Teknologia albisteak

Jardunaldiak "Tokiko hedabideak etorkizunari begira"

Erabiltzailearen aurpegia
Aitor Zuberogoitia - Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioa
2003-09-26 : 10:09

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak tokiko kazetaritzaren etorkizunari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Zamudioko Teknologi Parkean izango dira azaroaren 28-29an eta Euskal Herriko zein Europako hainbat adituk hartuko dute parte berauetan.


Hamabost urte dira jada Euskal Herrian hurbileko informazioa jorratzen duten herri-aldizkariak kaleratzen hasi zirela. Egia esan, lehenagotik zetorren mugimendua, baina hori bai, ordura arte kaleratzen ziren produktuak lar definitu barik zeuden. 1988 hondarrean, ordea, mugarri erabakigarria ezarri eta produktu definituagoa atera zuen jendartera Arrasate Press aldizkariak; izan ere, herri jakin bateko informazioa herritarren ikuspegitik landuta eta herritarrei eurei zuzenduta argitaratzeari ekin baitzion aldizkari horrek.

Arrasatearren ereduari jarraiki, beste hainbat kazeta sortu zen Euskal Herriaren luze-zabalean, euskara elkarteen magalean eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin. Hamabost urte igaro dira ordudanik, eta bizi-bizi dirauen fenomeno horri begira jarri eta hausnarketari ekiteko unea ere badugu honenbestez.

Hausnartu, gaur egungo aldizkariak ez direlako ordukoak modukoak, euren antolaketa-modua zein inguruko errealitatea bera ere aldatu egin direlako. Hausnartu, mundua bera ere etxean kabitzen zaigulako unibertso birtuala indarrean denez geroztik. Hausnartu, irrati, telebista eta kazetak komunikazio-proiektu bateratuetan biltzen ari direlako, eta horrek denorrek, ezinbestean, gure jokamoldea zein kazeten jarduna baldintzatzen duelako.

Hori dela-eta, beharrezko ez ezik ezinbesteko iritzi diogu gogoeta egiteari, non gauden eta bidean aurreraka osasuntsu jarraitu gura badugu zer egitea komeni zaigun argitzeko. Eta globalki pentsatu eta lokalki jarduten segi nahi dugunez, egoera orokorra ikertzeari ekingo diogu lehenengo eta behin, Europan hizkuntza gutxituetan diharduten toki-hedabideak zertan diren jakin eta eredu zehatz batzuk aztertzeko. Euskal Herrira begira jarriko gara ondoren, gurean diren informazio-enpresen berri izan eta euskarazkoen garrantzia zenbaterainokoa den egiaztatze aldera.

Behin jarduera-markoak definituta, kontu zehatzagoak ikertzeko txanda iritsiko da gero: lege berriak eta euren eragina tokiko hedabideetan, euskarazko hedabideen arteko elkarlan-aukerak, egitasmo berriak (horietako batzuk Topaguneak berak aurkeztuko ditu), internetek ekarritako aldaketak, multimedia-egitasmoak… Hausnarketa orokor horrek, zalantzarik gabe, gure produktuak txukundu, estrategiak doitu eta euskal hizkuntza-komunitatean modu eraginkorragoan eragiteko balioko digu.

Esan dezagun, azkenik, jardunaldi hauek batez ere euskarazko hurbileko komunikabideetan dihardutenei zuzenduta daudela; alabaina, nola informazio munduarekiko hala euskalgintza berarekiko interesik duen edonork har dezake parte. Matrikula-epea zabalik dago eta 94 621 57 80 telefonora deituta eman dezakezue izena.

TOPAGUNEA







Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago