Teknologia albisteak

Antzuolako toponimia jaso eta finkatzeko beka

Erabiltzailearen aurpegia
Lierni Legorburu - Antzuolako Udala
2003-09-23 : 10:09

Bekaren helburua izango da Antzuolako toponimia batu, sailkatu, kokatu, aztertu eta finkatzeko proposamena egitea. Memoria eta gainerako agiriak aurkezteko epea urriaren 3an bukatuko da.

Antzuolako toponimia jaso eta finkatzeko beka

1.Bekaren ezaugarriak

1.1. Bekaren helburua: ahozko eta idatzizko iturriak aztertuz, Antzuolako toponimia batu, sailkatu, kokatu, aztertu eta finkatzeko proposamena egitea izango da.

1.2. Diru zenbatekoa: bekaren zenbateko osoa 12.020 eurokoa izango da.

1.3. Iraupena: lana egiteko epea 12 hilabetekoa izango da, lehiaketa esleitzen den egunetik hasita. Hala ere, alkatetzak epe hori luzatu ahal izango du, aurretik behar den moduan arrazoitzen bada.

1.4. Oinarri hauetan ezarritako diru kopurua ez da ikerketaren ordainsaria izango, berori egiteko laguntza baino.

1.5. Amaierako lanaren edukia: Aurkitutako toponimo guztien zerrenda alfabetoz ordenatuta, ondorengo informazioa erantsita: kokapena ezagutzen den kasuetan, informatzaileen edo informazio-iturriaren izena, noiz edo zein urtetako dokumentuan ageri den, testuingurua, zein planotan aurki daitekeen, izena arautzeko proposamena, ahozko erabilera, bestelako aldaerak, eta batutako gainontzeko informazio gehigarria (etnografia, historia, argazkiak...)

1.6. Lana Udaleko Euskara Zerbitzuaren ardurapean burutuko da, Euskaltzaindiak toki izenak finkatzeko eman ditzakeen gomendioak kontuan hartuz. Jarraipenaz arduratzeko Euskaltzaindiak ordezkari bat izendatuko du, bera izango da, bada, lana zuzenduko duena. Hona hemen Euskaltzaindiko ordezkariaren egitekoak: ikertzailea edo ikertzaileak trebatzea, lana burutzeko metodologiaz eta epeaz arduratzea, burutze-prozesuaren berri ematea, amaierako lana aztertzea, egoki irizten dizkion oharrak egitea, arautze proposamenak aztertzea eta, ongi baderitzo, onartzea.

1.7. Lanaren segimendua egiteko jarraipen batzordea eratuko da eta batzorde horretako partaideak ondorengoak izango dira: toponimiaren aztertzaileak, Euskaltzaindia, Udaleko Euskara Zerbitzua eta gaiaz interesatuta dauden herritarrak. Batzordea seihilabetero elkartuko da.

2. Eskatzaileak

Norbanakoek nahiz horretarako osatutako lan taldeek eskatu ahal izango dute lehiaketan parte hartzea. Bigarren kasu horretan, proiektuaren zuzendari edo arduradun bat izendatu beharko da lan taldeko ordezkari izan dadin.

Lehiaketan parte hartzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte hautagaiek:

  • Goi mailako unibertsitate tituludunak izan behar dute. Lehiatzaileren batek baldintza hori betetzen ez badu, epaimahaiak erabakiko du aurkeztutako curriculum vitae egokia eta nahikoa den. Lan taldeen kasuan, nahikoa izango da arduradunak titulazio hori edukitzea.
  • Antzuolako toponimoak batu eta finkatzeko aurreproiektua aurkeztea.

3. Eskabideak

Interesatuek Antzuolako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dituzte eskabideak, ondorengo agiri hauekin batera:

  • Espediente akademiko zehaztua eta osotua, lortutako kalifikazioak eta horien datak adieraziz agiri horretan edo egiaztagiri horren fotokopia erkatu batean. Lantaldeen kasuetan, nahikoa izango da zuzendariaren espedientea aurkeztea.
  • Curriculum Vitae. Lan taldeen kasuan, nahikoa izango da zuzendariarena aurkeztea. Era berean, agiri horretan adierazi beharko dira zein den arduradunaren lanbide eta ikerketa esperientzia eta zeintzuk diren egin dituen argitalpenak. Jakingarritzat hartzen diren bestelako datuak ere aipatzea komeni da.
  • Lana bideratzeko memoria. Ahalik eta zehatzena izango da, eta, bertan, besteak beste, ondoko alderdiak agertuko dira:
  • Aztertuko diren artxiboak.
  • Ikerketaren etapak.
  • Erabiliko den metodologia.
  • Bitartekoak eta baliabideak.
  • Eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia. Lan taldeen kasuan, zuzendariarena besterik ez da aurkeztu beharko.

