Dagoeneko urtebete egin du, iaz Zeraineko denda birtuala ireki genuenetik. Irailaren 27an jarri genuen martxan egitasmo berria. Gaur egun, bidezko merkataritza erabiliz, era erosoan, etxetik mugitu gabe edonork lor ditzake gure baserritar eta artisauen kalitatezko produktuak, denda birtualaren bitartez.
Zerain Parke Kulturala
Zeraingo herria bere paisaian eta kulturan oinarrituriko garapen jasangarria burutzen ari da. Egitasmo honi Zerain Parke Kulturala deritzogu. Parkea gune natural paregabean kokatuta dagoelako eta kulturala gizakiak, zeraindarrok, urtetan nekazaritza eta abeltzaintzaren bidez eraldatu eta moldaturikoa delako. Honexegaitik etorkizuna lehen sektore honen garapen jasangarria landuz gure paisaiari eta berari loturiko ondare guztiari eustean datza.
Helburu hauek lortzeko duela bederatzi urte herriko eta inguruko baserrietako produktuak eta artisautza eskaintzen zuen denda zabaldu genuen. Denda honen eraginez kalitatezko baserriko produktuen sustapenak bere fruituak eman ditu eta horien artean aipagarriena merkaturatze lana da. Egun etiketan Zerain izena daramaten produktu multzo sendo bat osatu dugu.
Denda birtuala
Proiektuarekin jarraituz, orain dela urte bat Denda Birtuala jarri genuen martxan: zerain.com. Dendaren azpiegituraz profitatuz internet bidez bertako kalitatezko produktuen eskaintza zabaldu genuen.
Teknologi berriek eskaintzen dizkiguten aukera desberdinak erabiliz, bitartekaririk gabe eta merkatuko arau gogorretatik aldendurik, denda honek nekazari eta artisauen lana ahalik eta ongien baloratu nahi du. Pauso berri honekin Zerainen lehen sektorearen etorkizunean lanean jarraitzen dugu, garapen jasangarriaren bidez, gure paisaia eta berari lotutako ondarea mantentzeko lanean jarraituz.
Bezeroak gehitzea helburu
Urte oso honetan, bisitari ugari izan ditu zerain.com orrialde honek. Azken hiru hilabetetan 50.024 lagunek bisitatu dute gure web orrialdea eta hainbatek gure produktuak erosi ditu. Herriko produktuetan sagardoa, Idiazabal gazta, mermeladak, indoabak, etab saldu ditugu eta artisautzan, saskiak, tailatutako makilak, pilotak, etab.
Lehenengo urtea igaro ondoren, beste hainbat produktu berri salmentan jarriko ditugu, bidezko merkataritzarekin jarraituz. Urte honetan izandako arrakastari eutsi eta bezeroak gehitzea dugu gaur egungo helburua. Gure lanaren etekina ahal den baserri eta ekoizpen gune gehienetara zabaldu.
Guretzat denda hau ez da komertzio gune soil bat. Auzolanean oinarrituz eta turismo kulturala artisautzarekin lotuz, herri txiki honen eta bere inguruaren geroa bultzatu nahi dugu.
Erantzun
Sartu