berriz, Coetzee-ren nobela ospetsuena euskaratzeko bidean jarri nahi dugu, eta horretara dator sariketa hau.

XVII. Jokin Zaitegi Sariketa Literaturako Nobel Saria euskaratzeko beka 2003

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XVII. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, iaz hasitako bideari jarraituz, Literaturako Nobel saridun baten lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

  1. 2003an Suediako Akademiak John Maxwell Coetzee idazle hegoafrikarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Coetzeek idatzitako Disgrace eleberria itzularaztea da.
  2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo sei orrialdeak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2003ko abenduaren 10a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.
  3. Lehen sei orrialde horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku hauek eskatu ahala –telefonoz, idatziz nahiz e-mailez–. Internet bidez ere lortu ahal izango da testua, ondoko helbide honetan: www.elkarlanean.com/jokinzaitegi
  4. Patxi Ezkiagak, Aintzane Ibarzabalek eta Iñaki Mendigurenek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2004ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute.
  5. Irabazleak 4.200 euroko saria irabaziko du Disgrace eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2004ko irailaren 1ean entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
  6. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du J.M. Coetzeeren Disgrace eleberria euskaraz, eta 2004ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaile, laguntzaile eta babesleek ere dagokien tokia izango dute edizioan.
  7. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Informazio gehiago:

Erantzun

Sartu