Eskabideak eta gainerako agiriak honako helbidean aurkeztu beharko dira:

Antzuolako Udala
Erregistro orokorra
Erreferentzia: Toponimia lehiaketa
Herriko plaza 8
20577 ANTZUOLA

4. Dokumentazioa aurkezteko epea

Memoria eta gainerako agiriak aurkezteko epea urriaren 3an bukatuko da.

Eskatutakoa betetzen ez duten eskabideak eta agiriak jasotzen badira, 5 eguneko epea izango da akatsak zuzendu edo beharrezko agiriak aurkezteko. Horrela egin ezean, eskabideak beste barik artxibatuko lirateke.

5. Adjudikazio prozedura

Lehiaketa hau Antzuolako alkateak esleituko du, epaimahaiaren proposamena jaso ostean. Epaimahaia ondorengoek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

  • Udalaren alkatea edo berak eskuordetuko duen pertsona.

Epaimahaikideak:

  • Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko ordezkari bi.
  • Euskara Batzordeko kide bat.

Idazkaria:

  • Udaleko euskara teknikaria.

Esleipena gauzatzeko irizpideak ondoko hauek izango dira:

a)Eskatzaileek aurkeztutako aurreproiektua edo memoria: 0tik 20 puntura.
b)“Curriculum Vitae”n egiaztatutako esperientzia eta gaitasuna: 0tik 20 puntura.
c)Toponimiaren gaineko ikasketa espezifikoak, ikerlanak, ikastaroak, etab.: 0tik 10 puntura.
d)Antzuolako euskararen gaineko ikerlanak eta Antzuolako euskararen ezagutza: 0tik 20 puntura.
e)Lehentasuna izango dute iharduera osoko lanik edo urte osorako lanik ez dutenak

Lehiaketa esleitzeko epea gehienez hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

Aurkeztutako proiektuek gutxieneko baldintzak bete ezean, alkateak edukiko du lehiaketa deialdi hau indar barik lagatzeko ahalmena. Era berean, gutxieneko beharkizunak betez gero, epaimahaiak ordezkoen zerrenda bat ezarriko du. Lehiaketari esanbidez edo isilbidez uko egiten bazaio, ordezkoen zerrenda horretan ageri den hurrengo lehiakideak ordeztuko du hasierako adjudikazioduna. Horretarako, epaimahaiak zerrenda egiterakoan ezarritako hurrenkera errespetatu behar izango da.

6. Lehiaketako irabazlearen betebeharrak

Lehiaketako irabazlearen beharkizunak hauek izango dira:

  • Lehiaketaren irabazlea zein den jakinarazi eta 7 eguneko epean, irabazleak berak idatziz adierazi beharko du lehiaketaren baldintzak onartzen dituela.
  • Udaleko Euskera Zerbitzuari hiru hilabetetik behin eman beharko zaio lana gauzatzeko aurkeztutako memoriaren garapenaren berri eta seihilabetero jarraipen batzordean aurkeztu egindako lana.
  • Ikerlana egiteko epea amaitzean, egindako lana euskarri informatikoan eta orrietan aurkeztu beharko da.
  • Ikerlana emateko azken epearen barruan lana amaitu ez bada inolako justifikazio barik, Udalak zehapenen bat ezarri ahal izango du.
  • Lehiaketako irabazleak lehiaketari uko egin edo ikerketarako egitasmoa burutu barik lagako balu, oinarri hauetan ezarritako eskubide ekonomiko guztiak gal ditzake.
  • Euskaltzaindiaren arautegia eta bere ordezkarien gomendioak onartzea.
  • Arauok betetzea beharrezkoa izango da.

7. Laguntzaren banaketa

Ikerketa lana garatzeko laguntza modu honetara banatuko da:

a)Zenbateko osoaren %25, lanari hasiera ematean.
b)Zenbateko osoaren %15eko hiru ordainketa, behin hiru hilero lanaren garapena aztertu eta oniritzia eman eta gero.
c)Zenbateko osoaren %30, amaierako lana aurkeztu eta onartzean.

Ikerlanak sor ditzakeen gastuak lehiaketaren irabazleen kontura izango dira. Hala ere, Antzuolako Udalak erraztasunik handienak emango dizkie bere esku egon daitezkeen gestio eta azpiegiturei dagokienez (agiritegia, planoak, argazkiak...).

8. Lanaren jabetza

Lanaren jabea egilea bera izango da. Dena dela, Antzuolako Udalak gordeko du ikerketaren argitalpen osoa edota zatikakoa egiteko eskubidea. Kasu honetan ikerlanaren jabeak uko egingo dio egile eskubideak jasotzeari.

9. Dokumentazioa itzultzea

Hautagaiek eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa jaso ahal izango dute lehiaketaren inguruko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epearen barruan. Hori horrelaxe burutuko da lehiaketaren onuradunen kasuan izan ezik, dokumentazio hori espedientearen zatitzat hartuko da eta. Epe hori igaro ostean, jaso ez diren agiriak Antzuolako Udalaren esku geratuko dira.

Erantzun

Sartu