Teknologia albisteak

Jon Sarasua: kultura politikorako pertsonengan dago bizien balio-multzorik interesgarriena

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - Berria egunkaritik
2003-09-17 : 12:09

Berriari eginiko elkarrizketan hainbat gai jorratu ditu Sarasuak, eta esandakoetatik batzuk ekarri ditugu Sustatura. Titularrak horrela zioen: "Hizkuntz komunitatea biziberritzearen bermea da hemen politikaren muina". Bertsolaritza, euskara hedabideetan, eraikuntzaren gakoa, etorkizuna... izan ditu mintzagai.

Bertsolaritza:

Bertsolaritza:

  • Txapelketaz dudan iritzia ez da aldatu. Uste dut orduko inturizioari segitzen diodala, eta da niri behintzat ez didala barruak eskatzen lehia antzezpen hori egitea. Nik ez dut horrela ulertzen nire bertso jarduna, ezta nire lagunena ere. Garbi dago txapelketa funtzionala dela, funtzio batzuk betetzen dituela gaur egngo bertsolaritzaren barruan. Egia da txapelketari uko egingo bagenio, elkarte bezala, gauza batzuk aldatu beharko liratekeela, eta areago, disfuntzio eta arazo batzuk sor litezkeela. Txapelketak badu bere funtzionaltasuna, nik beste bideak planteatuko nituzke, baina mugimenduan nire jarrera minorian dago puntu honetan, eta onartzen dut. Beste gauza bat da nik sortzaile moduan nire burua hor ez ikustea.

Barrua asko betetzen dit ikusteak nola dauden bertsolaritzaren bi dimentzioak. Kultur eta gizarte mugimendu bezala, ia lurralde guztietan zabalduta, bere estrategiak dituena irakaskuntzan, ikerkuntzan, hedatzean, nazioateratzea... Uste dut lortu dugula mugimendu zabal eta beregain bat martxan jartzea, ikuspegi propioekin, et hainbat zatiketaren gainetik. Horrek asko pozten nau. Eta betetik, bertsolariei soilik dagokien arloan, bertsogintzan, inoiz izan ez dugun kalitatea dugu bai inprobisazioaren benekotasunean, azkartasunean, hainbat ikuspegitik dagoen gaitasunean, harrobiak... hutsuneak ere badaude, baina egoera poztekoa da.

Kazetari hizkera

  • Tesiaren ondorioetako bat zen EITBk hamarkada eta piku galdu zuela irizpide gabezian eta ganoragabezian. Geroztik zortzi bat urte pasatu dira, eta uste dut bidea hobetu dela, bereziki Euskaldunon Egunkariak eta Berriak egin dute biderik zailena eta serioena, eta eskertzekoa da. Herri aldizkarien gaia argitu gabe dago, oraindik ez dutelako irizpide argirik tokiko aldaera eta euskara batua uztartzerakoan. uste dut horretan bidea egin beharra dagoela, eta baita tokian toki8ko ikus-entzunezkoetan, etorkizunean euskararen hedabide esparruak izan dezakeen indargune bat baita.

Eraikuntzaren gakoa

  • Euskararen garapenaren ikuspegi beregain bat da behar dugun politikagintzaren muina. Gatazka politikoa dugu denon ahotan, baina hemen erro luzekoa dena da arazo existentzial bat da, euskararen komunitateari biziberritzeko bideak bermatzea da azken batean hemengo iraganeko irakurketaren eta etorkizuneko bidearen muina. Obsesioetatik ateratzeko egiten den moduan, eskema fosilduak erantzi behar ditugu, arazo existentzialera itzuli behar dugu, berau berpentsatu gaurko globalitatearen argitan, elementu guziekin etorkizun-ikuspegi bat berreraiki.

Inbertsiorik onena sakontzea

  • Une honetan egin daitekeen inbertsiorik onena sakontzea da, formatzea, biltzea eta hazia ereitea, adibidez belaunaldi gazteak formatzea. Goldearen metaforak bidea egin du, baina metafora da gutxienekoa, humusaren metafora erabil liteke, edo inkubatzearena, Hainbat eta hainbat gaitan, bai pentsamenduzkoetan eta bai praktikotan, inkubatzeko garaian gaudela iruditzen zait, egunerokotasun larria saihestu gabe. Baina jakin behar da indarrak zertan jarri.

Nola jokatu euskararekin

  • Azken hamarkadetan ez dugu gestio onik egin gai honetan. Arazo existentzial horren ibilbidean, badago ondare izpiritual bat, euskararen komunitatearen bizinahiari dariona. Ondare hori lorrindu egin du gure gatazkak, nora ezak eta, besteak beste, ezker abertzalearen ibilbide politiko-militarrak. Eta paradoxa bat da, kultura politiko horretako pertsonengan baitago bizien balio-multzorik interesgarriena. Ezker abertzalea izan da eta da herri honen alderik eskuzabalena, emankorrena. Hor dago drama, bere eskuzabaltasun potentzial izugarria ez dela emankorra. Ez nuke nahi, Golde Aroarekin gertatu bezala, aprobetxatzea batzuk ezker abertzalearen kontrako kritika errazetan erortzeko. Bestetik, jakina hizkuntzaren gai hau politikoa dela. Gure benetako politikaren muina hori da: euskararen komunitatea biziberritzeko bermea. Azkenean politika boterearen gestioa da. Gaur egun botere sareez hitz egin behar da. Estatua botere sare nagusia da, zalantzarik gabe, bortxaren monopolioan oinarritua.

Aurrera begira zer

  • Gehiago tiratzen dit pentsamendu artikulagarriak artikulugarriak baino. Eraikuntza artikulatzeko pentsamendua ehundu behar dela iruditzen zait, praktika kolektiboetatik ikasten duena, aldatzen dena. Pentsamendu artikulugarria bada aski hemen, iritzi emaile, tertuliano eta zutabegile ugari, baina horrek ez du esan nahi pentsamendu artikulatu eraikitzailea sortzen ari garenik.

Erantzun

Sartu